Sunday, October 6, 2019

DOLOMITAK 2019. Ferrata delle Trincee (II).

Bide ikusgarria, Padoneko gandorra zeharkatuko dugu eta Mesolako tontorretik (2727 m.) igaroko gara. Marmoladako ferrata askotan bezala Gerra Handiaren (Lehen Mundu Gerra) aztarna ugari topatuko ditugu. Mendi hauek Austro-hungarriarren eta Italiarren arteko borroken lekuko izan ziren. Kasu honetan, bidearen izena berak arrasto bat ematen digu, Trincee, lubakia esan nahi baitu.
Bidea ez da zaila, baino ia 100 metroko horma tentea du hasieran eta ohiturarik ez duen jendearentzat traba gaindiezina izan daiteke. Padoneko gandorra, Marmolada eta Boé mendiguneen artean kokatzen da. Alde batera edo bestera, ikusmira zoragarria da.

























































Datu praktikoak:
  • Irteera puntua: Marmoladaren azpian dagoen Fedaia lakutik abiatuko gara. Rifugio Castiglioni Marmoladan ondoan utzi dezakegu autoa.
  • Gerturatzea: Bidea gurutzatu eta lakuaren presaren paretik irtetzen den bidetik gora abiatuko gara, 698 ibilbidea jarraituz, Porta Vescovo leporaino. Ekialdera nabarmen ikusiko dugu Ferrataren hasiera.

  • Ibilbidea: hasieran 100 metroetako horma tentea gaindituko dugu eta ondoren gandorra jarraituko dugu. Lehen lepora iritsita, bertan dagoen horratza batera igo gara.
  • Jeitsiera: bi auukera daude, gandor osoa egin eta Fedaia lakuaren beste muturrera jeitsi edo lubaki eta babes lekuetara iritsita, belazetatik zeharka, hasierara itzultzea. Guk bigarren aukera egin genuen.
  • Sarean topatutako wikilock-a: Ferrata delle Trincee

Tuesday, September 24, 2019

DOLOMITAK 2019. Bidaia (I)

Aspaldiko ametsak betetzen dira batzuetan. Gaztetan Dolomitetako paretekin amesten nuenean, ez nuen pentsatu ere egin, bertara egingo nuen lehen bisitan famila osoa joango ginenik.

Bidaia lasai egiteko asmoz  abiatu gara. Lehen egunean Montpelier ingurura iristeko asmotan abiatu gara. Bidean erabaki dugu lehen atsedenlekua, Saintes-Maries-de-la-Mer, Parc Naturel de Camargen kokatua. 6 edo 7 orduko bidaia honaino.

Bainu bat hartu eta ilunabar ederraz gozatzeko aukera izan dugu.





Hezegunez eta hegaztiz jositako inguru edera da Camargue eta Saintes Maries Andaluziako herri bat dirudi. Afalondoan herritik paseoan ibili gara eta taberna gehienetan flamenko jotzen zebiltzan taldeak ikusi ditugu.


Biharamunean, kanpinak jaso eta bidean jarri gara. 
Italiara sartu bezain laister itsas ertzeko herri batean bainu bat hartu, bokadilloak jan eta berriz ere martxan jarri gara. Bidean non gelditu aztertzen hasi gara eta Lago di Garda inguruko kanping guztiak bete beteak daude. Azkenean, eta ia kasualitatez aitortu behar dut, Cremonako herri kanpinean gelditu gara. Beste 6-7 orduko bidaia.
Ah ze sorpresa. Cremona herri zoragarria da eta gau horretan mugimendu handia zegoen kalean, musika, dantza, jokoak. Ederra benetan.







Cremonako alde zaharrean violinak egiten dituzten lutier ugari daude, Cremona ez da ba alferrik Antonio Stradivariren jaioterria. Paseoan genbiltzala erakuslehio baten aurrean geldtu naiz eta bertako lutierrak barrura sartzeko gonbitea egin digu. Yael Rosenblum izeneko lutierra. Hizketan hasi eta Ixaskunek bi anai arreba bibolin jole dituela esan dio eta bide batez hauei idatzi die. Hara non, Xabiri Cremonan egin ziotela bere bibolinetako bat eta kasualidadez, Jaelen lagun min batek. 

