Tuesday, February 28, 2012

Hilabeteak aurrera doaz


Hilabeteak aurrera doaz eta oraindik blogean sarrera bat ere egin barik!
Gaur lanean astelehen petral horietako bat daukat, dena maldan gora.
Ez zaizkit ingelesez esaldiak nahi bezain txukun ateratzen, hau ez nuke honela adierazi nahi, beste hau ez dago oso argi....
Dena utzi eta ea euskeraz blogean zer edo zer idazteko gai ote naizen!

Gora behera handiz betetako hilabeteak izan dira, ez baita xamurra 5 semealabekin horrelako hiri interesgarri eta era berean estresante batean murgiltzea.
Askotan horrelako saltsetan zergatik sartu ote ginen galdetzen diot nere buruari.
Bestetan berriz horrelako "challenge"-rik gabe agian ez ginela gu izango ere iruditzen zait eta hartutako erabakiei aurre egin behar.

Aste hontan Maren eta Eunatek Unibertsoari buruz Museum of Natural History-n ikastaro bat egin dute.
Ostiralean planetarioan jende aurrean izugarri aurkezpen ederra egin zuten eta haiek entzutean, bide hontan igarotako momentu ilun guztiak ahaztu eta egin duten lan eta esfortzu guztiaren truke uzta bikaina jasotzen ari direla sentitu nuen.
Gaur Siva antolatzaileetako batek e-mail hau bidali die Maren eta Eunateri: "Thanks so much for your creativity and hard work last week — we were so proud of your sophisticated, creative space shows. You were such a fun, intelligent people to work with!"

NY-ek gure etxean lagun askori ongietorria egiteko aukera ematen ari digu eta hori ere izugarri esperientzia ederra izaten ari da. Hemen ez bagina, bisitan etorri zaizkigun lagun eta familikideekin horrelako elkarbizitza estua izatea ez litzateke posible izango.
Aste hontan "kafesne" eta Simon izan ditugu. Jende atsegin eta interesgarria.
Beraiekin berriro leku berriak ezagutzeko, kontzertutxoren bat entzuteko (Lincoln Center -en Jazz eta flamenko el niño Joselekin) eta afari eta tertulia ederrak egiteko aukera izan dugu.
Atzo agurtu ondoren berriro ere pittin bat umezurtz eta "homesick" sentitu ginen...

Hilabete hontan osaba Josetxo ere joan zaigu.
Ozeanoaren beste aldean urruti sentitu gara, gorputza hemen eta gogoa han.
Gure nahigabea ezin izan dugu horrenbeste maite ditugun izeba Gertrud eta lehengusuekin besarkada batean adierazi. Gizon on baten arrastoa utzi digu eta horrek pakez bete gaitu.

Ihauterietako doinuak ere izan ditugu etxean.
Amonak bidalitako Amianoko apaingarriak gure semealabek bereala zintzilikatu zituzten etxean. Aste Santu arte bertan utziko ditugu.
Marenek meatxu egin ditu: "Galtzen ditudan azken ihauteriak izango direla espero det!"
Xabier anaiak bidalitako argazkiegin nahiko par egin dugu: "Ruedoari azken buelta"/ "Ronkalesako kobradorea eta San ferminetatik gaupasan bueltan zetorren bidaiaria"....

Eta orain udaberriaren zain.

Hilabete hontan lanean, bukatzea espero dudan bi proiektu interesgarri ditut esku artean.
Izugarri ikasten ari naiz.
Jende interesgarri askoz inguratuta nago. Hasiera, batez ere nere txokoa bilatu bitartean, gogorra izan da.
Orain ni ere "Team"-eko beste bat bezala sentiarazten naute.
USA-k baditu kritikagarri diren gauza asko, bainan beraiengatik zientzia eta lan munduan ikasteko asko dugula iruditzen zait.
Aste hontan Amaia Lujambio gure lagun Goizuetarrak "Nature" errebistan sekulako artikulua idatzi du ("The microcosmos of Cancer" Nature 2012;482: 347-355).
Bejondeiola! Hori zientzilari oso gutxien esku dago.
Horrek hainbat inbidi, Martxoaren 18an NY City-ko Maratoi erdian egingo duen markak ematen dit...

Eta bukatzeko Anduri nere esker ona.
Bere laguntza eta maitasunik gabe guzti hau ez bait litzateke posible...

