Sunday, December 16, 2012

Azken ilabetetako kontakizun laburtua

Honez gero nituen jarraitzaile fidelak aspertu egingo ziren eta jadanik inor gutxi gerturatuko da lehiotxo honetara. Ez da harritzekoa, azken aldi honetan ez nabil batere fin eta! Aitzakiak baditut dena den: lana, etxea, entrenamendua, erosketak, umeak, ingelesa, hiria... gauza asko benetan.
Konturatu orduko bigarren txanda hau hasi genuenetik lau ilabete pasa dira. Bigarren urte hau apostu latza izan zen, Ixak ez zuen inolako diru iturririk lortu eta nik soldatarik gabeko baimen bat eskatu nuen. Gauzak honela etxean diru pixka bat eskatu eta ezaguna den gure inkonszientzia guztiarekin  hona itzuli ginen.
Kontua da gauzak bideratzen joan direla eta Ixak, egiten ari den lan ederrari esker diru sarrera batzuk lortzen hasi da eta nire bussines berriak ere bere emaitzak ematen hasi da. Personal trainer bezala ari naiz eta oso-oso aberasgarria suertatzen ari da. Mundu guztiko jendea ezagutzen ari naiz (Mongolia, India, Jordania, USA) eta gustatzen zait gertuko harremana eta jendearen esker ona. Oso helburu desberdinekin gerturatu dira niregana, bizkarreko mina, forman jarri, pisua galdu, estresa gutxitu, eta nola edo hala bakoitzarekin bere bidea egiten ari gara; psikologo traza hartzen diot nire buruari batzuetan...
Umeak berriz oso ondo ari dira.
Maren goizeko 6:30etan jeikitzen da egunero eta bakar-bakarrik Union Square-aino joaten da metroa hartuta. Azaroan "student of the month" izendatu zuten eta honako diploma hau eman zioten:


Eta gu nola ez baba dariola...
Aste honetan elkarrizketa bat egin diote aldizkari elektroniko batean:

Eunate, Libe, Ander eta Xabier irlako eskolan jarraitzen dute eta primeran ari dira baita ere. Eunatek ere izan du berri aipagarria; "Youth leadership congress" batetarako gonbitea jaso du! Izugarria da ingelesez nola hitzegiten duten. Pasa den astean nire bezero batekin topatu ginen kalean eta ondoren berarekin lanean ari nintzela nire seme-alaben hitz egiteko erarekin txundituta gelditu zela esan zidan: "they speak like native speakers!". Bueno, seguraski nire ingeles kaxkarra ezagutzen zuenez harridura oraindik handiagoa izango zen :)
Ixa berriz pasa den astean Atlantan ospatu zen kongresu batean izan zen. Poster bat aurkeztu zuen eta oso pozik etorri zen. Nik, dudarik gabe, egiten dudana maite dut, baino Ixa ikusita batzuetan inbidi pixka bat ere sentitzen dut, berea benetako pasioa da. Zorionekoak gu.

Azken ilabete hauetan gertakizun ugari izan dira: Annie eta Will lagunen ezkontza, Hauteskundeak, Sandy,  Maratoia bertan behera gelditu zen... Eta lagunak ere izan ditugu hemendik, Marisa eta Ander, Lazkaoko aspaldiko lagun batzuk (Iñaki, Mikel, Julen, Anartz...) maratoia korritzera etorri ziren, eta horren ordez turismoarekin konformatu behar. Egun atsegina pasa genuen elkarrekin. Gehien espero genuen bisita, dena den,  Irenena izan zen. Etxepare Institutuak "New York Basque cultural exchange" antolatu zuen eta bertan izan genuen izeba/koinata maitatua. Lana zela eta nahi baino gutxiago izan ginen berarekin baino une magiko  batzuk ere izan ziren. Aizpearen goxotasuna eta Mikelen eta Eñauten jatortasuna ere aipatzekoak dira. Mila esker denei! Herri mina boroborrean izan genuen egun horietan zehar.

Nire nagia dela eta Maren hasi da orain bideoekin. Ondorengo hau berak egindakoa da (argazkian klikatu).


