Saturday, December 30, 2017

YUKON. Urre bilatzaileen arrastoei jarraituz.


Yukon Lurraldearen hiriburuan gaude, Whitehorsen, Kanadako ipar mendebaldean.

Lagun talde bitxia osatu dugu bidai honetarako. Gazteenak, Eunatek, 16 urte ditu, ondoren Mattin dator, 17, Aitor 23, Nagore 36, ni neu 48, Josu 58, Ane 59 eta Alito 64. Batzuk ez dugu elkar ezagutzen. Josu da elkartzean gaituena, denok bere lagunak gara eta berak banan-banan bidaia egitea proposatu digu.






Hona iritsi aurretik “The Chilkoot Trail” mendiko ibilaldia egin dugu Skagwayetik Benneteraino. Bide hau eginez hasi zuten beren odisea 1897ko udazkenean urre bila abiatu ziren 100.000 lagunek.



Benneten txalupak eraiki zituzten eta Dawson Cityraino Yukon ibaian behera jo zuten. Bide luzea eta arriskutsua. Laku luzeetako olatuetan eta Yukon ibaiko ur lasterretan ausart haietako askoren ametsak ito ziren betirako...



Gu, berriz, Bennetetik Whitehorsera trenez eta autobusez joan gara. Benneten bertan kanoak hartzea logistikoki oso zaila eta garestia zelako.



Euria goitik behera ari duela, jakiak eta beharko ditugun trasteak plastikozko bidoi estankoetan sartu ditugu, eta arropa, berriz, poltsa iragazgaitzetan. Datozen bi asteak uretan pasako ditugu eta funtsezkoa de dena ondo babestea. Hiru kanoatan dena ondo orekatu eta fardel guztiak behar bezala lotu ondoren, ibaian sartzeko prest gaude. Ibaiertzean korronte indartsuari begira isil-isilik gelditu gara. Blai eginda gaude eta hotz egiten du. Inork ez du ezer esaten baino gehienok zer demontre egiten ote dugun hemen galdetzen diogu geure buruari.



Kezkaz beterik kanoetan sartu eta bagoaz. Ibaiaren indarra nabaritzen dugu. Kanoak pentsatu baino egonkorragoak dira. Lehenengo arraunkadekin tripetako tximeletak uxatu ditugu eta aldartea alaitu zaigu. Arrano burusoilak inguruan hegan eta bide bazterreko zuhaitzetako adarretan zelatan ditugu. Konturatu orduko Whitehorseko azken etxeak atzean utzi ditugu eta gizakiaren aztarnarik gabeko paisaiaz inguraturik gaude. Atertu egin du eta korronte indartsuak lagunduta azkar goaz. Magikoa da dena eta pozak eragindako garrasiren bat ere bota dute gazteenek. Gaur, 55 kilometro luze dituen Laberge lakuan sartu aurretik geldituko gara.







Dena berria da eta gaua igarotzeko leku bila hasi garenean kezkak esnatu zaizkigu berriz ere. Kanoak ibai bazterrera eraman aurretik, lehendabizi toki egokia topatu behar dugu, ondoren denok ados jarri eta bukatzeko mugimendu guztiak ondo egin behar ditugu nahi dugun tokian gelditzeko eta kanoak ez iraultzeko. Unea iritsi da. Hondartza moduko bat ikusi eta, banan-banan, ondoren hamaika aldiz egingo ditugun lurreratzeko maniobrekin hasi gara. Lurrean salbu eta pozik gaude! Kanoak ur ertzetik atera eta egunero bi aldiz errepikatuko dugun erritualarekin hasi gara: kanoetatik dena atera, dendak jartzeko toki aproposa prestatu, dendak jarri, sua egiteko egurra bildu eta sua piztu, afaria prestatu...




Ordu luze baten ondoren eta kafe kikara bero bat eskuetan paradisuan sentitzen gara. Oso pozik gaude denok. Goizeko azken prestaketak eta estresa, ibaian sartu aurreko urduritasunak eta kezkak oso urrun gelditu dira eta bakoitzak gure barrenak hustutzeari ekin diogu, txantxa eta barre artean. Afaldu ondoren bihar aurretik dugun Laberge lakua izan dugu hizketagai. Urre bilatzaileentzat arrisku handienetakoa zen laku hori igarotzea. Bertako ura oso hotza da eta ia egunero olatu handiak eta haize zakarra altxatzen dira eguerditik aurrera. Goizeko 6:30etan jaiki eta gosaldu, kanpalekua jaso eta kanoak prestatu ondoren 8:00etarako irteteko prest gaude.




