Friday, September 30, 2011

ANTXON BANDRES ETA TROIKA

Antxon eta bera maite genuen lagun guztiongandik gertuago sentiarazi gaituzten hitz eder hauek bidali zizkigun Juantxok bart. Hitzekin batera berak moldatutako Habaneraren doinuak, Antxon elizkizunean agurtzeko erabilitako doinu bera. Juantxori zuek guztiokin konpartitzeko irudi eta sentimenduak zirela esan diot eta halaxe, tokia egin diegu hemen, NYn.


TROIKA

Gaur Antxon agurtu dugu.


Eguerdiko ordu batean Tolosako kanposantuan izan da. Egun zoragarria, argia, bero. Abuztukoa irailekoa bainoago zirudien eguna. Argitsua, parez pare berak hainbeste maite zituen mendiak. Ni kanposantura heldu naizenean "Et incarnatus" orkestrako 10-12 bat kide TROIKA iƱauterietako habanera ederra entsaiatzen eguzkipean. Hunkituta. Irundik, Donostiatik, Errenteriatik ostegun goiza libre hartu eta hona etorri dira apenas ezagutzen ez zuten gizon baten lurperatzean beren musika eskaintzera.


Urtean behin izaten zuten Antxonen berri Iraolako zuloan, Solstizio kontzertuan, gure buruari urtero egiten diogun omenalditxoan. "Izan direnen, direnen eta etorriko direnen" omenez, eguzkiaren eta bizitzaren gorazarre uda hasieran egiten dugun ekitaldi xumean. Mendez mende zutik dirauen pagadiaren altzoan -gure ondorengoek izango al dute gure zorte bera?-. Gizakion bizitzaren ikusle mutu diren pago hauen magalean. Metafora polita, baino errealitateak batzuetan -gaur adibidez- ekaineko argitasun haren sakontasuna benetakoa dela gogora arazten digu. Ez gara betirako eta batzuk badoaz. Nahi baino lasterrago gainera. Gaur bezala.

Eta zenbat horrelako egingo zituen Antxonek bere bizitzan? Zenbat solstizio? "Benga Robinxon, noiz goaz? Zer egin behar da?" "Todoterrenoa" hartu, musika-tresnak sartu, aurreko astean segadorarekin garoa ebaki lokaztutako zorua egokitzeko, otordua prestatu. Kristian belarra jasotzen...Euria ari duela, "goazen ireki berri duten Urkizuko elkartera!". Ez zen ez geldik egotekoa, ez.
Eta zenbat solstizio desberdin bere bizitzan. Seguraski Marijosek baino ez ditu jakingo.

TROIKA jendea hilobirantz zihoanean eta TROIKA jendeak hilobia utzi duenean.

Kantuaren lehen notak entzun eta denok ulertu dugu. Antxon da. Nork bestela antolatuko zuen horrelako kontzertua berriro ere antzokietatik kanpora?

Zenbat pentsamendu eta malko gaur goizean; zenbat jende, ze desberdin, baina denak pasioren bat edo bestek bultzatuak. Mendia, musika, elkarteak, iƱauteriak, gabonak...PASIOA zen Antxonena. Pasioz bizi denak, pasio horren pareko harremanak eta gozamenak sortzen ditu, baina hau falta denean tamaina berekoa da hutsunea. Gure hutsunea. Gaurkoa.

Eta bitartean TROIKA eguzkipean, iraileko eguzkipean, eta Antxon ikusi dugu mendi maldaren batean, edo... Tolosako Berdura plazan zen? Habanera goxo bat dantzatzen.

2011eko IRAILAK 29

Juantxo Zeberio Etxetxipia

HABANERA

Wednesday, September 28, 2011

AGUR LAGUN HANDIA

Egun tristea gaurkoa.


Pertsona handi bat joan zaigu, lagun handi bat.


Gogoan dut zein ilusioa egin zizun Iruinean topatu ginenean Ixa, Juantxo, zu eta laurok mendiko medikuntzako kongresu batean. Jende guztiari esaten zenion (ponenteak, adituak…), "Begira, hauek Tolosako nire lagunak dira" . Kongresuari amaiera emateko Aunamendira igo ginen eskiekin; nola disfrutatzen zenuen horrelakoetan!