Eta azken hau, Etxepare institutuari esker New Yorken gozatu genuen uneen laburpen bideoa:


Wednesday, November 14, 2012

Soccer league

Udazkena oso garai ederra izan ohi da New Yorken. Eguraldi ona, kolore ederrak eta soccer season. Aurten gure seme-alaba guztiak parte hartu dute eta 12 astez astero bi entrenamendu eta partidu bat jolastu dute. Bost umeak bost talde desberdinetan egonda, larunbatak maiz, maratoi amaitezinak izan dira; goizeko 9 t'erdietatik hasita arratsaldeko bostak arte! Egia esan, ederki pasatzen ari dira (datorren larunbatean azkeneko partiduak jolastuko dituzte) eta oso ekimen aberasgarria izan da.
Irlako webean artikulu hau jarri dute soccer leagueri buruz:

http://rooseveltislander.blogspot.com/2012/11/exciting-season-recap-of-2012-roosevelt.html

Eta hau gure umetako bakoitzari buruz:

  • Xavier Martinez was omnipotent during the games... he was everywhere, right behind the ball. Egi oso-osoa da!
  • The green team's power comes from a strong offense often carried by Manuel Correa, Liebe Martinez, and Tenzin Dhasel. (Nahiz eta Libe defentsa lanetan ibili den... ederki ibili ere)
  • Ander Martinez who zoomed across the field with determination and solid skills.
  • Maren Martinez is one of the best defender in the Seniors' league; with her Spanish background (ejem...), she held off 90% of the attacks against her defensive position.
  • Eunateri buruz ez dute ezer berezia idatzi, baino sekulako defentsa lank egin ditu bere taldean. 
Maren eta Eunate bere taldeko neska bakarretakoak izan dira!


Xabier's team



Ander's team

Libes's team

Eunate's team

Maren's team

Wednesday, October 31, 2012

Sandy

Gauza asko ditut hemen kontatzeko baino beste batetarako utziko ditut. Badakit zuetako asko kezkatuta egon zaretela gugatik. Ekaitza handi hau nola bizi izan dugun kontatuko dizuet.

Laburbilduz, nahiz eta New Yorkeko zenbait tokietan (Caribea eta ekialdeko kosta guztian ere) ikaragarria izan den, gurean nahiko lasai joan da dena eta aztoramendu handirik gabe pasa ditugu egun hauek.

Orain bideoa, audioa eta argazkien bitartez ikusi, entzun eta sentitu.

Hasi aurretik:

Eta ondoren:








 Audioa:
Info 7 irratia

Eta denok lasaitzeko: Gu (ni kameraren atzean nago!) ekaitzaren ondoren:



Beste gauzatxo bat. Azken aldian Facebook gehiago erabiltzen hasi naiz, beraz kontu bat baduzue kontaktuan jarri nirekin eta "lagunak" egingo gara!

Thursday, September 13, 2012

In the Basque Country II

Here you have the second video.


The music is made by mi brother in law Xabier Zeberio from his last work "ON" with Peio Ramirez.
http://www.myspace.com/alosquartet
http://www.alosquartet.com/

Saturday, September 8, 2012

Tolosarraknyn in The Basque Country

We spent almost four weeks at home and it was wonderful. The warm love we got from our families and friends was unforgettable. Without doubt the best experience during our vacation was the reencounter with the people we love but the landscape is also very important for me and I really enjoyed the beaches, villages and mountains of our country.
I love the size and the natural diversity of the Basque Country. All the places you will see in this video are less than one hour driving from Tolosa (our village).
We were sad when we left Tolosa but when we arrived to Roosevelt Island for the second time everything was easier and without time to think about our feelings we were again in our regular life, school, work...

The most beautiful gift we have in this life is the people we love and the people who love us. We feel very lucky because we have our family and many friend to love.


