Saturday, December 24, 2011

Merry Christmas

Ez da erraza horrelako lanak txintxo-txintxo aurrera eramatea. Denbora, zer konta, aldartea, inspirazioa... hori guztia behar izaten da, eta batzutan... ba ezin.

Gauza asko pasa dira azken hilabetean.

Thanksgiving pasa eta berehala gabonak prestatzen hasi ziren hemen, bueno, han ere hau ez da berria, geroz eta azkarrago hasten dira/gara  argiak eta musika kaleetan jartzen.

Xabi eta Laida hemen izan genituen abendu hasieran, asteburuan beraiekin hiriaz gozatu genuen, astean zehar berriz gu gure eginkizunetara eta ezin denbora gehiegi elkarrekin pasa, baino gauero tertuli goxo eta atseginak izan genituen eguneko kontakizunekin, hango berrik, bakoitzaren kezkak eta ilusioak...

Hogeiean Anderren urtebetezea izan zen, zortzi urteko gizontxoa daukagu etxean!

Azken astean Sara eta Ane dazkagu apopilo, Boisen lau hilabeteko "Erasmusa" egin ondoren etxera bueltan bisita egitera etorri zaizkigu, bueno, eta bide batez New York ezagutzera ere. Oraindik hemen daude eta gurekin ppasako dituzte eguberriko egun hauek. Oso jatorrak eta alaiak izateaz gain eredu ederra dira gure seme alabentzat, gustua ematen du horrelako gazteak atzetik datozela ikusteak!

Egun hauek ahalik eta hobetoen pasa itzazue eta ea martxa hartzen dudan berriz ere eta astero lehiotxo hau irekitzeko gai ote naizen.

Besarkada handi bat denontzat eta bereziki egun hauek arrazoi bat edo besterengatik hutsune edo tristeziren bat barruan duzuen lagun guztientzat. Ea denok gai garen laino tartetik argia ikusteko eta etorkizuna itsaropenez ikusteko!

Merry Christmas.

Gaurko bideoan Xabiren argazki asko sartu ditut, horrela kalitatea hobetzeaz gain ni ere tarteka azaldu naiz.

Saturday, November 26, 2011

THANKSGIVING DAY

Gauza eder asko ikusi ditugu azken hilabeteetan eta... ikusteko gelditzen zaizkigunak! Baino gertatu zaigun gauzarik ederrena ezagutu dugun jendea eta jaso dugun babesa izan da. Iritsi aurretik telefonoz zein e-mailez hartu eman dexente izan genuen Pedrorekin (New Yorken lau urte daramatzan Tolosako gazte ausart eta jatorra), Patxi eta Jaionerekin (NYn 10 urtetik gora daramatzaten Donostiako bikotea) eta Inaki Bastarrikarekin (New Jerseyen 25 urtetik gora daramatzana, mundu guztian zehar ibili dena eta bere bizitzarekin liburu mardul eta eder bat idatzi daitekeen Tolosarra -egunen batean baimena eskatuko diot eta luzeago idatziko dut bere istorioei buruz-). Hemen ginela, David eta Iranzu (Bilbotarra eta Larrasoainar bikotea) bere alaba Leirekin iritsi ziren New Yorkera eta beraiekin ere astero hitzorduren bat izaten dugu.

Pedrok eta Stephiek hasierako egunak askoz ere xamurragoak egiteaz gain (koltxoi puzgarriak erosi, erosketak non egin azaldu, hamaika gonbite piszinara, afari-meriendak egitera, barbakoak...) orain ere astero-astero bisitan etortzen zaizkigu, Maren eta Eunateri etxeko lanekin laguntzen diete... hor egoten dira beti. Mila esker!

Davidek eta Irantzuk umeak hartu dizkigute hauek jai izan dutenean eta Ixaskunek eta biok lana izan dugunean, etxeko lanekin lagundu diete ere eta hor egoten dira beti laguntza emateko prest. Mila esker!

Patxik eta Jaionek asko animatu gintuzten etorri aurretik, eta zalantza asko genituenean ere (pisua non alokatu, nola...) erabiak hartzen ere. Hemen ginenetik kontaktuan jarraitu badugu ere ez dugu aukera handiegirik izan beraiekin elkartzeko (nesken urtebetetzera etorri ziren bere seme Julenekin) baina pasa den igandean bere etxera gonbidatu gintuzten eta egun zoragarria pasa genuen, Queens-eko Forest Hills Gardens-en (lotura ingelesez dago baina gazteleraz ere jarri daiteke) bizi dira,  auzoa 1900 inguruan eraiki zen Tudor estiloarekin eta zinez ederra eta ikusgarria da. Tertuli eder eta interesgarrain pasa genuen eguna eta hauteskundeen emaitzen zapore gazi-gozoarekin etxerako itzulia egin genuen. Mila esker!

Pasa den ostegunean Thanksgiving Day ospatu genuen (urteko egunik seinalatuenetakoa da);  familiak elkartzen dira eta Turkey (Indioilarra) famatua jaten dute. Guk famili zoragarri baten babesean ospatzeko suertea izan dugu. Konta ezinak dira Inaki Bastarrikarekin hitz egin dugun aldiak. Oso maiz deitu izan digu, zerbait behar ote genuen, zer moduz ginen, gu ezagutzeko gogo handia zuela esateko... Eta noiz, Thanksgiving Day baino egun hoberik elkar ezagutzeko? Inaki, New Jerseyeko South Brunswick herrian bizi da bere emazte Ruthekin. Goizean goiz trena hartu eta 50 minuturen bueltan hango estazioan topatu ginen berarekin. Agur goxo eta atsegina egin zigun, autoa hartu eta mundu berri baten barrena abiatu ginen, baso zabalak, famili bakarreko etxeak, urbanizazio dotereak... inguru ederra. Hemen autoa ezinbestekoa da, bizlagunaren etxera joateko ez bada, beste guztirako beharrezkoa da. Amaya, Inakiren eta Ruthen alabaren etxean pasa genuen eguna, bere Senar Brett eta Juliana eta Tommy bere seme-alabekin. Jose (beste semea) eta Jill, bere hiru semeekin, Kyle, Aidan eta Jack ere gurekin izan ziren. Jaki zoragarriak prestatu zituzten (Turkey famatua nagusi izan zen noski!) eta eguna jan-edanean eta giro ezin hobean joan zitzaigun. Gaua berriz Gloria (alaba) eta Cherylen etxean pasa genuen (hauek Noah izeneko mutikoa dute). Goizean gosari aparta egin ondoren Princeton Unibertsitateko kanpusa ikustera joan ginen (bizi diren tokitik oso gertu dago). Unibertsitatea 1748an hasi zen lanean eta garai hartan eraikitako inguruan ibili ginen; zoragarria! Estatu Batuetako unibertsitate hobenetarikoa omen da, bertan zenbait Nobel saridunak irakasteaz gain Albert Einstein ere irakasleen artean egon zen. Mila esker Inaki, Ruth, Amaya, Brett, Jose, Jill, Gloria eta Cheryll! Eta marrubizko muxuak Tomy, Juliana, Kyle, Aidan, Jack eta Noahrentzat!

Eta eskerrak emateko garaia izanik, nola ahaztu familiakoak eta lagunak, idatziz, skypen bitartez edo besterik gabe gurekin maiz gogoratzen zaretenak eta horrebeste indar bidaltzen dizkiguzuenak. Mila esker denoi!



Saturday, November 19, 2011

Aspaldiko!

Konturatu gabe bi aste pasa dira azkeneko sarrera egin nuenetik!

Orain arte ez da erraza izan lasaitasun tartetxo bat hartzea eta patxadadaz idaztea edo bideo bat egitea. Atzo hamar astez egin dudan ingeleko ikastaroa bukatu nuen eta hemendik aurrera goizero 6 ordu inguru izango ditut buru belarri nire proiektuari eskaintzeko eta nire denbora hobeto antolatzeko. Ixak azken hilabetean plantan egin du lana, gaixoekin, eta oso pozik egonda ere ordu mordoa pasa ditu hospitalean (ea egunen batean idaztera animatzen den eta bere hitzekin kontatzen dizuen bere esperientzia).
Umeek ere lehen tarte honetako notak ekarri dituzte eta oso pozik daude egiten ari diren esfortzu handia bertan islatuta ikusi dutelako.

Udazken zoragarria izaten ari gara, baina ia konturatu gabe, zuhaitzak kolore gorrizta, hori eta marroiezko soinekoak eranzten hasi dira. Udazkenean beti izaten dira egun magiko batzuk, hostoak mila kolore hartzen dituzte, baina egun batetik bestera haizearen ufadak diztira guzti hori eramaten du eta... bapatean negua iristen da. Gure uhartetxo honek zuhaitz asko ditu eta egun horiek gozatu ditugu, baina nik Central Parkera joan nahi nuen bertako edertasuna ikustea, baian azkenean gauza bat edo beste  ez da posible izan (lehengo larunbatean gerturatu ginen baina hemen goiz xamar iluntzen du egun hauetan).
Irla kattagorriz beteta dago eta jaki goxoren bat eskaintzen badiezu eskura etortzen zaizkizu jatera. Aurki horiek ere nonbait gorde beharko dira nego gorria pasatzeko!

Azken asteetan lagunen bisitak izan ditugu  eta gustora entzun genituen hango zenbait berri zuzen-zuzenean (Mila esker Xabi eta Amaia eta Jabi eta Ana!). Bestaldetik Halloween ospatu zen eta elurtea zela eta ospakizun nagusiak bertan behera gelditu baziren ere, umeek ikastolan antolatutako festekin eta "Trick or treat" goxoki eskearekin ederki gozatu zuten. Beste ospakizun handia New York City Marathon izan zen. Partehartzaile ugari izateaz gain jende pila ateratzen da kalera lasterkariak animatzera. Guk ere bagenuen nor animatu, David, uhartean bizi den lagun Bilbotarra eta korritzera etorri ziren bere beste bi lagun, Inigo Gasteiztarra eta Antonio Madrildarra. Lasterketaren edertasuna, gogortasuna eta giroa azpimarratu zituzten bereziki. Guk dena den ez genuen alderdirik herrikoiena ikusi, oso goiz joan ginen jendea animatzera eta lau ordu inguru egin zutenak arte ikusi genituen, baina badirudi gehiengo batek denbora hori baino gehiago egiten duela eta asko mozorroturik joaten direla (hiru ordu baino azkarrago sartu ziren batzuk edrki mozorroturik zihoazten ere!).

New York "bisitatzeko" era ederra eskaini nahi dizuet orain (mila esker bidaltzeagatik Loli). Hiriaren puntu ezberdinetatik panoramika ikaragarriak ikus daitezke (Central Park edo Chrisler Building klikatuta gure uhartea oso ondo ikusten da. Ekialderuntz jo eta erreferentzi nagusia hiru tximini zuri gorriak dira) klikatu hemen.






Saturday, November 5, 2011

Fall in Roosevelt Island

Orain dela bi aste, udazkenaren etorrera ospatzeko ekitaldi ugari antolatu zituzten gure uhartetxoan. Irlari bira eman zion lasterketa, eskulanak, kontzertuak... Egun ederra pasa genuen.


Saturday, October 29, 2011

International Dinner

Orain dela aste pare bat nazioarteko afaria izan genuen eskolan. Kultur aniztasuna nonbait badago hemen da, eta zehazki (nire irudipena da) gure uhartetxoan. Afrikako hainbat herrialdetako familiak, Txinatarrak, Japoniarrak, Indikoko uhartetako lagunak (Samoa...), Errusiarrak, Khazastandarrak, Alemaniarrak, Finlandiarrak, Pakistandarrak, Indiarrak, Txiletarrak, Estatu Batuarrak... eta Euskaldunak. Bakoitzak ahal zuena prestatu zuen (gurean eskerrak oraindik Mari Carmen zegoela eta patata tortilla batzuk egin zituela) eta giro onean dena partekatu genuen. Ondorengo festan guraso elkarteko buruak (Summer -bakero kapel batekin azaltzen da bideoan-) ume guztiak dantzan jarri zituen eta zinez polita  eta unkigarria izan zela.



GAUR GOIZEAN ELURRA HASI DU ETA ORAIN DENA ZURI-ZURI DAGO!!!!

Argazki hauek gure etxeko terrazatik eta inguruetan aterakoak dira:










Saturday, October 22, 2011

EPOCA DE ESPERANZA

El viento ha estado muy activo durante la semana. Ha traido excelentes noticias y ha abierto una gran ventana hacia la esperanza. Estamos realmente ilusionados con la nueva etapa que se abre ante nosotros.  Ojalá que todo el mundo esté a la altura de las circunstancias que precisa este momento histórico.

Esta semana ha sido la más tranquila desde que comenzó el colegio, tener a Mari Carmen con nosotros nos ha descargado de muchas labores que van sobrecargando nuestra particular mochila y hacen que lleguemos muy cansados al fin de semana. Los niños están contentos; Ander ha comenzado a jugar a soccer (así llaman al fútbol aqui), Maren y Eunate a Voleibol, Libe tiene un montón de amigas y Xabi esta muy contento en su clase. Izaskun está encantada en su trabajo y yo suelo tener mis altibajos ya que tengo muchas cosas que hacer y no me da tiempo a hacer todo como a mi me gustaría. Mi estrategia siempre ha sido hacer una cosa en cada momento y cuando estoy haciendo algo concentrarme en ese tema al 100%, pero aqui me está resultando difícil ya  que apenas tengo tiempo exclusivo para mi. Me quedan cuatro semanas para acabar el curso de inglés que comencé hace seis y después ya veremos como me voy organizando para poder ir haciendo todo lo que debo hacer y lo que me gustaria hacer (cuidar de la familia, realizar un buen trabajo para el proyecto que presenté y por el que estoy ganado un sueldo, aprender bien inglés, conocer un poco la ciudad, entrenar un poco...).

We will see.

En el video de hoy, además de la llegada de Mari Carmen aparece el bonito día que pasamos en Coney Island, una Isla al sur de Brooklyn que ademas de tener una playa bastante concurrida, ya que tiene acceso directo en metro casi hasta la misma playa (a nosotros nos cuesta alrededor de una hora llegar desde casa), tiene varios parques de atracciones y una pasarela de madera a lo largo de la playa, famosa por haber aparecido en varias peliculas. Llevamos viendo referencias a Halloween desde hace varias semanas y en el parque no iban a ser menos. He puesto algunas fotos de los muñecos macabros que van colgando por todos los lados para que os hagais una idea, pero me he reservado otras porque me parecían excesivas por su realismo y brutalidad. Cada uno tienen sus costumbres...
Al atardecer no acercamos hacia el paseo y la verdad es que nos encontramos con un espectáculo impresionante, decenas de personas de todas las edades (bueno no había demasiados jóvenes) bailando. Por lo que entendimos es un grupo que se junta periódicamente para bailar y pasárselo bien. Estuvimos media hora con la boca abierta.
Aunque Coney Island tiene un punto decadente no carece de atractivos. 



Tuesday, October 18, 2011

SATURDAY MORNING MARKET

Gure otorduak ez dira asko aldatu hemen eta barazkiak erosteko ohiturak ezta ere. Bitxia bada ere, Roossevelt Islanden larunbat goizetan azoka izaten dugu. Zerkausian izan beharrean zubipean izan ohi da, eta baserritar ugari bere gertuko baserrietatik etorri ordez, Pensilvaniatik (80 bat kilometroetara dago) Amish komunitate bateko kideak etortzen dira. Amishak orain dela berrehun urte bezala bizi den jatorri alemandarreko talde kristau anabaptista (ez galdetu zer den hori, wikipedian begiratu -aurreko loturan klikatu-) dira. Adin batekoak Harrisond Ford-en Witness (Único Testigo) fimarekin gogoratuko zarete, ezta?
Ba, hasieran esandakoa, bertan aste guztirako barazkiak eta fruta erosten dugu eta, egia esan, Tolosan bezain ondo jateko aukera izaten jarraitzen dugu.





Sunday, October 16, 2011

JOLASEAN

Egunerokoak ez digu denbora gehiegirik uzten ohiko eginbeharretatik ateratzeko. Oraingoan iraila hasierako goiz eguzkitxu bateko oroimena berreskuratu dut. Hemengo parke askotan freskatzeko eta jolasteko iturriak daude, batzuei ura etengabe darie eta beste batzuetan botoiren bat sakatu behar da. Egun beroetan tarte atsegin bat pasatzeko aukera paregabea.
Bideo gehienetan denok pozik eta alai azaltzen bagara ere, etzazue pentsa beti horrela denik. Gurean, etxe askotan bezala, ez gara muturretatik, garraisi eta haserretatik libratzen (baina ulertuko duzuen bezala, horiek ez dizkizuet erakutsiko...).


Monday, October 10, 2011

URTEBETETZEAK


Irailekoak emozio handietako egunak izaten dira gurean. Aurten are eta gehiago.

Maren, Eunate eta Liberen urtebetetzeak sorpresa zoragarriz beteak egon ziren. Xabi, osabak, bibolina joz esnatu gintuen, Larraxatarren etxera hiru egun jarraietan gure printzesa bakoitzaren lagunak bildu ziren Skipe magiko horren bidez, zoriontzeaz gain, tartetxo batean azken kontuak zuzuen-zuzenean elkarri kontatu ahal izateko. Amona, Aitona, osaba-izebak eta zenbait lagunen zorion agurrak jaso... Ederra benetan, mila esker denei!

Hemen berriz gure sare soziala handitzen doa eta urtebeteatzeak hiru otorduen bueltan ospatu genituen. Lehenengoa gure eraikuntza berean bizi diren lagun Alemaniarrekin (horiekin behintzat hitz egin dezaket, nahiko txukun ulertzen ditut eta nik esaten dudana ere ulertzen dute!). Cornelius eta Andrea orain dela bost urte etorri ziren, baina aurreko lau urteak Long Islandeko beste muturrean pasa dituzte. Itsas ertzeko toki nahiko bakarti eta ederrrean bizi ziren, baina Corneliusen laborategia (Hematologoa da bera ere baina ikerkuntzan dihardu) Manhattanera ekarri dute eta, beraz, haiek ere berriak dira irlan (gu baino astebete beranduago iritsi ziren). Hiru seme-alaba dituzte Johanes, 9 urteko tximista, Luisa 7 urteko neskatxa goxoa eta Julius 3 urteko satelitea. Oso jatorrak dira eta oso ondo ari gara moldatzen beraiekin (nahiz eta Cornelius gehiegi ez ikusi, batzuetan 12 ordu pasatzen baititu laborategian). Lehenengo ospakizun honetara gertu bizi diren Finlandiar batzuk ere etorri ziren Mikko eta Karina, beraien hiru alabekin 13, 10 eta 6 urtekoak. Karina unibertsitate batera etorri da irakasle eta senarra arte plastikoetako sortzailea da. Gutxiago egon gara beraiekin baina oso jatorrak dira. Bukatzeko Patxi Iruinarra eta Ainhoa Donostiarra, Julen semearekin etorri ziren, 10 urte daramatzate hemen eta etorri aurretik, eta ezagutu ez arren, laguntza handia eman ziguten. Pentsa zein nahastea, 12 ume 8 heldu, hiru lurralde ezberdinetakoak, lau hobeto esanda, Andrea Errumaniarra baita. Eta zenbat hizkuntza mahaiaren bueltan! Alemaniera, finlandiera, errumaniera, gaztelera, euskara, eta elkar ulertzeko ingelesa. Oso gustora egon ginen.

Hurrengo egunean Pedro eta Stephie (hauek honez gero ezagutzen dituzue) eta Irantzu eta David (Larrasoainarra bata eta Bilbotarra bestea; orain dela hilabete etorri ziren eta azkenean hauek ere irlan bukatu dute) bere alaba Leire bihurritxoarekin etorri ziren afaltzera eta bigarrengoz urtebetetzeak ospatzera. Oso jende jator eta atsegina da.

Horrenbeste ospakizunen ondoren besterik ez egitea erabaki genuen, baina Andreak nire urtebetetzea zela jakin zuen eta berak gonbidatu gintuen bere etxera afaltzera. Ez da oso ohikoa izaten jendeak bere etxea irekitzea, eta gutxiago horren gutxi ezagututa... Bikain apaindutako mahaiaren inguruan afari ederra eta solasaldi atsegina izan genuen. Mila esker Andrea!

Egunerokoa berriz, ez zaigu asko aldatu, baina pasa den ostiralean Xabierrek oso erantzun polita eman zidan "gehiago ulertzen al diozu Andereinori?" galdetu nionean: "ez, baina ondo pasatzen det". Psikologoaren txistearekin gogoratu nintzen (ez dakizuenoi beste batean kontatuko dizuet, gaurkoz nahiko luze doa eta).

Larunbatean lehenengo bisita iritsi zitzaigun, Mari Karmen, gure adoptatutako "amona". JFK airportera joan ginen bere bila subway (hemen ez okurritu metro edo underground deitzea) eta trenean. Gezurra badirudi ere umeak gauza guztiekin txunditurik eta algaraka "begira hara" "ikusi hau" ... Poztu nintzen beren irrikia ikusita, batzuetan izaten ari diren horrenbeste estimuluekin harritzeko gaitasuna galtzen arituko ote diren pentsatzen baitut; baina zorionez, momentuz ez da horrela, inolaz ere. "ONGI ETORRIA MARI CARMEN" zioen kartela eta guzti joan ginen, baina gu iritsi orduko Mari Carmen han zen, gure zain. Ah ze muxu eta besarkada! (niretzat nahi nituzke askotan!). Etxerako bidea bata besteari hitza kenduz egin genuen. Beste gauzen artean, Mari Carmenek opari eder-eder bat ekarri zuen, Ander eta Xabierren gelakide eta lagunek egindako marrazki zoragarriak. Txora-txora eginda ikusi zituzten. Mila esker denoi (ume, aitatxo, amatxo zein andereinoei).

Esan bezala iraila emozioz betetakoa izaten da gurean. Ospakizun ugari eta oroimen garratz bat. Aurten Antxonen heriotza hilabete berezi honi gehitu zaio. Urriak ere berri goibelak ekarri dizkigu Alegitik. Txoko honetatik besarkadarik goxoena hiretzat Silber eta hirekin kolpe latz hau igarotzen ari diren guztiei, Rakel maite zuten guztiei. Urruti egon arren zuen mina gure sentitzen dugu.




Saturday, October 1, 2011

ANDER IDAZTERA ANIMATU DA

Kaixo, Ander naiz.

Mila esker idazteagatik, Oier. Ni ere asko gogoratzen naiz zuetaz, lagun guztietaz. Esaiezu nahi badute blogean idazteko. Ni hemen oso ondo nago, eta zu eta gelako guztiak, zer moduz zaudete? Oraindik ez daukat lagunik baina egingo ditut. Nire andereinoaren izena Mrs. Lewis da, ez da oso txintxoa, ez da Maribi bezalakoa, asko gogoratzen naiz berataz ere (eta gu ere -Andu-).

Orain lehengo egun batean patinetan ibili gineneko bideoa jarriko du nire aitatxok.

agur


2011ko irailaren 18a (irailaren 21etik zorretan utzitako bideoa)
Musika: ALOS QUARTETen HAMAR TANTA diskotik: Alaitsu eta Ezpatadantza

KOMENTARIOAK NOLA EGIN

Lehenik eta behin barkamenak eskatu nahi dizkizuet komentarioak egiten saiatu eta lortu ez duzuen guztioi!

Ez ditut oso ondo ezagutzen tresna hauen zenbait gauza eta ez nekien gmaileko kontu bat eduki behar zela komentarioak egiteko.

Konfiguzazioa aldatu dut eta orain, komentarioa idatzi ondoren:

"comentar como" jartzen duen horretan "anonimo" aukeratu eta listo.

Ea oraingoan...

Friday, September 30, 2011

ANTXON BANDRES ETA TROIKA

Antxon eta bera maite genuen lagun guztiongandik gertuago sentiarazi gaituzten hitz eder hauek bidali zizkigun Juantxok bart. Hitzekin batera berak moldatutako Habaneraren doinuak, Antxon elizkizunean agurtzeko erabilitako doinu bera. Juantxori zuek guztiokin konpartitzeko irudi eta sentimenduak zirela esan diot eta halaxe, tokia egin diegu hemen, NYn.


TROIKA

Gaur Antxon agurtu dugu.


Eguerdiko ordu batean Tolosako kanposantuan izan da. Egun zoragarria, argia, bero. Abuztukoa irailekoa bainoago zirudien eguna. Argitsua, parez pare berak hainbeste maite zituen mendiak. Ni kanposantura heldu naizenean "Et incarnatus" orkestrako 10-12 bat kide TROIKA iñauterietako habanera ederra entsaiatzen eguzkipean. Hunkituta. Irundik, Donostiatik, Errenteriatik ostegun goiza libre hartu eta hona etorri dira apenas ezagutzen ez zuten gizon baten lurperatzean beren musika eskaintzera.


Urtean behin izaten zuten Antxonen berri Iraolako zuloan, Solstizio kontzertuan, gure buruari urtero egiten diogun omenalditxoan. "Izan direnen, direnen eta etorriko direnen" omenez, eguzkiaren eta bizitzaren gorazarre uda hasieran egiten dugun ekitaldi xumean. Mendez mende zutik dirauen pagadiaren altzoan -gure ondorengoek izango al dute gure zorte bera?-. Gizakion bizitzaren ikusle mutu diren pago hauen magalean. Metafora polita, baino errealitateak batzuetan -gaur adibidez- ekaineko argitasun haren sakontasuna benetakoa dela gogora arazten digu. Ez gara betirako eta batzuk badoaz. Nahi baino lasterrago gainera. Gaur bezala.

Eta zenbat horrelako egingo zituen Antxonek bere bizitzan? Zenbat solstizio? "Benga Robinxon, noiz goaz? Zer egin behar da?" "Todoterrenoa" hartu, musika-tresnak sartu, aurreko astean segadorarekin garoa ebaki lokaztutako zorua egokitzeko, otordua prestatu. Kristian belarra jasotzen...Euria ari duela, "goazen ireki berri duten Urkizuko elkartera!". Ez zen ez geldik egotekoa, ez.
Eta zenbat solstizio desberdin bere bizitzan. Seguraski Marijosek baino ez ditu jakingo.

TROIKA jendea hilobirantz zihoanean eta TROIKA jendeak hilobia utzi duenean.

Kantuaren lehen notak entzun eta denok ulertu dugu. Antxon da. Nork bestela antolatuko zuen horrelako kontzertua berriro ere antzokietatik kanpora?

Zenbat pentsamendu eta malko gaur goizean; zenbat jende, ze desberdin, baina denak pasioren bat edo bestek bultzatuak. Mendia, musika, elkarteak, iñauteriak, gabonak...PASIOA zen Antxonena. Pasioz bizi denak, pasio horren pareko harremanak eta gozamenak sortzen ditu, baina hau falta denean tamaina berekoa da hutsunea. Gure hutsunea. Gaurkoa.

Eta bitartean TROIKA eguzkipean, iraileko eguzkipean, eta Antxon ikusi dugu mendi maldaren batean, edo... Tolosako Berdura plazan zen? Habanera goxo bat dantzatzen.

2011eko IRAILAK 29

Juantxo Zeberio Etxetxipia

HABANERA

Wednesday, September 28, 2011

AGUR LAGUN HANDIA

Egun tristea gaurkoa.


Pertsona handi bat joan zaigu, lagun handi bat.


Gogoan dut zein ilusioa egin zizun Iruinean topatu ginenean Ixa, Juantxo, zu eta laurok mendiko medikuntzako kongresu batean. Jende guztiari esaten zenion (ponenteak, adituak…), "Begira, hauek Tolosako nire lagunak dira" . Kongresuari amaiera emateko Aunamendira igo ginen eskiekin; nola disfrutatzen zenuen horrelakoetan!


Hogei urtetik gora pasa dira egun haietatik.


Urte guzti hauetan, zu gehiago ezagutzeko suertea izan dugu. Zure eskuzabaltasunaren lekuko zuzena izan gara, zure jakintza anitzekin ikasi dugu eta jakiteko eta ikasteko zure gogo amaigabeaz pittin bat kutsatu gaituzu. Federazioan zure ondoan emandako urteak gogorrak izan ziren, lan hadia egin genuen, musutruk noski, eta askotan esker txarreko hitzak entzunez. Baina zu, horren guztiaren jakitun izanda ere (ez zinen alperrik horren aurretik beste 4 urte Lehendakari izan) horren gainetik zinen. Bazenekien egin beharreko lana zela, norbaitek ardura hori hartu behar zuela eta horregatik heldu zenion erronkari gazte talde batez inguratuta. Asko ikasi nuen zure ondoan 4 urte horietan. Nola ahaztu Formigal inguruko mendi irteerak, eskiko txapelketak, solstizioko kontzertua…


Besarkada handi bat asko maite zaituen familia guzti honen partetik, Antxon!


Gizon handi baten ondoan emakume are eta handiagoa egoten da maiz, hori zu zara Mari Jose. Zuri eta Cristiani gure maitasun eta indar guztia bidaltzen dizuegu une latz hauetan: zuekin gaude une oro.


Maite zaituzten,

Maren, Eunate, Libe, Ander, Xabier, Ixa eta Andu



Wednesday, September 21, 2011

ASTE GOGORRA

Nekatu xamar gabiltza.

Eguneroko erritmoa ez da batere makala. Goizeko zazpiretan jeikitzen gara denok, Libe, Ander eta Xabier 7:50etarako eskolan egon behar baitute indartze saioetarako. Xabier gaixoa, egunero negarrez uzten dugu. Besteak ez dituzte bere kezkak horrela azaleratzen, baina pentatzen dut gogorra egingo zaiela baita ere. Egia esan, arratsaldeko hiruretan bila joaten natzaienean oso pozik egoten dira denak, hitza bata besteari kenduz goizeko abentura guztiak kontatu nahian.

Eskolan bazkaltzen dute (Xabierrek gehienetan ez du mokadurik jaten). Nahiko otordu xelebreak izaten dira diotenez, hamburgerra, pizza, oilasko xerratxoak, sandwichak... eta fruta aleren bat. Mcdonalseko menuen antza dutela ezin uka, osasuntsugoak izango ote dira!

Eskolatik bueltan batzuetan goseak egoten dira eta bazpadaere zerbait pretatuta izaten dugu. Lauetarako etxerako lanekin haten gara, eta neurria hartuko diogula espero dut, baina momentuz, bi ordutik gora aritzen gara jo ta su, google transletorra gora eta behera. Ixaskun iristen denean (bostak eta seiak bitartean) opari ederra izaten du zai. Marenen eta Eunateren lanik zaienak (Tolstoiren testu bat, Indenpendentzi gerra...) zelofan gorrian bilduak (je,je).

Eskolan hasi zirenetik lan egun gehienak horrela doaz, atseden handirik gabe eta jolas eta jarduera fisiko gutxi xamar eginez. Ea lehen bait lehen bukatzen dugun egokitze aldi hau! Erritmo honekin ezin izango baitugu luzaro jarraitu!

Azken asteburua berriz, bizitza sozial handikoa izan zen. Ostiral arratsadean, City University of New Yorken Atxagaren izena eramango duen Euskal hizkuntzaren katedra berriaren inaugurazio ekitaldian izan ginen. Atxagak berak heman zuen hitzaldia interesgarria izan zen oso eta euskara eta euskal kulturaren inguruan honako hau esan zuen «Esistitzea ez da nahikoa. zeure burua ikustarazi behar duzu. Horregatik, mapan jarri behar da». Nik neurera ekarri nuen, blog honetara, hemen ari naiz ni gure bizipenak kontatzen; konturatu gabe gure abenturatxo hau eskala txikiko mapa batean kokatzen. Dena den, blog honen izate nagusia zuei gure bizipenen berri ematea besterik ez da, zuek ere pittin bat zeuena egin dezazuen esperientzi hau. Horregatik, zuen komentarioak egitera animatu nahi zaituztet. Bestela batzuetan bakarrizketa batean arituko banintz bezala sentitzen bainaiz. Nahi duzuena: idatzitakoa komentatu, bideoari buruz zerbait, galderaren bat... (gogorregi ez nazazue astindu eh!) Joan etorriko bloga izatea gustatuko litzaidake.
Ostiral arratsaldera bueltatuz, oso tarte atsegina igaro genuen, euskaldun eta euskal mundua maite duen jende askoren artean. Oso giro etxekoian izan ginen.

Larunbatean berriz Pedrok eta Stephiek Pedroren jefe txiletarra, bere emaztea eta bi alabekin bazkaltzera gonbidatu gintuzten. Lau bat urte daramatzate hemen eta gustura entzun genituen bere esperientziak.

Igandean zerbait aktiboa egiteko beharra genuen eta erosi ditugun bigarren eskuko (ia berriak) patinak hartu eta Hudson River ertzeko paseotik 145. streetetik 10.enera joan ginen. Zoragarria (bideoa ikusi). Ondoren Igor Susaetarekin geldituak ginen. Igor Urretxuarra da eta ia urtebete darama hemen. Berriako lana tarte baterako utzi eta New Yorkera. Esperientzi interesgarri eta gogorra berea. Lan gogorretan aritu da eta azken aldian PEDICAB bezala dabil, turistak gurdi moduko batean eramaten! Euskal etxean gelditu ginen eta ederki pasa genuen bere istorioak eta bertan zeuden beste euskaldunekin kontu-kontari (Itziar, bertan 24 urte daraman Andoaindarra; Julen 10 urte zituenetik hemen dagoen Bakiotarra eta Aitzol, USAn bost urte daramatzan Donostiarra).
Igorrek blog interesgarria eta oso ondo idatzia du (honez gero nahiko mardula. Bina sarrera astero ia urtebetean, pentsa) Bisita bat egitea merezi du (klikatu).

ORAINDIK EZ DUT BIDEOA EGIN, EA BIHARKO EGITEN DUDAN!

Friday, September 16, 2011

TEN YEARS LATER

Egun berezia inondik ere irailaren hamaikakoa. Nor ez da gogoratzen non eta zertan ari zen orain dela hamar urte?
Eta gauzak nola diren, nok esango zigun guri hilabete batzuk lehenago gaurko eguna hemen igaroko genuela.

Goizeko hamarretan midtown-eko kaleak jendez mukuru egoten dira egunero. Gaur berriz, ia ez dabil inor, taxi hori bakan batzuk kale hutsetan barrena. Ospakizun ofizial guztiak "Zero zone" inguruan dira; mundu guztia telebisioari begira egongo da eta bertako asko hango kaleetan ibiliko dira seguruenik.

St. Patrickseko katedralera joateko egun egokia iruditu zaigu. New Yorkeko gotzaiak eman du meza, orkestra eta koroak lagunduta; egun handietan bezala. Elizaren erdigune osoa galaz jantzitako suhiltzaileak hartzen dute, dena oso solemnea eta hunkigarria. Jendearen txalo artean elizaren sarrera nagusitik irten dira suhiltzaileak. Estatu Batuetako txoko guztietatik etorritako suhiltzaile dotoreaz josita dago hiria. Egun hartan hildako guztiak aintzat hartuak badira ere, suhiltzaileak presentzia nabarmenagoa dute. Hirurehundik gora hil omen ziren. Garai hartako NYeko suhiltzaileen erdiak!

St. Patricksetik irten eta Broadway kaletik behera abiatu gara. Ohi baino jende gutxixeago dabil, baina hemen ez da asko antzematen egun berezia denik.

Zero Zonera, iritsi gara. Poliziaren presentzia ikaragarria da, txoko guztietatik dabiltza. Suhiltzaileak jadanik bere galazko trajeen botoiak askatzen hasi dira eta Hamburger-a edo hot dog-a eskuetan ikusi ditugu. Eguna luze doa. Inguruan oroitzapen adierazpen ugari ikusten ditugu eta gurea ere utzi dugu (umeek berehala anaitu gaituzte Estatu batuekin!).

Eta nola ez ba! Milloika pertsonen artean Tolosar batekin topatu gara! Juanfer Garcesekin. Bera eta Maider egun batzuetarako lanera etorriak dira.

Gaur Estatu Batuar askorentzat, oroimenaren gainetik agian, aberriaren goratze eta autoafirmazio eguna ere badela esango nuke. Giro honetan, bi tipo ausartekin topatu gara, gobernuaren hipokresiaz eta urte hauetan hartutako bidearekin oso kritiko mintzo dira. Jendeak entzun eta bere bidea jarraitzen du. Egoera hau pentsaezina iruditzen zait Euskal herrian (eta zer esanik ez Espainan). Nituen aurreiritzi asko goitik behera etorri zaizkit.

Battery Park aldera abiatu gara, bertan ekitaldi gehiago omen daude. Bidean umeentzat jolas ugari eskaintzen dituen parke batekin topatu gara eta bizi pozak lekua hartu dio berriz ere egun berezi honen giroari.

Bideoa igotzerakoan audioa aldatzeko eskatu dit. Pena da baina ez da nik hasieran egindakoa!





Tuesday, September 13, 2011

The first day at school

Pasa den ostegunean, irailak 8, lehenengo eskola eguna izan zen. Eskola, irakasle eta gelakide berriak, hizkuntza desberdina... uff, gauza gehiegi egoerari patxadaz aurre egiteko. Nola edo hala lehen egun hori pasa genuen (egia esan, umeek pasa zuten batez ere) eta orain, lau eskola egun pasa ondoren, lasaiago gaude denok.

Tuesday, September 6, 2011

MUNDU BAT HIRI BATEAN

Metroko linea batek mundu ezberdinetara eraman zaitzake minutu gutxiren buruan.

New York Cityko subwayko zazpigarren ibilbidea denboraren makinaren antza du.

Gran Central Terminal eder eta dotorean sartu eta pasiloen labirintotik zazpigarren nasara (euskaraz "anden" hitzak USeko espazioko agentziarena konpartitzen duela konturatu naiz, eta kasu honetan badu bidai kosmikoen antza) iritsi eta bultzada artean bagoian sartu gara. Bost minutu lehenago bosgarren abenidan ginen, denda dotoreak, modeloen argazki saioak, eraikuntza izugarriak, eta bapatean... metroak iluntasuna uzten du eta Queensen azaltzen da.

Alboetara begiratuta graffiti ederrez estalitako biltegiak eta atzean berriz Midtowneko (Manhattango erdialdea) ikuspegi paregabea azaltzen zaigu. Hamar minutuetan Jackson Heights auzora iristsi gara. Metroa Roosevelt Avenueren gainetik doa eta bere babespean mundu oso bat, indiarrak, hego ameriketako herri askotako lagun, txinatarrak... Sinesgaitza zaigu ordu bete lehenago non ginan eta orain non gauden!

Indiar jatetxe batean bazkaldu dugu (edo bazkaldu dut esan beharko nuke, gainontzeko mixkin hauek ez baitituzte jakiak probatu ere egin!) eta berriz ere metrora igo gara. Oso denbora laburrean Flushingera iritsi gara. Tenis zaleei Flushing Meadows izenak zerbait esango dizue ezta? Bai horixe, Us Open hemen jokatzen da! Partidurik ez dugu ikusi (sarrerak nahiko garestiak dira eta txikik bost minutura aspertuta egongo liratekelako) baina jokalarien entrenamendu saioak eta giroa ikustearekin nahikoa izan dugu.

Phileas foggen antzera sentitzen gara, baina munduari bira 80 egunetan eman beharrean lau orduetan eman diogu!




Sunday, August 28, 2011

BROOKLYN BRIDGE

Urakana pasa da eta ez dugu gauza handirik antzeman. Euri dexente egin du eta goizean zuhaitzen bat erorita eta lurretik adar ugari, baina ezer gutxi espero zitekenarekin. Hobe horrela!

Etxetik atera gabeko ordu hauetan beste bideotxo bat egiteko tartea izan dut. Brooklyn Bridge eta bere inguruak dira. Eguraldi apartak lagunduta arratsalde zoragarria pasa genuen paraje eder honetan. Zubiaren erdialderaino jende ugari zebilen, baina hortik aurrera eta Brooklyneko zubi ondoko auzo honetan oso lasai ibili ginen, paseoan, parketan jolasten eta "fiesta de los 15" (edo de los 16, ez dakit) eta hezkontza batzuk ikusiz.

Saturday, August 27, 2011

IRENE URAKANA

Badirudi sekulakoa datorkigula hemen hartzen ari diren neurriak ikusita. Denda gehienak itxi egingo dituzte larunbata eta igandean (eta hori hemen sekulakoa da, dena 24 orduz irekita egoten da eta). Garraio publiko guztia ere gaur eguerditik aurrera geldirik egongo da astelehenerarte. Janaria erosteko eta etxetik ez ateratzeko gomendioa egin dute.

Amaiak (bertan lanean ari den Goizuetarrak) bere etxera joateko gonbitea egin digu. Ausarta behar da gero gu bezalako koadrila gonbidatzeko, Amaia! Mila esker!

Pedrok ere irlatik badoala esan digu, New Jerseyeko lagun batzuen etxera.

Seigarren pisu batean bizi gara eta etxeak sendo kitxura duenez bertan goxo gelditzea erabaki dugu. Ikusiko dugu zertan gelditzen den dena. Egia esan orain arte euria egin duen guztietan zaparrada tropikalen itxurako ekaitzak izan dira. Bapatean zerua belztu egiten da eta gereizien tamainako tanta lodik erortzen dira.

Pasa den astean lurrikara bat izan omen zen eta guk nabaritu ere ez genuen egin.

Ikusiko dugu oraingoan...

To be continued.

Thursday, August 25, 2011

HIRIA IKUSTERA

Abiatu aurreko gauean afari bikaina eskaini ziguten Larraxatarrak eta afalostean Mattinek opari eder hau egin zigun:

Urte bat New Yorken
zoazte bizitzera
hasieran ikusi
gero ikastera
urtea etxetikan
kanpo igarotzera
ta buelta iritxi arte
hiria ikustera.

Gero batzuk bisitan
hau bai zalaparta
nahiz eta ideia den
on, ona aparta
hitz eiteko aukera
edukiko deu ta
nahiz gero bagoazen
abioia hartuta

Doinua: Txuriko

Agur Andu, Ixaxkun
Maren ta Eunate (bis)
ondo pasa New Yorken
ta abendurate (bis)

Agur zuei ere bai
Ander, Xabi, Libe (bis)
han ondo portatzea
izango da hobe (bis)

Doinua: Orbelak airez-aire

Oraindik ez gara jabetu urte osorako etorri garenik. Gestio gehienak egin ondoren, turisten gisa gabiltza, Mattinek zioen bezala "hiria ikustera". Hiri honetan toki eta gauza interesgarrien zerrenda amaigabea izan arren, denbora mugaren premiarik ez izateak patxadaz ibiltzea errazten du.

Iritsi ginenean zarata etengabea burmuineko zokorik izkutuetaraino sartzen zitzaigun, baina gizakiok gauza guztietara ohitzen garenez, jadanik polizia, anbulantzia eta suhiltzaileen sirena hotsekin ere ohitu gara.



Monday, August 22, 2011

TRADUCCIÓN A "INGLES STANDARD"

Esto del multilingüismo nos va a dar más trabajo de lo que pensaba. Tendré que probar con el traductor de google a ver qué tal va...

Las últimas semanas en Tolosa fueron una pequeña locura, los nervios previos al viaje, medio vaciar la casa, hacer las maletas y procurar no olvidarnos nada...
Y la llegada a NY siguió un poco la misma línea; llegamos tarde y cansados a un piso sin luz ni muebles pero gracias a que Pedro (un Tolosarra majísimo que vive aquí en Roosevelt Island con su mujer Stephie que es también encantadora y están haciendo que nuestros primeros días aquí sean mucho más agradables) nos compró unos colchones hinchables pudimos dormir muy bien. Al día siguiente fuimos a IKEA y amueblamos la casa en tiempo récord, y aunque hemos tenido que hacer muchos trámites, también estamos aprovechando para hacer turismo ya que Ixa no empieza hasta el 1 de septiembre y the children el 8.

Lo del inglés standard no es del todo mentira ya que aquí muchísima gente habla castellano.

Thursday, August 18, 2011

GURE BLOGA JAIO DA

Aste bete pasa da jadanik NYera iritsi ginenetik.

Bidai hasiera gogorra izan zen denontzat, atzean uzten genituen familia eta lagunak eta aurrean... ba... ilusioa, kezkak, ametsak eta beldurrak.

Berandu iritsi ginen Roosevelt uharteko gure kabitxora eta altzaririk eta argirik ez bagenituen ere, Pedrok (hemen bizi den beste Tolosar bat!) erositako koltxoi puzgarriei esker goxo-goxo egin genuen lo.

Mila esker Pedro, zuk eta Stephiek ematen ari diguzuen laguntza guztiagatik!

Biharamunean bankuko kontua ireki (bete behar diren paper guztiak ikusita dirua oparituko dizutela pentsa zenezake!) eta Brooklyneko IKEAra. Lauretarako erosketa egina bagenuen egunean bertan etxera eramango liguketela esan ziguten; hiru orduetan etxerako behar genuen guztia erosi eta dendako errekorra ondu ondoren, altzariak hurrengo egunerarte ezin izango zizkigutela eraman esan ziguten. Bigarren gaua argi eta altzaririk gabe.

Hemen dena da handia: building-ak, kotxe, kamioiak eta jendea.

Oso pisu ederra dugu eta Roosevelt Island oasi txiki bat da Manhattan-en ondoan. Ia trafikorik ez dago eta berde-gune eta parke ugari ditu. Irlatik sartu-irteerak egiteko teleferiko ikusgarri bat erabili behar da. East Riverren gainetik zoazela dena da harrigarria, Queensboro bridgeko egitura ia ikutu dezakezu, burnien artean ONUko eraikuntza ikusten da, begirada altxatu eta Chrisler Building eta Empire State nor baino nor azaltzen zaizkizu.

Astea etxea ornitzen, Ixaren laneko gestioak eta umeen eskolakoak egiten joan zaigu, baina hala era turismo pixka bat ere egin dugu. Hurrengo bideoa horren lekukoa da.

LEHENENGO ASTEA NEW YORKen

Ondorengo bideoan gure "opor" luze hauen lehendabiziko asteko zenbait pasarte ikusi ahal izango dituzue!