Hemen duzue Joxemi Saizarrek Hitzarako egin digun elkarrizketa. Berak galderak bidali dizkigu eta guk idatziz erantzun. Gehiago luza gintezkeen baino agian aurrerago ata atalka egiten saiatuko naiz.
-
Nolatan
animatu zineten New Yorkera joateko?
Izaskunen
aspaldiko ametsa familia osoa atzerrira joatea zen eta urte batzuk
zeramatzan aukera ezberdinak aztertzen. Dena den, seme-alabak txikiak
zirela eta nik traba ugari ikusten nituen eta gaia atzeratuz joan
ginen. Orain dela bost bat urte ametsa egia bihurtzen hasteko garaia
zela ikusi genuen. Horretarako Izaskun egonaldi interesgarria
eskainiko zion ospitale baten bila hasi zen eta ni nire aldetik,
baimen ordaindu bat lortzeko aukerak handituko nituelakoan,
doktoradutza egiteko bidea hasi nintzen. Gauzak horrela orain dela
hiru urte Izaskunek New Yorkeko Memorial Sloan-Ketterin Cancer Center
ospitalean elkarrizketa bat egiteko aukera izan zuen. Urte beteko
egonaldia egiteko eskaintza egin zioten eta ondoren, hemen ginelarik
beste urte beterako luzatzeko aukera eman zioten.
-
Zein
zailtasun izan zenituzten?
Estatu
Batuetara hiru ilabete baino denbora luzeagoz etortzeko asmoa izanez
gero bisadua behar da eta hori lortzeko dokumentazioa hemen egongo
zaren lantokiak, ikastetxeak edo unibertsitateak bideratu behar dizu.
Hau izan zen lehen pausua. Ondoren pisu baten bila hasi ginen eta
azken unerarte ez genuen ezer topatu, eta topatu genuenean kontuak
egin genituen eta diruz oso-oso larri ibiliko ginela ohartu ginen,
hemen pisu bat alokatzea ikaragarri garestia baita. Hala ere aurrera
egitea erabaki genuen. Behin hemen ginelarik lehengo bi egunetan
pisua hutsik zegoen eta gaizki ulertu baten ondorioz argindarrik gabe
ere egon ginen. Bidai eta aldaketaren urduritasunaz gain lehengo bi
egun horiek iritsiera gogor xamarra egin zuten. Hortik aurrera
zailtasunak-zailtasun, dena hobera joan da.
-
Zertan
ari zarete lanean edota ikasten?
IXA:
Ni hematologian aditua naiz eta hemen hezur muineko edo odoleko
zelula amen trasplante unitatean lan egiten dut. Memorial
Sloan-Ketterin ospitalea odoleko zelula amen trasplantean Estatu
Batuetako onenetarikoa da. Urtean 400 bat trasplante egiten dituzte
eta sekulako ikerkuntza proiektuak dituzte. Hona emaile konpatiblerik
ez duten gaixoentzako trasplante teknika berriak ikastera etorri
nintzen. Bereziki zilbor esteko zelula amen trasplantean ari naiz
lanean.
Andu:
Nik lehendabiziko urtean Eusko Jaurlaritzak material didaktikoa
sortzeko eskaintzen dituen beketako bat irabazi nuen eta ariketa
fisikoa eta osasunaren inguruko web horri didaktiko bat egin nuen.
Norbaitek ikusi eta erabili nahi izan balu, hau da helbidea:
https://sites.google.com/site/gureosasunahobetudezagun/
Aurten
berriz, nire kabuz, entrenatzaile pertsonal gisa ari naiz. Oso
interesgarria suertatzen ari da. Mundu guztiko bezeroak izan ditut.
-
Zein
izan dira zuen bizipen nagusienak?
Eguneroko
bizitza “erosotik” ateratzeak kosta egiten du. Hasiera gogorra
izan zen. Herrialde berri bat, hizkuntza “ezezaguna”, lagunik edo
senitartekorik ez... Orain, atzera begiratzean eta konturatzean,
zerotik hasita berriz ere gure bizitza eraikitzeko gai izan garela
poz handia ematen du. Munduko txoko askotako lagun ugari egin
ditugu. Honek azalpentxo bat behar du. Manhatanen ondoan Roosevelt
Island izena duen irla txiki batean bizi gara, eta bere kokapena dela
eta (Nazio Batuetatik gertu eta bi unibertsitate eta ospitale
handietatik gertu dago) mundu guztiko jendea bizi da bertan. Ideia
bat egiteko, eskolan 56 herrialde ezberdineko ikasleak daude. Lagunaz
gain, hizkuntza berri bat txukun xamar ikasteak mundu berri batetarako
ateak irekitzen dizkizu.
