Saturday, May 30, 2020

DOLOMITAK 2019 VII. Lagazuoi tontorra eta galeriak.

Lehen Mundu Gerran zehar, 1915 eta 1917 artean, Lagazuoi mendia, italiar eta austro-hungariar tropen arteko borroka bortitzen eszenatokia izan zen.  Tunel sare konplexuak eraiki zituzten Lagazuoi Piccoloaren barrunbeak zulatuta.
Austro-Hungariarrak mendi tontorrean gotortuak zeuden bitartean,  italiarrek, paretaren oinarritik tunel sare bat zulatu zuten mendi barruan, Piccolo Lagazuoiren tontorreraino, austro-hungariarrek goitik bonbardatzen zituzten bitartean.
Gaur egun, tunel hauek bisitatu ditzakegu eta gudu bertikal haiek irudika ditzakegu.  Bertan egin zen meategien ingeniaritza lana ikusgarri bezain harrigarria da.

Abiapuntua



Mendi tontorrera igotzeko bi aukera ditugu:
  • Funikularrez igo. Guk aukera hau hobestu genuen, goizean, Sass de Strian izan ginelako eta denborarik ez genuelako.
  • Funikularraren kableen azpitik irtetzen den pistatik abiatu eta ezkerreruntz abiatzen den "Sentiero atrezzato del Kaiserjargesteig" bidetik tontorreraino igo. Lotura honetan, ibilbide osoa ondo deskribatuta topatuko duzue. Denbora izanez gero, nik aukera hau hobetsiko nuke.
Sass de Stria mendiko txangoa egin ondoren, eguraldiak okerrera egin du. Zerbait jan dugu eta zalantzat sortu zaizkigu, hobeto esanda, familiako beste kide guztiei sortu zaizkie. Trumoiak entzun eta ekaitza gainean izan arren, nik ez nuen bertan egonda mendiaren erraietan orain dela 100 urte egindako pasadizoak ezagutzeko aukera galdu nahi.



Euria, haizea eta tximista artean, egin genuen funikularreko bidea. Goiko aterpean, berriz ere zalantzak... Aterune bat aprobetxatuz eta kezka pittin batekin abiatu ginen. Ehundaka metro egin behar dira lubaki tartean, Berrino tontorreruntz (sentiero 402), galerien hasierara iristeko.


Funikularraren goiko estazioko ikusmira ederra.








Lubakietan




Galerien sarrera


Galerien barruko aterpeak







Galerietako lehietako ikusmira
Galeriaren amaieran, eskuinetara dagoen seinale batek "Cengia Martini"ko norabidea adierazten digu.  "Cengia Martini",  horma erdian eta amildegiaren gainean dagoen erlaitz luzea da. Bertan, italiarren tropak gotortu ziren, austriarrek, mendiaren tontorretik erasotzen zituzten bitartean. 

"Cengia", eskuinera abiatuz eta kableei jarraituz igarotzen da.
Bukaeraldean, paretaren erdian eraikitako egurrezko aterpe ikusgarria dago.




Paretaren erdian kokazten den aterpe bitxia. 







Egindako bidean atzera eginez, hasierako tokira iritsiko gara.
Bertatik, azken tunelak gurutzatu eta hormatik irtengo gara.



Esperientzia gogoangarria eta guztiz gomendagarria.
Kaskoa eta frontalak beharrezkoak dira. 

Saturday, May 23, 2020

DOLOMITAK 2019 VI. Sass de Stria mendia 2477 m. Goiginger Tunnel eta Via ferrata Sottotenente Fusetti.

Sass de Stria oso mendi berezia da, bertan lehen gerra mundialeko aztarna ugari topatuko ditugu. Italiarren eta Austro-Hungariarren arteko borroka ugari eman ziren Dolomitetako inguru honetan eta lubaki eta galeriaz josita dago mendia.



Zaila egiten da orain dela 100 urte paisaia zoragarri hauetan bizi izan zen infernuaren tamainaz jabetzea, dauden aztarna ugari hauek berriz, urte haietan gertatutako tragedia eta soldadu haiek izandako baldintza izugarriak irudikatzen laguntzen dute.




Egindako jarduera hau fisikoki eta teknikoki arina bada ere, oso interesgarria iruditu zitzaigun.


Hasiera:

Parking Parcheggio passo Falzarego.



Guk autoa, Passo Falzarego baino pittin bat aurrera dagoen Valparola Parkingean (2168 m.) utzi genuen. Bertatik Sass de Striako tontorrerako ohiko bidea hasten da eta 40'tan tontorrera irritsi gaitezke.
Guk egin nahi genuen ferrataren hasiera, mendiaren bestaldean kokatzen da. Bertara joateko, mendiari itzuli osoa eman behar zaio hegoekialdetik.
Guk hori egin genuen, baino mendiari itzulia eman beharrean, bere erraiak zeharkatzen dituen Goiginger tuneletik barrena egin genuen gerturatze bidea.
Parkinetik, atzera egingo dugu, Passo Falzaregotik datorren bidearen paraleloan doan bidexkatik. Lepoaren paretik pasa arte ez dugu altuera gehiegirik hartuko, hortik aurrera, gorantz doazen bidexketatik, "galleria"ren hasierako zulora iritsiko gara (2255 m.). Beheko argazkian eskubiko banderatxoak sarreraren kokapena da. Beste bien arteko zatia, berriz, bide ferrata da.


Ibilbide osoa tontorreko zatirik gabe.


Sarrerako zuloaren bila

Goiginger Tunnel-aren sarrera.
Goiginger Tunnel





Tunelak 500 metro inguru ditu eta irteera, Sass de Striaren hegoaldeko ertzaen hasieran du, gutxi gora behera. Bertatik, iparmendebalderantz doan bidexka jarraituko dugu kilometro baten inguruan, ferrataren hasierara iritsi arte.

Tunelaren irteeran dauden lubakiak.
 Via ferrata Sottotenente Fusetti, nahiko laburra da eta bizkor egin daiteke.







Bide ferrata bukatu ondoren, Sass de Stria tontorrera bidean dauden lubakien laberintoan galdu ginen tontorrera iritsi arte.












Sass de Stria tontorra. Atzean Lagazzuio mendia.
Tontorretik atzera egin genuen lubakietatik barrena mendiaren ohiko ibilbidetik parkinera bertara iritsiz.

Goiz bukatu genuenez, ondoren Lagazzuiko galerietara joan ginen, eguna borobilduz.

Ibilbide osoko wikiloc-a. Tontorrerako bidea ez da azaltzen.

Goiginger Tunnel informazio osagarria.

Ferrataren informazio osagarria.



Sunday, May 17, 2020

DOLOMITAK 2019. Ferrata Giuseppe Olivieri, punta Anna (V)

Abiapuntua:
Rifugio Dibona. Passo Falzarego eta Cortina D'Ampezzo lotzen dituen bidean dago. Bertaraino autoz iritsi gaitezke.

Ibilbidea:





Dibona Aterpea, Tofana di Rozes (Ipar mendebaldera) eta Tofana de Pomedes (Iparrera) menditzar ikusgarrien azpian  dago kokatua. Bertatik, Rifugio di Pomedes aldera abiatuko gara (iparrerantz dona 421 ibilbidea).
Rifugio di Pomedesetik ipar ekialderuntz doan telesillaren bukaeraino igoko gara. Bertatik, Ferrataren hasierara (iparralderantz) doan bide zidorra erraz topatuko dugu.
Bertaraino ordu bete inguruan iritsi gara.

Ferrata honek bi aukera eskaintzen dizkigu, Punta Annara iritsi eta ezkerreruntz (Giussani aterperuntz) abiatzen den bidea hartu edo Tofana de Pomedes tontorreraino jarraitu ibilbidea nabarmen luzatuz. Guk lehen aukera hartzea erabaki genuen eta Punta Annatik zeharkaldi bat egin genuen harrikari zabal batetara iritsi arte. Bertatik, harrikaritik zuzen zuzenean beheruntz jo genuen ume txikiak bezala gozatuz. Bigarren aukera luzeagoa da eta lotura honetan ibilbide osoa, (Tofana de Pomedes-eraino) topatuko duzue.


Ibilbide aereoa eta gozagarria benetan. Gerturatzea luzeagoa duenez ia bakarrik ibili ginen ibilbide osoan zehar. Guztira 4 edo 5 ordutan egin daiteke.



Punta Annako ertza. Ferrataren ibilbidea bertatik doa.

Punta Annako ertza.


Ferrataren hasiera



























Ondorengo loturan, Tofana di Rozes tontorreraino doan, Ferrata Giovani Lipella ederki deskribatua topatuko duzue. Guk ez genuen egin, baino oso ederra omen da. Hurrengorako!!

https://www.cotoyapindia.com/2016/09/tofana-di-rozes.html