Bi aipamen praktikoak:
  • Herriko kanpigna (Parco al Po) mundiala da. Ibai ondoko zelaigune eder batean kokatua, Parco al Poren ertz batean.
  • Canpinetik gertu dagoen PizziKotto pitzerian, kate bat izan arren, ederki ospatu genuen gure lehen gaua Italian. Modun gainera.
Bidaiko hirugarren egunean Lago di Gardan egingo dugu geldialdia. Colombaren bazkaldu eta bainu bat hartu eta ondoren Sirmioneko lur muturra bisitatu dugu. Toki aparta baino jendez josita zegoen.



Hemendik, zuzenean gure oinarrizko kanpalekura izango zen Feder (Belluno) herri zoragarrira abiatu ginen. Lau ordu inguruko bidaia autoz.

Bidaiaren laburpena:
  • Tolosa-Sainte Maries de la Mer, 6-7 ordu.
  • Sainte Maries de la Mer-Cremona, 6-7 ordu.
  • Cremona-Feder (Belluno), 4 ordu.


Saturday, December 30, 2017

YUKON. Urre bilatzaileen arrastoei jarraituz.


Yukon Lurraldearen hiriburuan gaude, Whitehorsen, Kanadako ipar mendebaldean.

Lagun talde bitxia osatu dugu bidai honetarako. Gazteenak, Eunatek, 16 urte ditu, ondoren Mattin dator, 17, Aitor 23, Nagore 36, ni neu 48, Josu 58, Ane 59 eta Alito 64. Batzuk ez dugu elkar ezagutzen. Josu da elkartzean gaituena, denok bere lagunak gara eta berak banan-banan bidaia egitea proposatu digu.






Hona iritsi aurretik “The Chilkoot Trail” mendiko ibilaldia egin dugu Skagwayetik Benneteraino. Bide hau eginez hasi zuten beren odisea 1897ko udazkenean urre bila abiatu ziren 100.000 lagunek.



Benneten txalupak eraiki zituzten eta Dawson Cityraino Yukon ibaian behera jo zuten. Bide luzea eta arriskutsua. Laku luzeetako olatuetan eta Yukon ibaiko ur lasterretan ausart haietako askoren ametsak ito ziren betirako...



Gu, berriz, Bennetetik Whitehorsera trenez eta autobusez joan gara. Benneten bertan kanoak hartzea logistikoki oso zaila eta garestia zelako.



Euria goitik behera ari duela, jakiak eta beharko ditugun trasteak plastikozko bidoi estankoetan sartu ditugu, eta arropa, berriz, poltsa iragazgaitzetan. Datozen bi asteak uretan pasako ditugu eta funtsezkoa de dena ondo babestea. Hiru kanoatan dena ondo orekatu eta fardel guztiak behar bezala lotu ondoren, ibaian sartzeko prest gaude. Ibaiertzean korronte indartsuari begira isil-isilik gelditu gara. Blai eginda gaude eta hotz egiten du. Inork ez du ezer esaten baino gehienok zer demontre egiten ote dugun hemen galdetzen diogu geure buruari.



Kezkaz beterik kanoetan sartu eta bagoaz. Ibaiaren indarra nabaritzen dugu. Kanoak pentsatu baino egonkorragoak dira. Lehenengo arraunkadekin tripetako tximeletak uxatu ditugu eta aldartea alaitu zaigu. Arrano burusoilak inguruan hegan eta bide bazterreko zuhaitzetako adarretan zelatan ditugu. Konturatu orduko Whitehorseko azken etxeak atzean utzi ditugu eta gizakiaren aztarnarik gabeko paisaiaz inguraturik gaude. Atertu egin du eta korronte indartsuak lagunduta azkar goaz. Magikoa da dena eta pozak eragindako garrasiren bat ere bota dute gazteenek. Gaur, 55 kilometro luze dituen Laberge lakuan sartu aurretik geldituko gara.