Ixa:
nire kasuan famili eta lan bizipenak izugarri aberasgarriak izaten
ari dira. Ospitalean hasiera ez zen xamurra izan. Giroa oso
lehiakorra da, baina lan asko egin ondoren, izugarri baloratua
sentitu naiz. Egunero zer edo zer interesgarria ikasteko aukera
izaten ari naiz.
-
Urte
t,erdi baino gehiago daramazue. Espero zenutena aurki al duzue, bete
dira zuen itxaropenak?
Gure
hasierako asmoak, bi maila hartzen zuten, Izaskunen lana eta
formazioa eta familia bezala esperientzi berri bat bizitzea. Biak
izugarriak izaten ari dira.
-
Zer
egin zaizue harrigarrien horko bizimoduan?
Hemen,
toki guztietan bezala, bizimodu ugari daude eta zaila da orokortzea.
Gure eguneroko bizimodua ez da horrenbeste aldatu, eskola, lana,
kirolak, musika... Asteburuetan mendi bueltan bat egitea faltan
botatzen dugu, hori bai.
-
New
York handia da. Nola eragiten dizue horrek eguneroko bizimoduan?
Handi
izan arren metroan edozein tokira nahiko bizkor iristen zara. Gainera
esan bezala pasa den urtean seme-alabak bizitza osoa ia irlatik atera
gabe egiten zuten. Eskolara joateko adibidez bost minutu oinez
besterik ez dituzte behar. Aurten, gure alaba zaharrenak, Marenek,
Manhattango beste puntan dagoen eskola batetara joaten da eta 40
minutu inguru behar ditu metroz hara iristeko. Izaskunek 25 minutu
behar ditu lanera joateko, horretarako ikusmira paregabea duen
teleferikoa hartzen du eta gero 10 minutu oinez. Ni berriz, ahalik
eta gehien txirrinduz mugitzen naiz. Pentsa baino bide gorri gehiago
daude hemen. Bestaldetik, New Yorkek berde gune eta parke ugari ditu
eta horrek arnas handia ematen dio hiriari.
-
Hizkuntzarekin
nola moldatzen zarete? Seme-alabek zuek baino gehiago aurreratu al
dute?
Umeentzat
eta niretzat lehendabiziko hiru edo lau hilabeteak gogorrak izan
ziren. Izaskunentzat ere ez zen erraza izan, ingelesa jakin arren,
lan eremu batean erabat ingelesez aritu beharrak badu berea eta.
Orain berriz, sinestezina da gure seme-alabek ingelesa nola egiten
duten ikustea. Nire mintzalaguna (astean hiru aldiz elkartzen gara
eta ordu betez ingelesez eta ordu betez gazteleraz aritzen gara)
afaltzera gonbidatu nuen orain dela aste batzuk eta harrituta gelditu
zen, “zure seme-alabak diirela jakingo ez banu bertan jaiotakoak
zirela pentsatuko nuke” esan zidan. Nire kasuan, aurrerapen handia
egin dut (ez zen zaila!) eta orain nahiko txukun moldatzen naiz eta
Izaskunek ez du inongo arazorik. Garbi dago umeek guk baino gaitasun
handiagoa dutela hizkuntza berri bat ikasteko (eta beste edozein
gauza seguraski...) baino bestaldetik, beraiek inmersio ia erabatekoa
izan dute, eskolan 6 ordu, lagunekin ingelesez, etxeko lanak,
telebisioa... Gure kasuan berriz ordu gehiago pasa ditugu bakarrik
ingeleseko interakziorik izan gabe eta etxean euskaraz hitz egiten
jarraitu dugunez... ba zailagoa da beraien mailara iristea.
-
Hezkuntza
eta osasungintzan aritzen zarete lanean hemen. Zein desberdintasunak
ikusten dituzue alor horietan hor?
Osasungintza
hemen negozioa da eta ospitale gehienak pribatuak dira. Obamak
osasungintzako erreforma aurrera eramaten saiatzen ari da, Bush-en
garaitik gauzak asko obetu dira ( ez nahi adina!). Errekurtsorik ez
daukan jendeak “Medicare” badu eta horrek asistentiza mediko
oinarrizkoa bermatzen die. Hango osasungintza sistema izugarrizko
altxorra da eta zaindu egin behar dugu. Bestalde hemen ikerkuntzak
asistentzia klinikoarekin lotura estua du. Oinarrizko ikerlariak eta
medikuak elkarrekin lan egiten dute eta ikerkuntza eguneroko lanaren
atal bat da. Erizainei hemen ardura asko ematen zaizkie eta
medikuekin talde lana oso ondo antolatua daukate.
