Saturday, November 26, 2011

THANKSGIVING DAY

Gauza eder asko ikusi ditugu azken hilabeteetan eta... ikusteko gelditzen zaizkigunak! Baino gertatu zaigun gauzarik ederrena ezagutu dugun jendea eta jaso dugun babesa izan da. Iritsi aurretik telefonoz zein e-mailez hartu eman dexente izan genuen Pedrorekin (New Yorken lau urte daramatzan Tolosako gazte ausart eta jatorra), Patxi eta Jaionerekin (NYn 10 urtetik gora daramatzaten Donostiako bikotea) eta Inaki Bastarrikarekin (New Jerseyen 25 urtetik gora daramatzana, mundu guztian zehar ibili dena eta bere bizitzarekin liburu mardul eta eder bat idatzi daitekeen Tolosarra -egunen batean baimena eskatuko diot eta luzeago idatziko dut bere istorioei buruz-). Hemen ginela, David eta Iranzu (Bilbotarra eta Larrasoainar bikotea) bere alaba Leirekin iritsi ziren New Yorkera eta beraiekin ere astero hitzorduren bat izaten dugu.

Pedrok eta Stephiek hasierako egunak askoz ere xamurragoak egiteaz gain (koltxoi puzgarriak erosi, erosketak non egin azaldu, hamaika gonbite piszinara, afari-meriendak egitera, barbakoak...) orain ere astero-astero bisitan etortzen zaizkigu, Maren eta Eunateri etxeko lanekin laguntzen diete... hor egoten dira beti. Mila esker!

Davidek eta Irantzuk umeak hartu dizkigute hauek jai izan dutenean eta Ixaskunek eta biok lana izan dugunean, etxeko lanekin lagundu diete ere eta hor egoten dira beti laguntza emateko prest. Mila esker!

Patxik eta Jaionek asko animatu gintuzten etorri aurretik, eta zalantza asko genituenean ere (pisua non alokatu, nola...) erabiak hartzen ere. Hemen ginenetik kontaktuan jarraitu badugu ere ez dugu aukera handiegirik izan beraiekin elkartzeko (nesken urtebetetzera etorri ziren bere seme Julenekin) baina pasa den igandean bere etxera gonbidatu gintuzten eta egun zoragarria pasa genuen, Queens-eko Forest Hills Gardens-en (lotura ingelesez dago baina gazteleraz ere jarri daiteke) bizi dira,  auzoa 1900 inguruan eraiki zen Tudor estiloarekin eta zinez ederra eta ikusgarria da. Tertuli eder eta interesgarrain pasa genuen eguna eta hauteskundeen emaitzen zapore gazi-gozoarekin etxerako itzulia egin genuen. Mila esker!

Pasa den ostegunean Thanksgiving Day ospatu genuen (urteko egunik seinalatuenetakoa da);  familiak elkartzen dira eta Turkey (Indioilarra) famatua jaten dute. Guk famili zoragarri baten babesean ospatzeko suertea izan dugu. Konta ezinak dira Inaki Bastarrikarekin hitz egin dugun aldiak. Oso maiz deitu izan digu, zerbait behar ote genuen, zer moduz ginen, gu ezagutzeko gogo handia zuela esateko... Eta noiz, Thanksgiving Day baino egun hoberik elkar ezagutzeko? Inaki, New Jerseyeko South Brunswick herrian bizi da bere emazte Ruthekin. Goizean goiz trena hartu eta 50 minuturen bueltan hango estazioan topatu ginen berarekin. Agur goxo eta atsegina egin zigun, autoa hartu eta mundu berri baten barrena abiatu ginen, baso zabalak, famili bakarreko etxeak, urbanizazio dotereak... inguru ederra. Hemen autoa ezinbestekoa da, bizlagunaren etxera joateko ez bada, beste guztirako beharrezkoa da. Amaya, Inakiren eta Ruthen alabaren etxean pasa genuen eguna, bere Senar Brett eta Juliana eta Tommy bere seme-alabekin. Jose (beste semea) eta Jill, bere hiru semeekin, Kyle, Aidan eta Jack ere gurekin izan ziren. Jaki zoragarriak prestatu zituzten (Turkey famatua nagusi izan zen noski!) eta eguna jan-edanean eta giro ezin hobean joan zitzaigun. Gaua berriz Gloria (alaba) eta Cherylen etxean pasa genuen (hauek Noah izeneko mutikoa dute). Goizean gosari aparta egin ondoren Princeton Unibertsitateko kanpusa ikustera joan ginen (bizi diren tokitik oso gertu dago). Unibertsitatea 1748an hasi zen lanean eta garai hartan eraikitako inguruan ibili ginen; zoragarria! Estatu Batuetako unibertsitate hobenetarikoa omen da, bertan zenbait Nobel saridunak irakasteaz gain Albert Einstein ere irakasleen artean egon zen. Mila esker Inaki, Ruth, Amaya, Brett, Jose, Jill, Gloria eta Cheryll! Eta marrubizko muxuak Tomy, Juliana, Kyle, Aidan, Jack eta Noahrentzat!

