Tuesday, February 28, 2012

Hilabeteak aurrera doaz


Hilabeteak aurrera doaz eta oraindik blogean sarrera bat ere egin barik!
Gaur lanean astelehen petral horietako bat daukat, dena maldan gora.
Ez zaizkit ingelesez esaldiak nahi bezain txukun ateratzen, hau ez nuke honela adierazi nahi, beste hau ez dago oso argi....
Dena utzi eta ea euskeraz blogean zer edo zer idazteko gai ote naizen!

Gora behera handiz betetako hilabeteak izan dira, ez baita xamurra 5 semealabekin horrelako hiri interesgarri eta era berean estresante batean murgiltzea.
Askotan horrelako saltsetan zergatik sartu ote ginen galdetzen diot nere buruari.
Bestetan berriz horrelako "challenge"-rik gabe agian ez ginela gu izango ere iruditzen zait eta hartutako erabakiei aurre egin behar.

Aste hontan Maren eta Eunatek Unibertsoari buruz Museum of Natural History-n ikastaro bat egin dute.
Ostiralean planetarioan jende aurrean izugarri aurkezpen ederra egin zuten eta haiek entzutean, bide hontan igarotako momentu ilun guztiak ahaztu eta egin duten lan eta esfortzu guztiaren truke uzta bikaina jasotzen ari direla sentitu nuen.
Gaur Siva antolatzaileetako batek e-mail hau bidali die Maren eta Eunateri: "Thanks so much for your creativity and hard work last week — we were so proud of your sophisticated, creative space shows. You were such a fun, intelligent people to work with!"

NY-ek gure etxean lagun askori ongietorria egiteko aukera ematen ari digu eta hori ere izugarri esperientzia ederra izaten ari da. Hemen ez bagina, bisitan etorri zaizkigun lagun eta familikideekin horrelako elkarbizitza estua izatea ez litzateke posible izango.
Aste hontan "kafesne" eta Simon izan ditugu. Jende atsegin eta interesgarria.
Beraiekin berriro leku berriak ezagutzeko, kontzertutxoren bat entzuteko (Lincoln Center -en Jazz eta flamenko el niƱo Joselekin) eta afari eta tertulia ederrak egiteko aukera izan dugu.
Atzo agurtu ondoren berriro ere pittin bat umezurtz eta "homesick" sentitu ginen...

Hilabete hontan osaba Josetxo ere joan zaigu.
Ozeanoaren beste aldean urruti sentitu gara, gorputza hemen eta gogoa han.
Gure nahigabea ezin izan dugu horrenbeste maite ditugun izeba Gertrud eta lehengusuekin besarkada batean adierazi. Gizon on baten arrastoa utzi digu eta horrek pakez bete gaitu.

Ihauterietako doinuak ere izan ditugu etxean.
Amonak bidalitako Amianoko apaingarriak gure semealabek bereala zintzilikatu zituzten etxean. Aste Santu arte bertan utziko ditugu.
Marenek meatxu egin ditu: "Galtzen ditudan azken ihauteriak izango direla espero det!"
Xabier anaiak bidalitako argazkiegin nahiko par egin dugu: "Ruedoari azken buelta"/ "Ronkalesako kobradorea eta San ferminetatik gaupasan bueltan zetorren bidaiaria"....

Eta orain udaberriaren zain.

Hilabete hontan lanean, bukatzea espero dudan bi proiektu interesgarri ditut esku artean.
Izugarri ikasten ari naiz.
Jende interesgarri askoz inguratuta nago. Hasiera, batez ere nere txokoa bilatu bitartean, gogorra izan da.
Orain ni ere "Team"-eko beste bat bezala sentiarazten naute.
USA-k baditu kritikagarri diren gauza asko, bainan beraiengatik zientzia eta lan munduan ikasteko asko dugula iruditzen zait.
Aste hontan Amaia Lujambio gure lagun Goizuetarrak "Nature" errebistan sekulako artikulua idatzi du ("The microcosmos of Cancer" Nature 2012;482: 347-355).
Bejondeiola! Hori zientzilari oso gutxien esku dago.
Horrek hainbat inbidi, Martxoaren 18an NY City-ko Maratoi erdian egingo duen markak ematen dit...