Hezkuntza
arloan nabarmentzekoa da arlo praktikoari ematen dioten garrantzia.
Ingelesa arloan adibidez hizkuntza tresna gisa ulertzen dute eta
tresna horren komunikatzeko lau bide nagusiak lantzen dituzte (hitz
egin, entzun, irakurri eta idatzi). Asko idazten dute, asko
irakurtzen dute eta ahozko aurkezpen ugari egin behar izaten dituzte.
Zientzia arloa oso-oso praktikoa da. Oso txikitatik metodo
zientifikoa erabiltzen hasten dira, bere ikerketa xumeak eginez.
Gutxiago gustatu zaiguna zera da, gizarten adibidez, ia erabat Estatu
Batuetan oinarritzen direla; atzerriko hizkuntzarik ez dute ikasten
eta Gorputz Hezkuntzari ez diote garrantzi handirik ematen (hau agian
gure eskolaren arazoa da, zeren Marenen eskola berrian soinketa oso
ondo antolatua dago). Bestaldetik urtero kanpoko ebaluaioak dituzte
eta horrek presio handia eragiten die bai eskoleei eta bai
irakasleei. Bukatzeko esan gure umeak dohainik diren eskola
publikoetara joan direla eta oso pozik gaudela izandako
esperientziarekin.
-
Denbora
azkar pasatzen ari al zaizue? Bisita asko izan dituzue. Horrek
laguntzen du edo herri mina handiagotzen du?
Denbora
beti pasatzen da azkar! Familarteko eta lagun ugari izan ditugu
bisitan eta beti ilusio handiz bizi izan dugu. Oso-oso ederra izan
da bisitan etorri deiren guztiekin izan dugun esperientzia. Gure
harremanak indartu dituelako sentsazioa dugu. Gauza bat da lagun eta
senitartekoekin Tolosan izan dezakegun harremana eta beste bat etxe
berean toki gehiegirik gabe elkar bizitza egin behar izatea. Benetan
aberasgarria izan dela. Hauek alde egiterakoan, eta batez ere
lehendabiziko urtean malko batzuk bota izan genituen, baino berehala
hemengo zereginetara bueltatu eta kitto. Lagunak eta senitartekoak
faltan bota ditugu baino herri min handirik ez dugu izan.
-
Itzultzeko
epearekin atera zineten. Horrek laguntzen du?
Zalantzarik
gabe. Ezin dugu sikiera imajinatu ere zer izango den zure bizimodua
atzean behartuta utzi behar izatea jakin gabe noizbait itzultzerik
izango ote duzun, buff! Orain dela ia bi urte Tolosatik irtetzean
tristura eta malko ugari egon arren abentura “eroso” bat hastera
gindoazela bagenekien. Lana, pisua, eskola... bizitza duin eta
interesgarria genuen aurrean. Honetaz gain bagenekien “gure”
Tolosako bizitza bertan gelditzen zela gure zai.
-
Gehien
gogoratzen duzuen hemengo janaria.
Hemen
denetarik topatu dugu baino hango arraia bota dugu faltan.
-
Hor
aurkitu duzuen janari berri gustokoa.
Hemen
mundu guztiko janaria topa daiteke, Japoneko eta Mexikoko janaria
modan dago (naiz eta seguraski hemen eskaintzen dutena hango benetako
sukaldearekin zerikusi gutxi izan...). Ezagutu arren lehen ez genuen
“guakamolea” egiteko ohitura eta orain maiz egiten dugu.
-
Gehien
gogoratzen duzuen hemengo lekua.
Aralar
eta iparraldeko kosta.
-
Hor
aurkitu duzuena.
Asko
daude, kotxerik ez dugu eta horrek asko mugatzen du, baino inguru hau
oso ederra da. New Yorken asko esango nituzke, baino bat
aukeratzekotan Brooklyn Bridgeko Brooklyngo aldeko parkeak eta
ikusmira esango nuke.
-
Newyorktarren
definizioa.
New
Yorkeko definizioa “mundu bat hiri batean” izan zitekeen. New
Yorken mundu guztiko jendea dago eta gehien gustatu zaiguna elkarren
arteko errespetua izan da. New Yorkeko jendeak ez oso atsegina
izatearen fama du, baino guk batez ere esperientzi positiboak izan
ditugu jende gehienarekin.
- Udan
itzultzekoak zaretela uste du. Hala al da edo luzatu egin behar duzue egonaldia?
Udan
bi urte beteko dira eta Izaskuni bertan gelditzeko aukera eskaini
dioten arren itzuli egingo gara.