Wednesday, August 1, 2012

Blogak bizirik jarraitzen du

Ongi etorriak berriz ere gure lehiotxo honetara!
Azken ilabeteetan nire indarra eta gogoa beste alderdi batzuetan izan dut eta egia esan, behin aria galduta zaila egiten zitzaidan beste eginkizunak albo batera utzi eta berriz ere honi ekitea.
Kitto, garaia da pasa den abuztuan nire buruari jarri non erronkari berrriz ere ekiteko.
Orain dela lau ilabete New York-eko txoko ederrenei errepasoa ematen hasi nintzen eta jarraituko dut, baino gaur azken hilabete hauetako laburpentxoa egingo dut.
Lagun handi asko izan ditugu bixitan: JM eta Ximon; Madrilgo lagunak, Floren, Marta eta beren seme-alabak Miguel eta Luzia; Nire arreba Junkal bere lazkaoko lagunekin NYen izan ziren ere; Ainhoa, Angel eta Ane; Andoni, Masha eta Kattalin; Ixaskun (ama-amona)  eta Maite  eta bukatzeko Junkal eta June. Oso ederra izan da zuek guztiokin gure New Yorkeko biiztzaren tartetxo bat konpartitu ahal izana.
Umeak beisboleko garaiaz gozatu zuten. Asko gustatu zaie eta Marenek eta Eunatek bereziki entrenatzaile apartak izan dituzte; pertsona bezala hazten laguntzen dizuten horietakoak. Hiru ilabete intentso xamarrak izan ziren, entrenamenduak, partiduak…
Xabierrek 7 urte bete zituen.
Marenek bere graduazioa izan zuen. Hemen garrantzi handia ematen diete ekitaldi hauei eta egia esan unkigarria izan zen. Harrigarria ere 13 urteko gaztetxo hauen (edo hauetako batzuen) jendaurrean hitz egiteko gaitasuna. Pare batek hizketaldi ederrak eskaini zizkiguten bertan bilduta ginen 200 pertsonei. Hortan beintzat badugu zer ikasia. High Schooleko aurkezpenera ere joan ginen. Oso itxura ona hartu bagenion ere gogorra izango da Marenentzat eskolaz aldatzea, egunero metroa bakarrik hartzea eta lagun eta irakasle berriekin  moldatu beharra behin berriro ere. Aupa Maren!
Libek bere kurtso amaierako biolako kontzertuak.
Eskolako ikasturte amaierako ekitaldiak...
Ixaskunek oso pozik jarraitzen du bere lanean.  Egindako ikerketa bat "Nature" medikuntzako aldizkari hoberenetakoan argitaratuko diote (orain dela hilabete batzuk Amaia bere lagunarena aipatzen zuen harro, eta begira nondikan…) Gauzak horrela, bere nagusiak beste urtebete gelditzeko eskaintza egin dio, eta itzulinguru asko eman ondoren gelditzea erabaki dugu. Nik soldatarik gabeko baimen bat eskatu dut lanean eta orain xoxak nondik aterako ditugun asmatu beharko dugu!
Dena den umeak ingelesa nola ikasi duten eta egoera berrira zein ondo egokitu diren  ikusita merezi du bertan beste urte bat gelditzea (esfortzu hitza sartzeko intentzioa izan dut baino batek baino gehiagok errieta egingo lidake, dena den, eta ez inorri esan, baino niretzat behintzat esfortzu txiki bat bada).
Nik berriz, egin behar nuen lana bukatu nuen duela aste batzuk; norbaitek bertan kuxkuxeatzeko animoa eta gogoa badu hemen duzue lotura zuzena:
https://sites.google.com/site/gureosasunahobetudezagun/home
kritika konstruktiboren bat egitea animatzen bazarete, jakin ongi etorria izango dela, oraindik gainera irailarte azken ukituak emateko tartea dut, animo beraz!
Bestaldetik, ingelesa ikasteko ahalegin betean ari banaiz ere gehiegi ez aurreratzearen sentsazioa dut.

Gauzak honela, abuztuaren 9tik iraila hasierarte Tolosara itzuliko gara eta ondoren berriz ere back to New York.

Hau guztia bideo batean biltzea luze xamarra izan zitekeen eta oraingo honetan bi egin ditut.
Xabierren (Zeberio, nire koinatua) eta Peio (Ramirez, laguna) azken disko ederretik bi kanta erabili ditut, "mugaldekoak" lehen bideorako eta "urte askoan" bigarrenerako. Irudiekin ez bada musikarekin goza dezazuela behintzat!





Sunday, March 25, 2012

Zer egin New York-en III

New Yorken 8 milioi pertsona inguru bizi dira, bost "auzoetan" banatuta (Manhattan, Staten Island, Brooklyn, Queens eta The Bronx). Auzorik ezagunena eta distiratsuena Manhattango irla da. Bisitari gehienak ez dira hemendik ateratzen, eta egia esan, egiteko, ikusteko eta gozatzeko dagoen eskaintza hain zabala izanik, ulertzekoa da aste betean  "auzo" interesgarri honetan gelditzeko erabakia hartzea.