Eta bukatzeko Anduri nere esker ona.
Bere laguntza eta maitasunik gabe guzti hau ez bait litzateke posible...

Izaskun Zeberio 


Thursday, January 26, 2012

Errutina

Gure eguneroko bizitzak Tolosan egiten genuerarekin antza handia du une honetan. Goizean-goiz jeiki eta lehenengo unetik borrokan hasi, seme-alabak dauzkazuenok badakizue zer izaten den goizeko zurrunbilo hori (jeiki, gosaldu, jantzi, hortzak garbitu, garaiz irten…). Ondoren, ni etxean gelditzen naiz lanean (itxura hartzen hasi da jada egiten ari naizen proiektuak) eta Ixa hospitalera (berak txoratzen jarraitzen du). Hiruretan umeen bila (aurki ezin izango dut "ume" esan!) eta arratsaldetan hemen ibiltzen gara etxerako lanak gora eta behera. Egia esan geroz eta autonomoagoak dira baina oraindik zenbait gauzekin laguntza pixka bat behar izaten dute. Negua lehorra baino oso hotza doa eta ordu asko ematen ditugu etxean sartuta, eta horrenbeste jende eta horren behar desberdinekin… ba bai, tarteka txinpartak ateratzen dira.
Asteburuetan saiatzen gara toki berriak ezagutzen baino, patxara pixka bat ere behar izaten dugu; ez gara urte osoa turisten gisa ibiliko ezta?

Ondorengo bideoa eguberrietako azken egunetako irudiekin egin dut. Musika Marenek aukeratu du…

Saturday, January 21, 2012

Elurra!

Gaur dena zuri-zuri esnatu da!
Oso ederra dago dena eta larunbata izanik festa handia umeentzak. Gure irlatxoan aldaparik ez dago ia, dagoen bakarra gure etxe aurrean izanik bertan bildu gara ume eta guraso eta gora eta behera ederki ibili gara, hoztu arte…

Gaurko bideoan 2011ko azken asteko ibiliak jaso ditut: Sara eta Aneren agurra, Juantxo, Irene, Mattin eta Malentxoren etorrera…



Saturday, January 14, 2012

Happy New Year

Happy New Year denori!

Azaroaren bukaeran eguraldi ederrez Central Parken patinatzen genbiltzala, Ixak ea beste urte bat geldituko ote ginatekeen galdetu zuen. Umeei ez zitzaien ideia txarra iruditu. Nik berriz, ezetz esan nuen, urtebeteko tartea nahikoa iruditzen zitzaidala esan nien. "Baino Aita, beste urte bete gelditzen bagea ingelesa primeran ikasiko deu!". Hortan uzti genuen hizketaldia. Abenduan bisita ugari izan ditugu eta eguberrietan Juantxo, Irene, Mattin eta Malentxoren bisitarekin burbuila batean bizi izan gara astebetez. Primeran ibili gara batera esta bestera, hemengo eta hango kontuak dantzan. Eta umeak zer esanik ez, pentsa, elkarrekin eta New Yorken! Baino agurtzeko unea iritsi zen eta Tolosako eta familaren haizea ekarri zigun lehioari ixteko garaia iritsi zitzaion. Agurraren tristura  berehala pasako zela pentsatzen nuen, baina arratsalde osoa  iraun zuen, eta afaltzeko garaian "zergatik ez gea lehenago joaten? "Nik ez dut uztailan hemen gelditu nahi, eskola bukatu eta Tolosara joan nahi dut" "Nik..." Ohituak ginen bizimodu honetara, baina familarekin elkartze horrek berriz ere gure "betiko" bizimodua ekarri zigun gogora eta denok pittin bat "homesick" sentitu ginen. Baina, egunerokoak ez du etenik eta berriz ere martxa hartuta gaude. Burua, bihotza eta gorputzak toki berean daude berriz ere.