Izaskun Zeberio 


4 comments:

  1. Aupa familia!
    Ze polita idatzi duzuna Ixaxkun...zenbat bizipen etorkizunean gutxinaka irensteko eta asimilatzeko, ezta? Seme-alaben eskola, jarduerak, zure bi proiektuak, Anduren lanak, bisitak...joe...bizirik sentitzeko aitzakirik ez!
    Blogga zoragarria da, kriston lana hartzen duzue haibat bizipen eta gertakizun guri kontatzeko, zenbat argazki eta bideo montaik,...en fin, beti bezala, aluzinatuta nauzue, ausartiak eta bizitzaren aurrean mugarik gabe.
    Beno Andu, "etxekogizon" hemendik dena ongi, udaberiaren zai lehenengo geranioak landatzeko eta hotzari agur esateko gogoz. Kirolarekin dexente ari naiz, korrika, igeri egiten, Pio Barojako rokodromoko bazkide egin naiz eta Pablorekin ostiraletan nola trepatzen den oroituz...nire atletismo planak zutik daude; apirilean anoetara joaten hasiko naiz astean 2-3 aldiz espero, udarari begira frogatxoren bat egiten hasteko eta dena ondo badijoa, hurrengo udazkenean plangintza espezifikoago batean sartzeko asmoarekin.
    Besarkada handi bat Donostitik eta AAAUUUUPAAA TXAPELDUNAK!!

    Iñaki

    ReplyDelete
    Replies
    1. Ah! ze poza zu hemendik ikustea Iñaki!! Egia esan, esperientzia oso intentsoa izaten ari da, baina Ixak idatzian dioen bezala, benetan aberasgarria. Pozten naiz bloga gustatzen zaizula irakurtzean; ikusiko zenuenez aspaldi honetan alper xamar gabiltza bloga eguneratzen, baino dena ezin da… Nire proiektua nahiko aurreratua dut eta berehala bidaliko dizut, erabat bukatu aurretik zure iritzia jakitea asko interesatzen zait. Uste dut, aurten ni baino kirol gehaigo egiten ari zarela, nik bi hiru egunetan 20' korrika egitearekin konformatu behar izaten dut gehienetan, dena den ilusio handia egiten dit jakiteak gogoz ari zarela, ea datorren udazkenean elkarrekin entrenatu ote dezakegun astean behin edo. Pablo aipatu duzula… zenbat denbora ikusi gabe! Besarkada handi bat emaiozu gure partetik, eta dauzkagun lagun komun guztiei ere noski! Eta zuretzat, beste besarkada handigoa oraindik Txapeldun

      Delete
    2. Kaixo famili! Beti zerbait idazteko ta... azkenen hartu degu tartetxo bat. Zorionak 7ori!Primeran ari zarete. Noizean behin jarraitzen zaituztegu eta oso harro gaude ikusten eta irakurtzen degunaz.

      Tolosan bizitza aurrera doa, betiko martxan, ez dela gutxi. Trenak egiten jarraitzen degu (tren bat laister martxan izango da NY-eko estaduan, Amtrak izenekoa), haragia prestatzen eta umeak hazten ari dira.

      Aste santua busti xamarra izan da baino aprobetxatu degu epelean egoteko. Orain patinekin ari gara jo ta su, famili guztia gurpilen gainean. Amatxo berriz Sizilia aldean dabil Josu eta konpainiakin.

      Pasa den Apirilaren 1ean Dina jaio zen, Gloriaren alaba, 4kg-ko morroska. Etxean izan zuen, laguna duen matrona baten laguntzaz eta dena ondo joan zen. Beste "urkola" bat!

      Abuztuan piriniotara joateko asmoz gaude, Cars de Foc-eko aterpe batzuetatik barrena trabesia txiki bat egin nahi degu. Aurten denak oinez!

      Ba besterik ez zaigu bururatzen. Ez daukagu Andu-ren hitz-jarioa ta...
      Jarraitu orain arte bezala eta gozatu ahal bezainbat. Muxu potolo bana montezkuetik. Paaaaaaaa

      Delete
    3. Kaixo Kity eta familia!
      Mila esker idazteagatik eta animoaz gain horrelako berri pozgarriak bidaltzeagatik, besarkada handi bat bidali egiezu Gloria eta Anderri gure partetik!
      Gu hemen ondo gabiltza, eguneroko martxak hangoaren antza handia du baina mendiko plan horiek inbidi handia ematen digute. Hemen mendira beharrean parketara (batzuk oso-oso ederrak dira) edo patinatzera joaten gara; eta nola ez, turismo egitera, bertan horrenbeste denbora eman arren, oraindik zer ikusi gelditzen zaigu eta!
      Besarkada handi bana jaso eta eskuminak etxekoei eta lagunei!

      Delete