Hogei urtetik gora pasa dira egun haietatik.


Urte guzti hauetan, zu gehiago ezagutzeko suertea izan dugu. Zure eskuzabaltasunaren lekuko zuzena izan gara, zure jakintza anitzekin ikasi dugu eta jakiteko eta ikasteko zure gogo amaigabeaz pittin bat kutsatu gaituzu. Federazioan zure ondoan emandako urteak gogorrak izan ziren, lan hadia egin genuen, musutruk noski, eta askotan esker txarreko hitzak entzunez. Baina zu, horren guztiaren jakitun izanda ere (ez zinen alperrik horren aurretik beste 4 urte Lehendakari izan) horren gainetik zinen. Bazenekien egin beharreko lana zela, norbaitek ardura hori hartu behar zuela eta horregatik heldu zenion erronkari gazte talde batez inguratuta. Asko ikasi nuen zure ondoan 4 urte horietan. Nola ahaztu Formigal inguruko mendi irteerak, eskiko txapelketak, solstizioko kontzertua…


Besarkada handi bat asko maite zaituen familia guzti honen partetik, Antxon!


Gizon handi baten ondoan emakume are eta handiagoa egoten da maiz, hori zu zara Mari Jose. Zuri eta Cristiani gure maitasun eta indar guztia bidaltzen dizuegu une latz hauetan: zuekin gaude une oro.


Maite zaituzten,

Maren, Eunate, Libe, Ander, Xabier, Ixa eta Andu



Wednesday, September 21, 2011

ASTE GOGORRA

Nekatu xamar gabiltza.

Eguneroko erritmoa ez da batere makala. Goizeko zazpiretan jeikitzen gara denok, Libe, Ander eta Xabier 7:50etarako eskolan egon behar baitute indartze saioetarako. Xabier gaixoa, egunero negarrez uzten dugu. Besteak ez dituzte bere kezkak horrela azaleratzen, baina pentatzen dut gogorra egingo zaiela baita ere. Egia esan, arratsaldeko hiruretan bila joaten natzaienean oso pozik egoten dira denak, hitza bata besteari kenduz goizeko abentura guztiak kontatu nahian.

Eskolan bazkaltzen dute (Xabierrek gehienetan ez du mokadurik jaten). Nahiko otordu xelebreak izaten dira diotenez, hamburgerra, pizza, oilasko xerratxoak, sandwichak... eta fruta aleren bat. Mcdonalseko menuen antza dutela ezin uka, osasuntsugoak izango ote dira!

Eskolatik bueltan batzuetan goseak egoten dira eta bazpadaere zerbait pretatuta izaten dugu. Lauetarako etxerako lanekin haten gara, eta neurria hartuko diogula espero dut, baina momentuz, bi ordutik gora aritzen gara jo ta su, google transletorra gora eta behera. Ixaskun iristen denean (bostak eta seiak bitartean) opari ederra izaten du zai. Marenen eta Eunateren lanik zaienak (Tolstoiren testu bat, Indenpendentzi gerra...) zelofan gorrian bilduak (je,je).

Eskolan hasi zirenetik lan egun gehienak horrela doaz, atseden handirik gabe eta jolas eta jarduera fisiko gutxi xamar eginez. Ea lehen bait lehen bukatzen dugun egokitze aldi hau! Erritmo honekin ezin izango baitugu luzaro jarraitu!