Abendu parteko eskolako jaialdiak, nesken atletismoko txapelketa, Euskal Etxeko Olentzeroren etorrera...  bildu ditut ondorengo bideoan.  Eguberrietako bideoa hurrengo baterako utziko dut.


Saturday, December 24, 2011

Merry Christmas

Ez da erraza horrelako lanak txintxo-txintxo aurrera eramatea. Denbora, zer konta, aldartea, inspirazioa... hori guztia behar izaten da, eta batzutan... ba ezin.

Gauza asko pasa dira azken hilabetean.

Thanksgiving pasa eta berehala gabonak prestatzen hasi ziren hemen, bueno, han ere hau ez da berria, geroz eta azkarrago hasten dira/gara  argiak eta musika kaleetan jartzen.

Xabi eta Laida hemen izan genituen abendu hasieran, asteburuan beraiekin hiriaz gozatu genuen, astean zehar berriz gu gure eginkizunetara eta ezin denbora gehiegi elkarrekin pasa, baino gauero tertuli goxo eta atseginak izan genituen eguneko kontakizunekin, hango berrik, bakoitzaren kezkak eta ilusioak...

Hogeiean Anderren urtebetezea izan zen, zortzi urteko gizontxoa daukagu etxean!

Azken astean Sara eta Ane dazkagu apopilo, Boisen lau hilabeteko "Erasmusa" egin ondoren etxera bueltan bisita egitera etorri zaizkigu, bueno, eta bide batez New York ezagutzera ere. Oraindik hemen daude eta gurekin ppasako dituzte eguberriko egun hauek. Oso jatorrak eta alaiak izateaz gain eredu ederra dira gure seme alabentzat, gustua ematen du horrelako gazteak atzetik datozela ikusteak!

Egun hauek ahalik eta hobetoen pasa itzazue eta ea martxa hartzen dudan berriz ere eta astero lehiotxo hau irekitzeko gai ote naizen.

Besarkada handi bat denontzat eta bereziki egun hauek arrazoi bat edo besterengatik hutsune edo tristeziren bat barruan duzuen lagun guztientzat. Ea denok gai garen laino tartetik argia ikusteko eta etorkizuna itsaropenez ikusteko!

Merry Christmas.

Gaurko bideoan Xabiren argazki asko sartu ditut, horrela kalitatea hobetzeaz gain ni ere tarteka azaldu naiz.

Saturday, November 26, 2011

THANKSGIVING DAY

Gauza eder asko ikusi ditugu azken hilabeteetan eta... ikusteko gelditzen zaizkigunak! Baino gertatu zaigun gauzarik ederrena ezagutu dugun jendea eta jaso dugun babesa izan da. Iritsi aurretik telefonoz zein e-mailez hartu eman dexente izan genuen Pedrorekin (New Yorken lau urte daramatzan Tolosako gazte ausart eta jatorra), Patxi eta Jaionerekin (NYn 10 urtetik gora daramatzaten Donostiako bikotea) eta Inaki Bastarrikarekin (New Jerseyen 25 urtetik gora daramatzana, mundu guztian zehar ibili dena eta bere bizitzarekin liburu mardul eta eder bat idatzi daitekeen Tolosarra -egunen batean baimena eskatuko diot eta luzeago idatziko dut bere istorioei buruz-). Hemen ginela, David eta Iranzu (Bilbotarra eta Larrasoainar bikotea) bere alaba Leirekin iritsi ziren New Yorkera eta beraiekin ere astero hitzorduren bat izaten dugu.

Pedrok eta Stephiek hasierako egunak askoz ere xamurragoak egiteaz gain (koltxoi puzgarriak erosi, erosketak non egin azaldu, hamaika gonbite piszinara, afari-meriendak egitera, barbakoak...) orain ere astero-astero bisitan etortzen zaizkigu, Maren eta Eunateri etxeko lanekin laguntzen diete... hor egoten dira beti. Mila esker!