Manhattanek 20 kilometroko luzera eta 4 kilometroko  zabalalera du eta 1'5 milio pertsona inguru bizi dira bertan (nahiz eta egunean zehar bertatik mugitzen den jendearen kopurua 3 miliotik gorakoa izan). Izenak dioen bezala, irlaren erdialdean Central park gelditzen da. Aurreko sarreran honi buruz zenbait aipamen egin nituen; ikaragarria da, bai tamainaz (4 kilometro luze eta 1 zabal) bai edertasunaz.

Central Parketik hegoaldera Midtown dago (59. eta 25. streeten artean gutxi gora behera), bertan eraikuntza ikaragarriak eta "derrigorrez" ikusi beharreko gauza ugari.

Midtownen hegoaldera beste auzo eta txoko ugari gelditzen dira, Chesea, Greenwich, Soho, Tribeca, Chinatown, Little Italy, East Village, Lower East Side eta Lower Mahattan. Hauek ere txoko eder ugari gordetzen dituzte.

Central parketik iparraldera berriz Harlem dago (102. streetetik irlaren amaieraraino).

Ikusi dezakezuenez Manhattanen egitekoak amaiezinak dira. Nik hemen aipamen batzuk egingo dizkizuet, baina edozein txokora joanda ere toki eta gauza oso interesgarriak topa ditzakezue.

Iparrean Harlem dago, XX. mendean batez ere famila beltzak bizi ziren bertan, baina azken 20 urteetan badirudi auzoan jende nahasketa handia dagoela (toki gehienetan bezala hispano ugari ikusten dira). Musika beltzaren sehaska ere izan da auzo hau. Bertan Columbia University kokatzen da; Campusetik paseotxo bat emateak merezi du (116 Street Broadwayrekin -west side-). Inguruan bi eliza ikaragarri daude St. John the Divine eta Riverside Church. Bertan egonda Hudson ibaira gerturatzeak ere merezi du.



Auzoaren ia azken muturrean "The Cloisters" museoa dago. Europatik (batez ere Espainia eta Frantziatik) ekarritako arte erromanikoa. Lau edo bost klaustro, eta baseliza pare bat harriz-harri  berreraiki dituzte. Horrelako artelan ederrak guk bertatik-bertara ikusteko aukera dugu, Pirineoetako zein Nafarroa eta Gaztelako txoko ugarietan, baina, hemen NYn ikustea bitxia da. Inguruko parkea eta duen ikusmira oso ederra da. Metroko A linea 190 St.eraino hartu behar da. Sarreran 25 $ eskatuko badizkizue ere "suggested donation" da. Hau da, nahi duzuena ordaindu dezakezue!


Guk oraindik egin ez duguna eta jende gehienak egiten duena meza gospel bat ikustea izan da. Elizarik famatuena, "Abyssinian Baptist Church" da (138 Streeteten dago, baino klikatu lotura informazio gehiagorako). Elizkizunak 9etan eta 11etamn izan ohi dira, baina askoz ere lehenago joan behar omen da tokia izateko. Eliza ugari omen daude, guri beste bat ere gomendatu digute, Antioch Baptist Church 515 W 125th Street. Hemen elizkizuna 11etan da.
Beste eliza baten lotura.

Dena den Harlemen seguru izan askoz ere gauza gehiago daudela egiteko (Kalez -kale ibili, Apolo Theater…).