Arraunean hasi gara eta korrontea lagun berehala ikusi dugu ibaia zabaltzen. Labergen sartu gara. Itsasoan gaudela dirudi, aurretik ura besterik ez eta aldeetara begiratuta ere oso urrun antzematen dugu bestaldeko ertza. Urak oso lasai daude eta korronterik izan ez arren azkar goaz. Pozak, hala ere, ez du luze iraun. Olatuak altxatzen hasi dira eta arraunketa asko zaildu da. Ez dugu ia ezer aurreratzen. Atsedena hartzea erabaki dugu. Zerbait jan ondoren berriz ere uretan sartu gara. Olatuak pittin bat baretu badira ere haizea zakartu egin da eta arraun egitea are eta nekezagoa da. Bi ordu amaiezinen ondoren enbor lehorrez betetako harrizko hondartza batean gelditzea erabaki dugu. Mapak aztertuta hiru kilometro besterik ez ditugula aurreratu ikusi dugu. Lehertuta eta etsita gaude. Ingurura begiratuta umoreko jartzea ez zaigu batere zaila egin. Makal ederren basoa dugu atzealdean, ateri dago eta natura basati eta birjinaren erdian gaude. Zer gehiago eska genezake? Inguruko muino batera igo gara. Hartzen beldurra baretu bazaigu ere piper minaren espraia eskuetan daramagu badaezpada, eta erne goaz. Tontorretik lakuaren handitasunaz jabetu gara.




Olatuak eta haizea gaur zein goiz zakartu diren ikusita biharamunean oso goiz irtetea erabaki dugu. Bihar, laku osoa zeharkatzeko falta zaizkigun 35 kilometroak egin nahi ditugu.
Goizeko 5:30ean jaiki eta ilunpean abiatu gara. Hotz egiten du, 5ºC besterik ez. Behin arraunean hasita bizkor berotu gara, oinak izan ezik; kanoan oinak beti hotz. Lehendabiziko ordua zoragarria izan da. Arraunak ur bareak hausterakoan sortzen duen soinu lasaigarriak eta iluntasunean joateak oraindik ametsetan gaudela sinestarazten digu. Haizea esnatzearekin, ordea, gu ere errealitatera itzuli gara. Borroka egiteko eguna izango da gaurkoa ere! Ibaian mapekin kokatzea errazagoa da, baina lakuaren bazterrak ez digu erreferentzia garbirik eskaintzen eta GPSrik ekarri ez dugunez ez dakigu oso garbi non gauden. Bost ordu daramatzagu arraunean eta gure ustearen arabera oraindik 10 kilometro falta zaizkigu. Halako batean lurmutur bat zeharkatu eta lakuak jarraipenik ez duela ikusi dugu. Irteera antzematen ez badugu ere gertu behar du, hau poza! Sei orduren ondoren, ibaiaren indarra sumatzen hasi gara berriz ere. Ederra da arraunean egin gabe korronteak eramaten zaituela berriz ere sentitzea. Zati honetan Yukon ibaia nahiko estua da eta bihurgune asko ditu. Nekatuta egon arren ibaiak eskaintzen digun jolasari eutsi diogu. Hiru ordutan 40 kilometro egin ditugu. Ibaian igarotzen dugun hirugarren gaua bada ere, Chilkooteko egunak oso urrunak iruditzen zaizkigu. Ibaia eta oraina besterik ez dago geure buruetan. Liluratuta gaude.



Etorri aurretik Yukon ibaian behera joatea jarduera monotonoa izango zela pentsatzen nuen. Zein oker nengoen! Arraunkada bakoitza, ibaiaren kolorea, zerua, lainoak, paisaia, eguraldia... dena aldatzen da une oro.