Dena berria da eta gaua igarotzeko leku bila hasi garenean kezkak esnatu zaizkigu berriz ere. Kanoak ibai bazterrera eraman aurretik, lehendabizi toki egokia topatu behar dugu, ondoren denok ados jarri eta bukatzeko mugimendu guztiak ondo egin behar ditugu nahi dugun tokian gelditzeko eta kanoak ez iraultzeko. Unea iritsi da. Hondartza moduko bat ikusi eta, banan-banan, ondoren hamaika aldiz egingo ditugun lurreratzeko maniobrekin hasi gara. Lurrean salbu eta pozik gaude! Kanoak ur ertzetik atera eta egunero bi aldiz errepikatuko dugun erritualarekin hasi gara: kanoetatik dena atera, dendak jartzeko toki aproposa prestatu, dendak jarri, sua egiteko egurra bildu eta sua piztu, afaria prestatu...




Ordu luze baten ondoren eta kafe kikara bero bat eskuetan paradisuan sentitzen gara. Oso pozik gaude denok. Goizeko azken prestaketak eta estresa, ibaian sartu aurreko urduritasunak eta kezkak oso urrun gelditu dira eta bakoitzak gure barrenak hustutzeari ekin diogu, txantxa eta barre artean. Afaldu ondoren bihar aurretik dugun Laberge lakua izan dugu hizketagai. Urre bilatzaileentzat arrisku handienetakoa zen laku hori igarotzea. Bertako ura oso hotza da eta ia egunero olatu handiak eta haize zakarra altxatzen dira eguerditik aurrera. Goizeko 6:30etan jaiki eta gosaldu, kanpalekua jaso eta kanoak prestatu ondoren 8:00etarako irteteko prest gaude.




Arraunean hasi gara eta korrontea lagun berehala ikusi dugu ibaia zabaltzen. Labergen sartu gara. Itsasoan gaudela dirudi, aurretik ura besterik ez eta aldeetara begiratuta ere oso urrun antzematen dugu bestaldeko ertza. Urak oso lasai daude eta korronterik izan ez arren azkar goaz. Pozak, hala ere, ez du luze iraun. Olatuak altxatzen hasi dira eta arraunketa asko zaildu da. Ez dugu ia ezer aurreratzen. Atsedena hartzea erabaki dugu. Zerbait jan ondoren berriz ere uretan sartu gara. Olatuak pittin bat baretu badira ere haizea zakartu egin da eta arraun egitea are eta nekezagoa da. Bi ordu amaiezinen ondoren enbor lehorrez betetako harrizko hondartza batean gelditzea erabaki dugu. Mapak aztertuta hiru kilometro besterik ez ditugula aurreratu ikusi dugu. Lehertuta eta etsita gaude. Ingurura begiratuta umoreko jartzea ez zaigu batere zaila egin. Makal ederren basoa dugu atzealdean, ateri dago eta natura basati eta birjinaren erdian gaude. Zer gehiago eska genezake? Inguruko muino batera igo gara. Hartzen beldurra baretu bazaigu ere piper minaren espraia eskuetan daramagu badaezpada, eta erne goaz. Tontorretik lakuaren handitasunaz jabetu gara.




Olatuak eta haizea gaur zein goiz zakartu diren ikusita biharamunean oso goiz irtetea erabaki dugu. Bihar, laku osoa zeharkatzeko falta zaizkigun 35 kilometroak egin nahi ditugu.
Goizeko 5:30ean jaiki eta ilunpean abiatu gara. Hotz egiten du, 5ºC besterik ez. Behin arraunean hasita bizkor berotu gara, oinak izan ezik; kanoan oinak beti hotz. Lehendabiziko ordua zoragarria izan da. Arraunak ur bareak hausterakoan sortzen duen soinu lasaigarriak eta iluntasunean joateak oraindik ametsetan gaudela sinestarazten digu. Haizea esnatzearekin, ordea, gu ere errealitatera itzuli gara. Borroka egiteko eguna izango da gaurkoa ere! Ibaian mapekin kokatzea errazagoa da, baina lakuaren bazterrak ez digu erreferentzia garbirik eskaintzen eta GPSrik ekarri ez dugunez ez dakigu oso garbi non gauden. Bost ordu daramatzagu arraunean eta gure ustearen arabera oraindik 10 kilometro falta zaizkigu. Halako batean lurmutur bat zeharkatu eta lakuak jarraipenik ez duela ikusi dugu. Irteera antzematen ez badugu ere gertu behar du, hau poza! Sei orduren ondoren, ibaiaren indarra sumatzen hasi gara berriz ere. Ederra da arraunean egin gabe korronteak eramaten zaituela berriz ere sentitzea. Zati honetan Yukon ibaia nahiko estua da eta bihurgune asko ditu. Nekatuta egon arren ibaiak eskaintzen digun jolasari eutsi diogu. Hiru ordutan 40 kilometro egin ditugu. Ibaian igarotzen dugun hirugarren gaua bada ere, Chilkooteko egunak oso urrunak iruditzen zaizkigu. Ibaia eta oraina besterik ez dago geure buruetan. Liluratuta gaude.