Midtownen egitekoak amaiezinak dira:

Fith Av. 59. Streetik behera bertako dendak, eraikuntzak, elizak... Aiupamen batzuk: 59. streeten Plaza Hotel, kristalezko Appleeko denda eta jostailuzko denda ikaragarraia (FAO, oinekin jotzen den piano erraldoiarena…). Beherago, Trump tower, sartu eta bertako Hall publikoan itzulitxo bat emateak merezi du. Bostgarren pisuan terraza publikoak daude. NYn horrelako txoko ugari daude, bai eraikuntzetan, bai eraikuntzen artean. Pixka bat aurrerago St. Patricks Katedrala dago. Parean Rockefeler Center, honen izarra Top of the Rock da. Bere gainetik ikusmira paregabea dago eta Empire Staten baino jende gutxiago egon ohi da (prezioz antzerakoak direla uste dut -22 $ inguruan-). Nora igotzen zareten erabaki beharko duzue! Aurreraxeago NYC Public Library dago. Sartu eta bere geletan kuxkuxeatu eta edertasunaz gozatu, ez beldurrik izan batera eta bestera joateko, gela gehienetarako sarrera baimendua dago, eta batzuk zoragarriak dira. Liburutegiaren atzealdean, Bryan Park dago, udaran txoko paregabea etzanda egoteko eta neguan izotz pista bat egon ohi da. Aurrera jarraituta 34. kalean Empire State dago, eta 23.goan Flatiron Building.




New Yorkeko eraikuntza gehienak ikaragarriak dira. Denak dauzkate detaile oso bitxiak, eta askok goikalde liluragarriak, pena horren altu daudela eta ezin direla behar bezala ikusi. Tarteka, beraz, burua altxa eta gozatu!

Upper East Side eta Upper West Side oso interesgarriak dira, baina bidai motz batera etorrita, nik gehienbat 59. Streetetik beheruntz ibiltzea gomendatuko nizueke (hau ausardia nerea!). Park Av. oso ederra da, eta Merezi du Metlifeeko eraikuntzaraino joatea (eraikuntza honen azpi eta atzealdean Central Station ederra dago). Niri Lexington Av. asko gustatzen zait, beheraldera paseatuz Waldorf Astoria Hotela, Marriot Hotela, Chrisler Building (nire ustez NYeko ederrenetakoa). Ez dizuet eraikuntzen aipamen askorik egingo, baina inguru honetan asko eta asko izugarriak dira (Seagram Building,  Citicorp Center…). Lexingtonetik Chrislerera iristerakoan, eskubitara, Central Station dago. Sartu eta erdiko espazio nagusiaz gain bere pasiluetatik galdu eta gozatu (dendak, merkatuak, trenak…).

Inguru honetatik ekialdera United Nations dago, merezi du gerturatzea eta inguru horretan paseotxo bat ematea (Tudor City, United Nation Plaza…).

Fith and Six Av. artean MOMA dago. Arte modernoko museo benetan ederra. Ostiral arratsaldeetan, 4etatik aurrera sarrera dohainik da, baina txartela hartu behar da eta batzuetan ilara luzea egoten da (honetan bestela sarrera ez da "suggested"). Poltso handia edo Motxila badaramazue ilara luzea egin beharko duzue hau uzteko, kontuan hartu!


59. Streeten mendebaldean Columbus Circle dago. Hemen Broadway Av. har dezakezue, pixka bat iparralderuntz igota Lincon Center dago ( Metropolitan Opera eta beste bi antzoki izugarri), Broadway Av.tik iparraldera bazoazte kale interesgarria da, ez da horren turistikoa. Columbus Circleeko eraikuntzan sartu eta bertako merkatuan (Whole foods) kuxkuxeatu eta nahi izanez gero bazkaltzeko aukera izango duzue. Eskailera mekanikoetatik gora egin eta Central Parkeko eta 59. streeteko ikusmira ederra izango duzue. Broadway Avenue beheruntz egitea esperientzia ederra da. Antzokiak, neoizko argiak… Times Square liluragarrira iritsiko zarete, 42. kalean mendebalderuntz pixka bat ibili eta segi behera Union Squareaino, hemen zenbait egunetan barazkien merkatu oso ederra egoten da.


New York ez da bera egunez edo gauez, eta zenbait txoketara egunez zein gauez joateak merezi du. Times Square eta 42. kalea (7. Av. aldera) horietako bi dira.

MAPA

Thursday, March 22, 2012

Zer egin New York-en II

Central parketik paseo bat ematea guztiz gomendagarria da.
Ondorengo mapan paseo gomendatu bat duzue eta toki interesgarri batzuk: Dakota, Strawberry fields…

Central parkeko mapa (ezkerreko ikonoetan klikatuta, mapan non dagoen azalduko zaizue)

Parkearen inguruan museo asko daude. Natural History eta Metropolitan ikaragarriak dira, sarreran 25 $ eskatzen badizkizue ere, "sugested donation" da, beraz, nahi duzuna ordaindu dezakezu (guk 10 $ ordaindu izan ditugu). Guggenhemim ere bertan dago; museo honetara azken orduan joanda, nahi duzuna ordaintzen duzu, eta ordu batetik aurrera 6$ (web-ean begiratu).