Azken asteburua berriz, bizitza sozial handikoa izan zen. Ostiral arratsadean, City University of New Yorken Atxagaren izena eramango duen Euskal hizkuntzaren katedra berriaren inaugurazio ekitaldian izan ginen. Atxagak berak heman zuen hitzaldia interesgarria izan zen oso eta euskara eta euskal kulturaren inguruan honako hau esan zuen «Esistitzea ez da nahikoa. zeure burua ikustarazi behar duzu. Horregatik, mapan jarri behar da». Nik neurera ekarri nuen, blog honetara, hemen ari naiz ni gure bizipenak kontatzen; konturatu gabe gure abenturatxo hau eskala txikiko mapa batean kokatzen. Dena den, blog honen izate nagusia zuei gure bizipenen berri ematea besterik ez da, zuek ere pittin bat zeuena egin dezazuen esperientzi hau. Horregatik, zuen komentarioak egitera animatu nahi zaituztet. Bestela batzuetan bakarrizketa batean arituko banintz bezala sentitzen bainaiz. Nahi duzuena: idatzitakoa komentatu, bideoari buruz zerbait, galderaren bat... (gogorregi ez nazazue astindu eh!) Joan etorriko bloga izatea gustatuko litzaidake.
Ostiral arratsaldera bueltatuz, oso tarte atsegina igaro genuen, euskaldun eta euskal mundua maite duen jende askoren artean. Oso giro etxekoian izan ginen.

Larunbatean berriz Pedrok eta Stephiek Pedroren jefe txiletarra, bere emaztea eta bi alabekin bazkaltzera gonbidatu gintuzten. Lau bat urte daramatzate hemen eta gustura entzun genituen bere esperientziak.

Igandean zerbait aktiboa egiteko beharra genuen eta erosi ditugun bigarren eskuko (ia berriak) patinak hartu eta Hudson River ertzeko paseotik 145. streetetik 10.enera joan ginen. Zoragarria (bideoa ikusi). Ondoren Igor Susaetarekin geldituak ginen. Igor Urretxuarra da eta ia urtebete darama hemen. Berriako lana tarte baterako utzi eta New Yorkera. Esperientzi interesgarri eta gogorra berea. Lan gogorretan aritu da eta azken aldian PEDICAB bezala dabil, turistak gurdi moduko batean eramaten! Euskal etxean gelditu ginen eta ederki pasa genuen bere istorioak eta bertan zeuden beste euskaldunekin kontu-kontari (Itziar, bertan 24 urte daraman Andoaindarra; Julen 10 urte zituenetik hemen dagoen Bakiotarra eta Aitzol, USAn bost urte daramatzan Donostiarra).
Igorrek blog interesgarria eta oso ondo idatzia du (honez gero nahiko mardula. Bina sarrera astero ia urtebetean, pentsa) Bisita bat egitea merezi du (klikatu).

ORAINDIK EZ DUT BIDEOA EGIN, EA BIHARKO EGITEN DUDAN!

Friday, September 16, 2011

TEN YEARS LATER

Egun berezia inondik ere irailaren hamaikakoa. Nor ez da gogoratzen non eta zertan ari zen orain dela hamar urte?
Eta gauzak nola diren, nok esango zigun guri hilabete batzuk lehenago gaurko eguna hemen igaroko genuela.

Goizeko hamarretan midtown-eko kaleak jendez mukuru egoten dira egunero. Gaur berriz, ia ez dabil inor, taxi hori bakan batzuk kale hutsetan barrena. Ospakizun ofizial guztiak "Zero zone" inguruan dira; mundu guztia telebisioari begira egongo da eta bertako asko hango kaleetan ibiliko dira seguruenik.

St. Patrickseko katedralera joateko egun egokia iruditu zaigu. New Yorkeko gotzaiak eman du meza, orkestra eta koroak lagunduta; egun handietan bezala. Elizaren erdigune osoa galaz jantzitako suhiltzaileak hartzen dute, dena oso solemnea eta hunkigarria. Jendearen txalo artean elizaren sarrera nagusitik irten dira suhiltzaileak. Estatu Batuetako txoko guztietatik etorritako suhiltzaile dotoreaz josita dago hiria. Egun hartan hildako guztiak aintzat hartuak badira ere, suhiltzaileak presentzia nabarmenagoa dute. Hirurehundik gora hil omen ziren. Garai hartako NYeko suhiltzaileen erdiak!

St. Patricksetik irten eta Broadway kaletik behera abiatu gara. Ohi baino jende gutxixeago dabil, baina hemen ez da asko antzematen egun berezia denik.