Etorri aurretik Yukon ibaian behera joatea jarduera monotonoa izango zela pentsatzen nuen. Zein oker nengoen! Arraunkada bakoitza, ibaiaren kolorea, zerua, lainoak, paisaia, eguraldia... dena aldatzen da une oro.



Gauerdiero aurora borealak ikusteko ilusioarekin ateratzen naiz dendatik. Gaur ere atera naiz baina gau hotzak berehala uxatu nau eta zakuaren goxora itzuli naiz. Denbora gutxira Josuren garrasiek esnatu gaituzte: aurorak, aurorak!! Ziztu bizian zakuetatik irten gara eta erabat txundituta gelditu gara ikuskizunarekin. Naturaren fenomeno asko txundigarriak dira, baino zeruan sugar berdexkak dantzan ikusteak ez du parekorik. Ipar argiak itzaltzen hasi direnean errealitatera itzuli gara; izoztuta gaude eta presaka dendetan sartu gara.







Egunero 10 ordu inguru arraunean eman arren ibaiko bizitzak erabat asetzen nau. Dena oso erraza bihurtzen da. Kezka guztiak oso primarioak dira eta oinarrizko beharrei lotuta doaz. Jardueraren gozamenarekin gosea, nekea eta hotza bezalako sentsazioak nahasten dira eta kanpalekuko suaren irudia pizten dute gure pentsamenduetan. Arraunkada bakoitza sentsazioen halako errusiar mendia bihurtzen da.




Bihar "Five Fingers" ur bizietako pasartera iritsiko gara. Yukon ibaiak duen zati tekniko bakarra izanik, toki guztietan nabarmentzen dute modu berezian. Gida batean honako hau irakurri dugu: “ur laster arriskutsu hauen ondoren, poliziak sare moduko bat zabaltzen zuen ibaiaren alde batetik bestera, eroritako eta itotako jendea jaso eta identifikatu ahal izateko. Onik ateratzen zen urre bilatzaile bakoitzak zulo bat egin behar zuen eta gorpu haietako bat lurperatu”. Gauean ametsetan dantzan ibili ondoren, ibaian behera goaz berriz ere. Ur bizietara iritsi aurretik gelditu egin gara; den-dena ondo lotuta doala ziurtatu dugu enegarren aldiz eta zein hurrenkeran pasako garen erabaki dugu. Uste baino errazago pasa gara eta algara batean ospatu dugu.




Hartzak bidaia honetako kezka eta ilusio nagusietakoa izan dira eta oraindik ez dugu bat bera ere ikusi, nahiz eta denok ibai ertzak etengabe zelatatzen ditugun. Etsitzen hasiak ginenean Mattinek zerbait ikusi du ibaian. Hasieran zalantza egin dugu, enbor bat izango ote da? Hartza! Hartza da! Igerian doa ibaia alderik alde gurutzatu asmoz. Oso-oso gertu ikusi dugu eta emozioak gainezka egin digu. Eta gauzak zer diren, orain arte hartzik ikusi ez eta lehenengoa ikusi eta ordu betera bigarren hartz bat ikusi dugu ibaian igeri. Bigarren hau luzaroago egon da uretan, eta ibaiertzera iritsita ere lasai ederrean guri begira gelditu da. Ikaragarria izan da!





Dawsonera iristear gaude. Honez gero 9 gau egin ditugu ibaian. Une batzuetan euriarekin, haizearekin eta hotzarekin pittin bat sufritu badugu ere esperientzia gogoangarria izaten ari da. Azken kanpalekua atondu dugu eta arratsalde eguzkitsuaz gozatu dugu ibai ertzean lo kuluxka ederra eginez. Sentimendu nahasiak ditugu: pozik gaude Dawsonera iristear gaudelako baina era berean bidaiaren amaierara iristen ari garela konturatzen hasiak gara eta tristura apur bat ere sentitzen dugu...