Bideoan, alde batetik, Central Parkeko irudi solte batzuk daude eta bestaldetik, igande arratsalde bateko giroa ederra.


Wednesday, March 21, 2012

Zer egin New York-en I

Aspalditik horrelako bilduma bat egin nahian nenbilen eta orain Junkal (nire arreba) datorrela baliatuz egitera animatu naiz.

Gaurkoan ikusmira ederrenei buruz hitz egingo dizuet.
Uretatik:
  • Ikea-ra ferry bat doa baita ere (astean zehar uste dut 4 $ balio duela eta asteburuetan dohainik da). Pier 11n hartzen da (East river aldean eta aurreko ferrya hartzen den tokitik oso gertu). Ordutegiak eta abar internetetik kontsulta ditzakezue -Ikea Brooklyn-
             Bidaia motzagoa da baino ederra baita ere.
  • East River ferry. East Riverren, 34. Streeteko bukaeran hartzen da. Bidaiak 4 $ balio du eta Midtown-eko ikusmira ikaragarria da.

  • Gobernors Island. Maiatza bukaeratik urria bitartean bakarrik irekin duten irla da. Ferrya dohainik da eta Staten Islandekoaren ondoan hartzen da. Irlan paseo bat emateak merezi du, Lower manhatango eta Statue of Lybertiko ikusmira paregabea da. 

Lurretik:
  • Brooklin Bridge gurutzatzea eta honen eta Manhattan Bridgen azpitik ibiltzea ikaragarri ederra da. Bi zubien arteko inguruetatik paseo bat emateak merezi du. Lower Manhattan -go ikusmirak paregabeak dira.
  • Paseo hau ondorengo honekin elkartu dezakezue: Brooklyn heights. Aldapa igo eta bertako auzotik ibili eta itsalsera ematen duen paseora gerturatu. Ondorengo loturan mapa bat duzue ibilbidea gutxi-gora-behera markatuta: Brooklyn bridgeko mapa
Brookyn Heights
  • Subwayeko 7. zenbakia hartu Queens alderuntz. Central Stationen hartzen baduzue hau ere bisitatzeko baliatu dezakezue. Lehenengo geltokian gelditu (Vernon Blvd./Jackson Av.) eta mendebalderuntz joan, East River aldera. Bertan parke bat dago eta Midtowneko ikusmira paregabea topatuko duzue. United Nationsen pare parean egongo zarete.
  • Ibilbide hau 7. linea jarraituz egin dezakezue, Court House Sq. geltokian gelditzen bazarete (2 stops) "Five points" ikusi dezakezue (graffitiak gustokoak baditzue behintzat). 7 lineakin jarraituz beste mundu batera joatea bezala da, 74 Strret Brodwayen jeitsi eta kale horietatik ibili (Indioak, hegoamerikarrrak...). Ibilbide etnikoarekin jarraitu nahi baduzue, azkeneko geltokiraino joan eta benetako Chinatown topatuko duzue. Ikusi honen inguruan aspaldi egin nuen sarrera.
(Five points) 
  • 33 Street eta 6. Av. artean "Path" hartu daiteke. Hau New Jersey-ra doan metroa da; ohiko txartelarekin ezin dugu erabili, joan-etorria 4 $ ordaindu beharko dituzue. Hobokenera doana hartzeak merezi du, 10 minututan Hudson Riverren bestaldean egongo gara eta bertatik dagoen ikusmira ere oso-oso ederra da. Manhattango mendebalde osoa ikusi daiteke, hegotik iparrera (20 klm.).

  • 59 Street eta 2. eta 3. Av. artean "tram" hartu daiteke. Roosevelt Islandera (gu hemen bizi gara) doan teleferikoa (metroko ohiko txartelarekin erabiltzen da). Irlara joan etorria egitea eta irlan East River ertzetik egoaldera paseo bat emateak merezi du.

