Friday, September 30, 2011

ANTXON BANDRES ETA TROIKA

Antxon eta bera maite genuen lagun guztiongandik gertuago sentiarazi gaituzten hitz eder hauek bidali zizkigun Juantxok bart. Hitzekin batera berak moldatutako Habaneraren doinuak, Antxon elizkizunean agurtzeko erabilitako doinu bera. Juantxori zuek guztiokin konpartitzeko irudi eta sentimenduak zirela esan diot eta halaxe, tokia egin diegu hemen, NYn.


TROIKA

Gaur Antxon agurtu dugu.


Eguerdiko ordu batean Tolosako kanposantuan izan da. Egun zoragarria, argia, bero. Abuztukoa irailekoa bainoago zirudien eguna. Argitsua, parez pare berak hainbeste maite zituen mendiak. Ni kanposantura heldu naizenean "Et incarnatus" orkestrako 10-12 bat kide TROIKA iƱauterietako habanera ederra entsaiatzen eguzkipean. Hunkituta. Irundik, Donostiatik, Errenteriatik ostegun goiza libre hartu eta hona etorri dira apenas ezagutzen ez zuten gizon baten lurperatzean beren musika eskaintzera.


Urtean behin izaten zuten Antxonen berri Iraolako zuloan, Solstizio kontzertuan, gure buruari urtero egiten diogun omenalditxoan. "Izan direnen, direnen eta etorriko direnen" omenez, eguzkiaren eta bizitzaren gorazarre uda hasieran egiten dugun ekitaldi xumean. Mendez mende zutik dirauen pagadiaren altzoan -gure ondorengoek izango al dute gure zorte bera?-. Gizakion bizitzaren ikusle mutu diren pago hauen magalean. Metafora polita, baino errealitateak batzuetan -gaur adibidez- ekaineko argitasun haren sakontasuna benetakoa dela gogora arazten digu. Ez gara betirako eta batzuk badoaz. Nahi baino lasterrago gainera. Gaur bezala.

Eta zenbat horrelako egingo zituen Antxonek bere bizitzan? Zenbat solstizio? "Benga Robinxon, noiz goaz? Zer egin behar da?" "Todoterrenoa" hartu, musika-tresnak sartu, aurreko astean segadorarekin garoa ebaki lokaztutako zorua egokitzeko, otordua prestatu. Kristian belarra jasotzen...Euria ari duela, "goazen ireki berri duten Urkizuko elkartera!". Ez zen ez geldik egotekoa, ez.
Eta zenbat solstizio desberdin bere bizitzan. Seguraski Marijosek baino ez ditu jakingo.

TROIKA jendea hilobirantz zihoanean eta TROIKA jendeak hilobia utzi duenean.

Kantuaren lehen notak entzun eta denok ulertu dugu. Antxon da. Nork bestela antolatuko zuen horrelako kontzertua berriro ere antzokietatik kanpora?

Zenbat pentsamendu eta malko gaur goizean; zenbat jende, ze desberdin, baina denak pasioren bat edo bestek bultzatuak. Mendia, musika, elkarteak, iƱauteriak, gabonak...PASIOA zen Antxonena. Pasioz bizi denak, pasio horren pareko harremanak eta gozamenak sortzen ditu, baina hau falta denean tamaina berekoa da hutsunea. Gure hutsunea. Gaurkoa.

Eta bitartean TROIKA eguzkipean, iraileko eguzkipean, eta Antxon ikusi dugu mendi maldaren batean, edo... Tolosako Berdura plazan zen? Habanera goxo bat dantzatzen.

2011eko IRAILAK 29

Juantxo Zeberio Etxetxipia

HABANERA

No comments:

Post a Comment