Davidek eta Irantzuk umeak hartu dizkigute hauek jai izan dutenean eta Ixaskunek eta biok lana izan dugunean, etxeko lanekin lagundu diete ere eta hor egoten dira beti laguntza emateko prest. Mila esker!

Patxik eta Jaionek asko animatu gintuzten etorri aurretik, eta zalantza asko genituenean ere (pisua non alokatu, nola...) erabiak hartzen ere. Hemen ginenetik kontaktuan jarraitu badugu ere ez dugu aukera handiegirik izan beraiekin elkartzeko (nesken urtebetetzera etorri ziren bere seme Julenekin) baina pasa den igandean bere etxera gonbidatu gintuzten eta egun zoragarria pasa genuen, Queens-eko Forest Hills Gardens-en (lotura ingelesez dago baina gazteleraz ere jarri daiteke) bizi dira,  auzoa 1900 inguruan eraiki zen Tudor estiloarekin eta zinez ederra eta ikusgarria da. Tertuli eder eta interesgarrain pasa genuen eguna eta hauteskundeen emaitzen zapore gazi-gozoarekin etxerako itzulia egin genuen. Mila esker!

Pasa den ostegunean Thanksgiving Day ospatu genuen (urteko egunik seinalatuenetakoa da);  familiak elkartzen dira eta Turkey (Indioilarra) famatua jaten dute. Guk famili zoragarri baten babesean ospatzeko suertea izan dugu. Konta ezinak dira Inaki Bastarrikarekin hitz egin dugun aldiak. Oso maiz deitu izan digu, zerbait behar ote genuen, zer moduz ginen, gu ezagutzeko gogo handia zuela esateko... Eta noiz, Thanksgiving Day baino egun hoberik elkar ezagutzeko? Inaki, New Jerseyeko South Brunswick herrian bizi da bere emazte Ruthekin. Goizean goiz trena hartu eta 50 minuturen bueltan hango estazioan topatu ginen berarekin. Agur goxo eta atsegina egin zigun, autoa hartu eta mundu berri baten barrena abiatu ginen, baso zabalak, famili bakarreko etxeak, urbanizazio dotereak... inguru ederra. Hemen autoa ezinbestekoa da, bizlagunaren etxera joateko ez bada, beste guztirako beharrezkoa da. Amaya, Inakiren eta Ruthen alabaren etxean pasa genuen eguna, bere Senar Brett eta Juliana eta Tommy bere seme-alabekin. Jose (beste semea) eta Jill, bere hiru semeekin, Kyle, Aidan eta Jack ere gurekin izan ziren. Jaki zoragarriak prestatu zituzten (Turkey famatua nagusi izan zen noski!) eta eguna jan-edanean eta giro ezin hobean joan zitzaigun. Gaua berriz Gloria (alaba) eta Cherylen etxean pasa genuen (hauek Noah izeneko mutikoa dute). Goizean gosari aparta egin ondoren Princeton Unibertsitateko kanpusa ikustera joan ginen (bizi diren tokitik oso gertu dago). Unibertsitatea 1748an hasi zen lanean eta garai hartan eraikitako inguruan ibili ginen; zoragarria! Estatu Batuetako unibertsitate hobenetarikoa omen da, bertan zenbait Nobel saridunak irakasteaz gain Albert Einstein ere irakasleen artean egon zen. Mila esker Inaki, Ruth, Amaya, Brett, Jose, Jill, Gloria eta Cheryll! Eta marrubizko muxuak Tomy, Juliana, Kyle, Aidan, Jack eta Noahrentzat!

Eta eskerrak emateko garaia izanik, nola ahaztu familiakoak eta lagunak, idatziz, skypen bitartez edo besterik gabe gurekin maiz gogoratzen zaretenak eta horrebeste indar bidaltzen dizkiguzuenak. Mila esker denoi!