Tuesday, September 6, 2011

MUNDU BAT HIRI BATEAN

Metroko linea batek mundu ezberdinetara eraman zaitzake minutu gutxiren buruan.

New York Cityko subwayko zazpigarren ibilbidea denboraren makinaren antza du.

Gran Central Terminal eder eta dotorean sartu eta pasiloen labirintotik zazpigarren nasara (euskaraz "anden" hitzak USeko espazioko agentziarena konpartitzen duela konturatu naiz, eta kasu honetan badu bidai kosmikoen antza) iritsi eta bultzada artean bagoian sartu gara. Bost minutu lehenago bosgarren abenidan ginen, denda dotoreak, modeloen argazki saioak, eraikuntza izugarriak, eta bapatean... metroak iluntasuna uzten du eta Queensen azaltzen da.

Alboetara begiratuta graffiti ederrez estalitako biltegiak eta atzean berriz Midtowneko (Manhattango erdialdea) ikuspegi paregabea azaltzen zaigu. Hamar minutuetan Jackson Heights auzora iristsi gara. Metroa Roosevelt Avenueren gainetik doa eta bere babespean mundu oso bat, indiarrak, hego ameriketako herri askotako lagun, txinatarrak... Sinesgaitza zaigu ordu bete lehenago non ginan eta orain non gauden!

Indiar jatetxe batean bazkaldu dugu (edo bazkaldu dut esan beharko nuke, gainontzeko mixkin hauek ez baitituzte jakiak probatu ere egin!) eta berriz ere metrora igo gara. Oso denbora laburrean Flushingera iritsi gara. Tenis zaleei Flushing Meadows izenak zerbait esango dizue ezta? Bai horixe, Us Open hemen jokatzen da! Partidurik ez dugu ikusi (sarrerak nahiko garestiak dira eta txikik bost minutura aspertuta egongo liratekelako) baina jokalarien entrenamendu saioak eta giroa ikustearekin nahikoa izan dugu.

Phileas foggen antzera sentitzen gara, baina munduari bira 80 egunetan eman beharrean lau orduetan eman diogu!




3 comments:

  1. Zorte on eskola berrian! glubbbbb.... ni ere bihar hasten naiz... ea nolakoak diren EB-tako ikasleak!

    ReplyDelete
  2. Aupa Izaskun!
    Zorte on zuretzat ere hastera zoazen ibilbide berrian. Ziur dena primeran joango zaizula! Animo eta kontatuko diguzu.

    ReplyDelete
  3. Bai... harrigarria da NY benetan!!! Hau da gogoa zuekin batera abenduan ikusteko!!!

    Animo eta zorterik onena pamili osoari biharko abentura berriarekin (Skypea gaur -gure- gauean?)

    Muxu erraldoia denon partetik!!!

    ReplyDelete