New Yorken ilunabarrak bereziki ederrak dira, beraz aipatutako toki hauetatik ilunabarraz gozatzeak merezi du.

Ondorengo mapa honetan, aipatutako toki guztiak markatuta daude:

Tuesday, February 28, 2012

Hilabeteak aurrera doaz


Hilabeteak aurrera doaz eta oraindik blogean sarrera bat ere egin barik!
Gaur lanean astelehen petral horietako bat daukat, dena maldan gora.
Ez zaizkit ingelesez esaldiak nahi bezain txukun ateratzen, hau ez nuke honela adierazi nahi, beste hau ez dago oso argi....
Dena utzi eta ea euskeraz blogean zer edo zer idazteko gai ote naizen!

Gora behera handiz betetako hilabeteak izan dira, ez baita xamurra 5 semealabekin horrelako hiri interesgarri eta era berean estresante batean murgiltzea.
Askotan horrelako saltsetan zergatik sartu ote ginen galdetzen diot nere buruari.
Bestetan berriz horrelako "challenge"-rik gabe agian ez ginela gu izango ere iruditzen zait eta hartutako erabakiei aurre egin behar.

Aste hontan Maren eta Eunatek Unibertsoari buruz Museum of Natural History-n ikastaro bat egin dute.
Ostiralean planetarioan jende aurrean izugarri aurkezpen ederra egin zuten eta haiek entzutean, bide hontan igarotako momentu ilun guztiak ahaztu eta egin duten lan eta esfortzu guztiaren truke uzta bikaina jasotzen ari direla sentitu nuen.
Gaur Siva antolatzaileetako batek e-mail hau bidali die Maren eta Eunateri: "Thanks so much for your creativity and hard work last week — we were so proud of your sophisticated, creative space shows. You were such a fun, intelligent people to work with!"

NY-ek gure etxean lagun askori ongietorria egiteko aukera ematen ari digu eta hori ere izugarri esperientzia ederra izaten ari da. Hemen ez bagina, bisitan etorri zaizkigun lagun eta familikideekin horrelako elkarbizitza estua izatea ez litzateke posible izango.
Aste hontan "kafesne" eta Simon izan ditugu. Jende atsegin eta interesgarria.
Beraiekin berriro leku berriak ezagutzeko, kontzertutxoren bat entzuteko (Lincoln Center -en Jazz eta flamenko el niño Joselekin) eta afari eta tertulia ederrak egiteko aukera izan dugu.
Atzo agurtu ondoren berriro ere pittin bat umezurtz eta "homesick" sentitu ginen...

Hilabete hontan osaba Josetxo ere joan zaigu.
Ozeanoaren beste aldean urruti sentitu gara, gorputza hemen eta gogoa han.
Gure nahigabea ezin izan dugu horrenbeste maite ditugun izeba Gertrud eta lehengusuekin besarkada batean adierazi. Gizon on baten arrastoa utzi digu eta horrek pakez bete gaitu.

Ihauterietako doinuak ere izan ditugu etxean.
Amonak bidalitako Amianoko apaingarriak gure semealabek bereala zintzilikatu zituzten etxean. Aste Santu arte bertan utziko ditugu.
Marenek meatxu egin ditu: "Galtzen ditudan azken ihauteriak izango direla espero det!"
Xabier anaiak bidalitako argazkiegin nahiko par egin dugu: "Ruedoari azken buelta"/ "Ronkalesako kobradorea eta San ferminetatik gaupasan bueltan zetorren bidaiaria"....

Eta orain udaberriaren zain.

Hilabete hontan lanean, bukatzea espero dudan bi proiektu interesgarri ditut esku artean.
Izugarri ikasten ari naiz.
Jende interesgarri askoz inguratuta nago. Hasiera, batez ere nere txokoa bilatu bitartean, gogorra izan da.
Orain ni ere "Team"-eko beste bat bezala sentiarazten naute.
USA-k baditu kritikagarri diren gauza asko, bainan beraiengatik zientzia eta lan munduan ikasteko asko dugula iruditzen zait.
Aste hontan Amaia Lujambio gure lagun Goizuetarrak "Nature" errebistan sekulako artikulua idatzi du ("The microcosmos of Cancer" Nature 2012;482: 347-355).
Bejondeiola! Hori zientzilari oso gutxien esku dago.
Horrek hainbat inbidi, Martxoaren 18an NY City-ko Maratoi erdian egingo duen markak ematen dit...