Zero Zonera, iritsi gara. Poliziaren presentzia ikaragarria da, txoko guztietatik dabiltza. Suhiltzaileak jadanik bere galazko trajeen botoiak askatzen hasi dira eta Hamburger-a edo hot dog-a eskuetan ikusi ditugu. Eguna luze doa. Inguruan oroitzapen adierazpen ugari ikusten ditugu eta gurea ere utzi dugu (umeek berehala anaitu gaituzte Estatu batuekin!).

Eta nola ez ba! Milloika pertsonen artean Tolosar batekin topatu gara! Juanfer Garcesekin. Bera eta Maider egun batzuetarako lanera etorriak dira.

Gaur Estatu Batuar askorentzat, oroimenaren gainetik agian, aberriaren goratze eta autoafirmazio eguna ere badela esango nuke. Giro honetan, bi tipo ausartekin topatu gara, gobernuaren hipokresiaz eta urte hauetan hartutako bidearekin oso kritiko mintzo dira. Jendeak entzun eta bere bidea jarraitzen du. Egoera hau pentsaezina iruditzen zait Euskal herrian (eta zer esanik ez Espainan). Nituen aurreiritzi asko goitik behera etorri zaizkit.

Battery Park aldera abiatu gara, bertan ekitaldi gehiago omen daude. Bidean umeentzat jolas ugari eskaintzen dituen parke batekin topatu gara eta bizi pozak lekua hartu dio berriz ere egun berezi honen giroari.

Bideoa igotzerakoan audioa aldatzeko eskatu dit. Pena da baina ez da nik hasieran egindakoa!





Tuesday, September 13, 2011

The first day at school

Pasa den ostegunean, irailak 8, lehenengo eskola eguna izan zen. Eskola, irakasle eta gelakide berriak, hizkuntza desberdina... uff, gauza gehiegi egoerari patxadaz aurre egiteko. Nola edo hala lehen egun hori pasa genuen (egia esan, umeek pasa zuten batez ere) eta orain, lau eskola egun pasa ondoren, lasaiago gaude denok.

Tuesday, September 6, 2011

MUNDU BAT HIRI BATEAN

Metroko linea batek mundu ezberdinetara eraman zaitzake minutu gutxiren buruan.

New York Cityko subwayko zazpigarren ibilbidea denboraren makinaren antza du.

Gran Central Terminal eder eta dotorean sartu eta pasiloen labirintotik zazpigarren nasara (euskaraz "anden" hitzak USeko espazioko agentziarena konpartitzen duela konturatu naiz, eta kasu honetan badu bidai kosmikoen antza) iritsi eta bultzada artean bagoian sartu gara. Bost minutu lehenago bosgarren abenidan ginen, denda dotoreak, modeloen argazki saioak, eraikuntza izugarriak, eta bapatean... metroak iluntasuna uzten du eta Queensen azaltzen da.

Alboetara begiratuta graffiti ederrez estalitako biltegiak eta atzean berriz Midtowneko (Manhattango erdialdea) ikuspegi paregabea azaltzen zaigu. Hamar minutuetan Jackson Heights auzora iristsi gara. Metroa Roosevelt Avenueren gainetik doa eta bere babespean mundu oso bat, indiarrak, hego ameriketako herri askotako lagun, txinatarrak... Sinesgaitza zaigu ordu bete lehenago non ginan eta orain non gauden!

Indiar jatetxe batean bazkaldu dugu (edo bazkaldu dut esan beharko nuke, gainontzeko mixkin hauek ez baitituzte jakiak probatu ere egin!) eta berriz ere metrora igo gara. Oso denbora laburrean Flushingera iritsi gara. Tenis zaleei Flushing Meadows izenak zerbait esango dizue ezta? Bai horixe, Us Open hemen jokatzen da! Partidurik ez dugu ikusi (sarrerak nahiko garestiak dira eta txikik bost minutura aspertuta egongo liratekelako) baina jokalarien entrenamendu saioak eta giroa ikustearekin nahikoa izan dugu.

Phileas foggen antzera sentitzen gara, baina munduari bira 80 egunetan eman beharrean lau orduetan eman diogu!