Gauean aurorak ikusi ditugu berriz ere eta goiza orain arteko hotzena izan da, 2ºC zero azpitik. Ibaia zoragarri dago, laino lodi batek estaltzen du dena eta Labergeko eguneko oroitzapenak datozkigu gogora. Eguzkia lainoa desegiten ari da gutxinaka eta Yukon ibaiak azken oparia egin nahi digula sentitzen dugu denok. Gaur haizea alde dugu eta korronteak bizkor garamatza. Hala ere, gaur ez dugu presarik, azken arraunkada hauek sakon dastatu nahi ditugu.

Yukon ibaian behera 725 kilometro 10 egunetan egin ondoren Dawsonera iritsi gara. Kanoak lehorreratu eta besarkada estu eta goxoak eman dizkiogu elkarri. Azken erritualari ekin diogu. Kanpalekua atondu dugu azkenekoz.

Garai hartako odisearekin alderaturik gure bidaia oso arina izan da, baina adin oso desberdinetako zortzi lagunon oroimenean betirako geldituko zaizkigu sugarrez tindatutako ilunabarrak, sutondoaren usaina, auroren edertasuna, ibaiaren magia eta Klondike urrun honetan erein dugun laguntasuna, urrea bera baino askoz baliotsuagoa.











Saturday, August 20, 2016

Yukonen urrearen bila

1897an urre ugari topatu zen Yukon ibaiaren adarra den Klondike ibaian. Urte hartako uztailan urrea topatu zuten meatzariak San Franziskoko eta Seattleko kaietara iritsi ziren. Berria jakitean eta susmatu gabe ere zer topatuko zuten han jende asko abiatu zen Columbia Britainiarreko inguru basati eta galdu haietaruntz. Irailerako 10.000 lagun baino gehiago abiatu ziren Yukon urrun eta ezezagunaren bila. Bi edo hiru urteren buruan 60.000 ziren Klondike ibaira gerturatzen saiatu zirenak. Horietako asko eta asko bidean gelditu ziren, Yukon ibaiaren ur hotzetan itota, hotzak akabatuta edo besterik gabe, errealitateren zaplazteko galanta jaso ondoren amets ero hortatik esnatuta.

Ia 120 urte ondoren, zortzi lagunok garai hartako abenturazaleek egindako bidea errepikatu nahi dugu.  Alaskako Dyeatik abiatuko gara oinez eta aste baten buruan Kanadako Whitehorsera iritsi nahi genuke, bertan kanoetan Yukon ibaian behera abiatuko gara 750 kilometroetara dagoen Dawson herriraino iristeko asmotan, hemen, Klondike ibaiko urak Yukon handiarekin bat egiten dute.

Gu ez goaz urre bila, jakina, ilusio handiz prestatutako bidaiarekin eta urrearen balioko bizipenekin konformatuko gara.


San Franciskoko kaia 1897ko uztailan, lehen irteerak Yukon aldera.

Chilkoot Pass, "Golden stairs" 1898
Chilkoot Pass Trail. Oinezko zatia.
Yukon river








Saturday, July 27, 2013

Tolosarraknyn in The West. Part IX: San Francisco.


Even though we had very few time to visit the city of San Francisco, it was special. I have been meeting Jeff since october 2012, some weeks twice and some three times. I was looking for a conversation partner because I felt that the English courses I was taken there weren't enough in order to improve my conversation skills. I went to craiglist, a wonderful website where you can find almost everything, and I saw an ad. Jeff was looking for someone to talk spanish to. After 9 months we have become very good friends. We have spoken about politics, books, movies, sports, interesting places and things to do in the city and I don't know how many more subjects. It has been amazing and I think that both of us we have improved a lot. I know that you would be thinking how could be this story related to San Francisco. The point is that Jeff is from San Francisco.We went to visit his mother and, we spent one night at her home. It was good to meet Jeff's mother and to see where he spent his childhood.
And, what about San Francisco? As I told you we had only a few hours to visit it, but it was enough time to see how interesting is it. We visited Chinatown, different hills, Fisherman wharf, the cable cars or trolleys. We saw Alcatraz, the bay, the Golden Gate Bridge almost hidden behind the clouds...
And, thats it. After 13 days we took a plain from San Francisco to New York City and we finished a tiring but unforgettable trip.