Eta bukatzeko Anduri nere esker ona.
Bere laguntza eta maitasunik gabe guzti hau ez bait litzateke posible...

Izaskun Zeberio 


Thursday, January 26, 2012

Errutina

Gure eguneroko bizitzak Tolosan egiten genuerarekin antza handia du une honetan. Goizean-goiz jeiki eta lehenengo unetik borrokan hasi, seme-alabak dauzkazuenok badakizue zer izaten den goizeko zurrunbilo hori (jeiki, gosaldu, jantzi, hortzak garbitu, garaiz irten…). Ondoren, ni etxean gelditzen naiz lanean (itxura hartzen hasi da jada egiten ari naizen proiektuak) eta Ixa hospitalera (berak txoratzen jarraitzen du). Hiruretan umeen bila (aurki ezin izango dut "ume" esan!) eta arratsaldetan hemen ibiltzen gara etxerako lanak gora eta behera. Egia esan geroz eta autonomoagoak dira baina oraindik zenbait gauzekin laguntza pixka bat behar izaten dute. Negua lehorra baino oso hotza doa eta ordu asko ematen ditugu etxean sartuta, eta horrenbeste jende eta horren behar desberdinekin… ba bai, tarteka txinpartak ateratzen dira.
Asteburuetan saiatzen gara toki berriak ezagutzen baino, patxara pixka bat ere behar izaten dugu; ez gara urte osoa turisten gisa ibiliko ezta?

Ondorengo bideoa eguberrietako azken egunetako irudiekin egin dut. Musika Marenek aukeratu du…

Saturday, January 21, 2012

Elurra!

Gaur dena zuri-zuri esnatu da!
Oso ederra dago dena eta larunbata izanik festa handia umeentzak. Gure irlatxoan aldaparik ez dago ia, dagoen bakarra gure etxe aurrean izanik bertan bildu gara ume eta guraso eta gora eta behera ederki ibili gara, hoztu arte…

Gaurko bideoan 2011ko azken asteko ibiliak jaso ditut: Sara eta Aneren agurra, Juantxo, Irene, Mattin eta Malentxoren etorrera…



Saturday, January 14, 2012

Happy New Year

Happy New Year denori!

Azaroaren bukaeran eguraldi ederrez Central Parken patinatzen genbiltzala, Ixak ea beste urte bat geldituko ote ginatekeen galdetu zuen. Umeei ez zitzaien ideia txarra iruditu. Nik berriz, ezetz esan nuen, urtebeteko tartea nahikoa iruditzen zitzaidala esan nien. "Baino Aita, beste urte bete gelditzen bagea ingelesa primeran ikasiko deu!". Hortan uzti genuen hizketaldia. Abenduan bisita ugari izan ditugu eta eguberrietan Juantxo, Irene, Mattin eta Malentxoren bisitarekin burbuila batean bizi izan gara astebetez. Primeran ibili gara batera esta bestera, hemengo eta hango kontuak dantzan. Eta umeak zer esanik ez, pentsa, elkarrekin eta New Yorken! Baino agurtzeko unea iritsi zen eta Tolosako eta familaren haizea ekarri zigun lehioari ixteko garaia iritsi zitzaion. Agurraren tristura  berehala pasako zela pentsatzen nuen, baina arratsalde osoa  iraun zuen, eta afaltzeko garaian "zergatik ez gea lehenago joaten? "Nik ez dut uztailan hemen gelditu nahi, eskola bukatu eta Tolosara joan nahi dut" "Nik..." Ohituak ginen bizimodu honetara, baina familarekin elkartze horrek berriz ere gure "betiko" bizimodua ekarri zigun gogora eta denok pittin bat "homesick" sentitu ginen. Baina, egunerokoak ez du etenik eta berriz ere martxa hartuta gaude. Burua, bihotza eta gorputzak toki berean daude berriz ere.

Abendu parteko eskolako jaialdiak, nesken atletismoko txapelketa, Euskal Etxeko Olentzeroren etorrera...  bildu ditut ondorengo bideoan.  Eguberrietako bideoa hurrengo baterako utziko dut.