Sunday, December 16, 2012

Azken ilabetetako kontakizun laburtua

Honez gero nituen jarraitzaile fidelak aspertu egingo ziren eta jadanik inor gutxi gerturatuko da lehiotxo honetara. Ez da harritzekoa, azken aldi honetan ez nabil batere fin eta! Aitzakiak baditut dena den: lana, etxea, entrenamendua, erosketak, umeak, ingelesa, hiria... gauza asko benetan.
Konturatu orduko bigarren txanda hau hasi genuenetik lau ilabete pasa dira. Bigarren urte hau apostu latza izan zen, Ixak ez zuen inolako diru iturririk lortu eta nik soldatarik gabeko baimen bat eskatu nuen. Gauzak honela etxean diru pixka bat eskatu eta ezaguna den gure inkonszientzia guztiarekin  hona itzuli ginen.
Kontua da gauzak bideratzen joan direla eta Ixak, egiten ari den lan ederrari esker diru sarrera batzuk lortzen hasi da eta nire bussines berriak ere bere emaitzak ematen hasi da. Personal trainer bezala ari naiz eta oso-oso aberasgarria suertatzen ari da. Mundu guztiko jendea ezagutzen ari naiz (Mongolia, India, Jordania, USA) eta gustatzen zait gertuko harremana eta jendearen esker ona. Oso helburu desberdinekin gerturatu dira niregana, bizkarreko mina, forman jarri, pisua galdu, estresa gutxitu, eta nola edo hala bakoitzarekin bere bidea egiten ari gara; psikologo traza hartzen diot nire buruari batzuetan...
Umeak berriz oso ondo ari dira.
Maren goizeko 6:30etan jeikitzen da egunero eta bakar-bakarrik Union Square-aino joaten da metroa hartuta. Azaroan "student of the month" izendatu zuten eta honako diploma hau eman zioten:


Eta gu nola ez baba dariola...
Aste honetan elkarrizketa bat egin diote aldizkari elektroniko batean:

Eunate, Libe, Ander eta Xabier irlako eskolan jarraitzen dute eta primeran ari dira baita ere. Eunatek ere izan du berri aipagarria; "Youth leadership congress" batetarako gonbitea jaso du! Izugarria da ingelesez nola hitzegiten duten. Pasa den astean nire bezero batekin topatu ginen kalean eta ondoren berarekin lanean ari nintzela nire seme-alaben hitz egiteko erarekin txundituta gelditu zela esan zidan: "they speak like native speakers!". Bueno, seguraski nire ingeles kaxkarra ezagutzen zuenez harridura oraindik handiagoa izango zen :)
Ixa berriz pasa den astean Atlantan ospatu zen kongresu batean izan zen. Poster bat aurkeztu zuen eta oso pozik etorri zen. Nik, dudarik gabe, egiten dudana maite dut, baino Ixa ikusita batzuetan inbidi pixka bat ere sentitzen dut, berea benetako pasioa da. Zorionekoak gu.

Azken ilabete hauetan gertakizun ugari izan dira: Annie eta Will lagunen ezkontza, Hauteskundeak, Sandy,  Maratoia bertan behera gelditu zen... Eta lagunak ere izan ditugu hemendik, Marisa eta Ander, Lazkaoko aspaldiko lagun batzuk (Iñaki, Mikel, Julen, Anartz...) maratoia korritzera etorri ziren, eta horren ordez turismoarekin konformatu behar. Egun atsegina pasa genuen elkarrekin. Gehien espero genuen bisita, dena den,  Irenena izan zen. Etxepare Institutuak "New York Basque cultural exchange" antolatu zuen eta bertan izan genuen izeba/koinata maitatua. Lana zela eta nahi baino gutxiago izan ginen berarekin baino une magiko  batzuk ere izan ziren. Aizpearen goxotasuna eta Mikelen eta Eñauten jatortasuna ere aipatzekoak dira. Mila esker denei! Herri mina boroborrean izan genuen egun horietan zehar.

Nire nagia dela eta Maren hasi da orain bideoekin. Ondorengo hau berak egindakoa da (argazkian klikatu).


Eta azken hau, Etxepare institutuari esker New Yorken gozatu genuen uneen laburpen bideoa: