Friday, September 16, 2011

TEN YEARS LATER

Egun berezia inondik ere irailaren hamaikakoa. Nor ez da gogoratzen non eta zertan ari zen orain dela hamar urte?
Eta gauzak nola diren, nok esango zigun guri hilabete batzuk lehenago gaurko eguna hemen igaroko genuela.

Goizeko hamarretan midtown-eko kaleak jendez mukuru egoten dira egunero. Gaur berriz, ia ez dabil inor, taxi hori bakan batzuk kale hutsetan barrena. Ospakizun ofizial guztiak "Zero zone" inguruan dira; mundu guztia telebisioari begira egongo da eta bertako asko hango kaleetan ibiliko dira seguruenik.

St. Patrickseko katedralera joateko egun egokia iruditu zaigu. New Yorkeko gotzaiak eman du meza, orkestra eta koroak lagunduta; egun handietan bezala. Elizaren erdigune osoa galaz jantzitako suhiltzaileak hartzen dute, dena oso solemnea eta hunkigarria. Jendearen txalo artean elizaren sarrera nagusitik irten dira suhiltzaileak. Estatu Batuetako txoko guztietatik etorritako suhiltzaile dotoreaz josita dago hiria. Egun hartan hildako guztiak aintzat hartuak badira ere, suhiltzaileak presentzia nabarmenagoa dute. Hirurehundik gora hil omen ziren. Garai hartako NYeko suhiltzaileen erdiak!

St. Patricksetik irten eta Broadway kaletik behera abiatu gara. Ohi baino jende gutxixeago dabil, baina hemen ez da asko antzematen egun berezia denik.

Zero Zonera, iritsi gara. Poliziaren presentzia ikaragarria da, txoko guztietatik dabiltza. Suhiltzaileak jadanik bere galazko trajeen botoiak askatzen hasi dira eta Hamburger-a edo hot dog-a eskuetan ikusi ditugu. Eguna luze doa. Inguruan oroitzapen adierazpen ugari ikusten ditugu eta gurea ere utzi dugu (umeek berehala anaitu gaituzte Estatu batuekin!).

Eta nola ez ba! Milloika pertsonen artean Tolosar batekin topatu gara! Juanfer Garcesekin. Bera eta Maider egun batzuetarako lanera etorriak dira.

Gaur Estatu Batuar askorentzat, oroimenaren gainetik agian, aberriaren goratze eta autoafirmazio eguna ere badela esango nuke. Giro honetan, bi tipo ausartekin topatu gara, gobernuaren hipokresiaz eta urte hauetan hartutako bidearekin oso kritiko mintzo dira. Jendeak entzun eta bere bidea jarraitzen du. Egoera hau pentsaezina iruditzen zait Euskal herrian (eta zer esanik ez Espainan). Nituen aurreiritzi asko goitik behera etorri zaizkit.

Battery Park aldera abiatu gara, bertan ekitaldi gehiago omen daude. Bidean umeentzat jolas ugari eskaintzen dituen parke batekin topatu gara eta bizi pozak lekua hartu dio berriz ere egun berezi honen giroari.

Bideoa igotzerakoan audioa aldatzeko eskatu dit. Pena da baina ez da nik hasieran egindakoa!





No comments:

Post a Comment