Eta eskerrak emateko garaia izanik, nola ahaztu familiakoak eta lagunak, idatziz, skypen bitartez edo besterik gabe gurekin maiz gogoratzen zaretenak eta horrebeste indar bidaltzen dizkiguzuenak. Mila esker denoi!



Saturday, November 19, 2011

Aspaldiko!

Konturatu gabe bi aste pasa dira azkeneko sarrera egin nuenetik!

Orain arte ez da erraza izan lasaitasun tartetxo bat hartzea eta patxadadaz idaztea edo bideo bat egitea. Atzo hamar astez egin dudan ingeleko ikastaroa bukatu nuen eta hemendik aurrera goizero 6 ordu inguru izango ditut buru belarri nire proiektuari eskaintzeko eta nire denbora hobeto antolatzeko. Ixak azken hilabetean plantan egin du lana, gaixoekin, eta oso pozik egonda ere ordu mordoa pasa ditu hospitalean (ea egunen batean idaztera animatzen den eta bere hitzekin kontatzen dizuen bere esperientzia).
Umeek ere lehen tarte honetako notak ekarri dituzte eta oso pozik daude egiten ari diren esfortzu handia bertan islatuta ikusi dutelako.

Udazken zoragarria izaten ari gara, baina ia konturatu gabe, zuhaitzak kolore gorrizta, hori eta marroiezko soinekoak eranzten hasi dira. Udazkenean beti izaten dira egun magiko batzuk, hostoak mila kolore hartzen dituzte, baina egun batetik bestera haizearen ufadak diztira guzti hori eramaten du eta... bapatean negua iristen da. Gure uhartetxo honek zuhaitz asko ditu eta egun horiek gozatu ditugu, baina nik Central Parkera joan nahi nuen bertako edertasuna ikustea, baian azkenean gauza bat edo beste  ez da posible izan (lehengo larunbatean gerturatu ginen baina hemen goiz xamar iluntzen du egun hauetan).
Irla kattagorriz beteta dago eta jaki goxoren bat eskaintzen badiezu eskura etortzen zaizkizu jatera. Aurki horiek ere nonbait gorde beharko dira nego gorria pasatzeko!

Azken asteetan lagunen bisitak izan ditugu  eta gustora entzun genituen hango zenbait berri zuzen-zuzenean (Mila esker Xabi eta Amaia eta Jabi eta Ana!). Bestaldetik Halloween ospatu zen eta elurtea zela eta ospakizun nagusiak bertan behera gelditu baziren ere, umeek ikastolan antolatutako festekin eta "Trick or treat" goxoki eskearekin ederki gozatu zuten. Beste ospakizun handia New York City Marathon izan zen. Partehartzaile ugari izateaz gain jende pila ateratzen da kalera lasterkariak animatzera. Guk ere bagenuen nor animatu, David, uhartean bizi den lagun Bilbotarra eta korritzera etorri ziren bere beste bi lagun, Inigo Gasteiztarra eta Antonio Madrildarra. Lasterketaren edertasuna, gogortasuna eta giroa azpimarratu zituzten bereziki. Guk dena den ez genuen alderdirik herrikoiena ikusi, oso goiz joan ginen jendea animatzera eta lau ordu inguru egin zutenak arte ikusi genituen, baina badirudi gehiengo batek denbora hori baino gehiago egiten duela eta asko mozorroturik joaten direla (hiru ordu baino azkarrago sartu ziren batzuk edrki mozorroturik zihoazten ere!).

New York "bisitatzeko" era ederra eskaini nahi dizuet orain (mila esker bidaltzeagatik Loli). Hiriaren puntu ezberdinetatik panoramika ikaragarriak ikus daitezke (Central Park edo Chrisler Building klikatuta gure uhartea oso ondo ikusten da. Ekialderuntz jo eta erreferentzi nagusia hiru tximini zuri gorriak dira) klikatu hemen.






Saturday, November 5, 2011

Fall in Roosevelt Island

Orain dela bi aste, udazkenaren etorrera ospatzeko ekitaldi ugari antolatu zituzten gure uhartetxoan. Irlari bira eman zion lasterketa, eskulanak, kontzertuak... Egun ederra pasa genuen.