Gauerdiero aurora borealak ikusteko ilusioarekin ateratzen naiz dendatik. Gaur ere atera naiz baina gau hotzak berehala uxatu nau eta zakuaren goxora itzuli naiz. Denbora gutxira Josuren garrasiek esnatu gaituzte: aurorak, aurorak!! Ziztu bizian zakuetatik irten gara eta erabat txundituta gelditu gara ikuskizunarekin. Naturaren fenomeno asko txundigarriak dira, baino zeruan sugar berdexkak dantzan ikusteak ez du parekorik. Ipar argiak itzaltzen hasi direnean errealitatera itzuli gara; izoztuta gaude eta presaka dendetan sartu gara.







Egunero 10 ordu inguru arraunean eman arren ibaiko bizitzak erabat asetzen nau. Dena oso erraza bihurtzen da. Kezka guztiak oso primarioak dira eta oinarrizko beharrei lotuta doaz. Jardueraren gozamenarekin gosea, nekea eta hotza bezalako sentsazioak nahasten dira eta kanpalekuko suaren irudia pizten dute gure pentsamenduetan. Arraunkada bakoitza sentsazioen halako errusiar mendia bihurtzen da.




Bihar "Five Fingers" ur bizietako pasartera iritsiko gara. Yukon ibaiak duen zati tekniko bakarra izanik, toki guztietan nabarmentzen dute modu berezian. Gida batean honako hau irakurri dugu: “ur laster arriskutsu hauen ondoren, poliziak sare moduko bat zabaltzen zuen ibaiaren alde batetik bestera, eroritako eta itotako jendea jaso eta identifikatu ahal izateko. Onik ateratzen zen urre bilatzaile bakoitzak zulo bat egin behar zuen eta gorpu haietako bat lurperatu”. Gauean ametsetan dantzan ibili ondoren, ibaian behera goaz berriz ere. Ur bizietara iritsi aurretik gelditu egin gara; den-dena ondo lotuta doala ziurtatu dugu enegarren aldiz eta zein hurrenkeran pasako garen erabaki dugu. Uste baino errazago pasa gara eta algara batean ospatu dugu.




Hartzak bidaia honetako kezka eta ilusio nagusietakoa izan dira eta oraindik ez dugu bat bera ere ikusi, nahiz eta denok ibai ertzak etengabe zelatatzen ditugun. Etsitzen hasiak ginenean Mattinek zerbait ikusi du ibaian. Hasieran zalantza egin dugu, enbor bat izango ote da? Hartza! Hartza da! Igerian doa ibaia alderik alde gurutzatu asmoz. Oso-oso gertu ikusi dugu eta emozioak gainezka egin digu. Eta gauzak zer diren, orain arte hartzik ikusi ez eta lehenengoa ikusi eta ordu betera bigarren hartz bat ikusi dugu ibaian igeri. Bigarren hau luzaroago egon da uretan, eta ibaiertzera iritsita ere lasai ederrean guri begira gelditu da. Ikaragarria izan da!





Dawsonera iristear gaude. Honez gero 9 gau egin ditugu ibaian. Une batzuetan euriarekin, haizearekin eta hotzarekin pittin bat sufritu badugu ere esperientzia gogoangarria izaten ari da. Azken kanpalekua atondu dugu eta arratsalde eguzkitsuaz gozatu dugu ibai ertzean lo kuluxka ederra eginez. Sentimendu nahasiak ditugu: pozik gaude Dawsonera iristear gaudelako baina era berean bidaiaren amaierara iristen ari garela konturatzen hasiak gara eta tristura apur bat ere sentitzen dugu...



Gauean aurorak ikusi ditugu berriz ere eta goiza orain arteko hotzena izan da, 2ºC zero azpitik. Ibaia zoragarri dago, laino lodi batek estaltzen du dena eta Labergeko eguneko oroitzapenak datozkigu gogora. Eguzkia lainoa desegiten ari da gutxinaka eta Yukon ibaiak azken oparia egin nahi digula sentitzen dugu denok. Gaur haizea alde dugu eta korronteak bizkor garamatza. Hala ere, gaur ez dugu presarik, azken arraunkada hauek sakon dastatu nahi ditugu.

Yukon ibaian behera 725 kilometro 10 egunetan egin ondoren Dawsonera iritsi gara. Kanoak lehorreratu eta besarkada estu eta goxoak eman dizkiogu elkarri. Azken erritualari ekin diogu. Kanpalekua atondu dugu azkenekoz.

Garai hartako odisearekin alderaturik gure bidaia oso arina izan da, baina adin oso desberdinetako zortzi lagunon oroimenean betirako geldituko zaizkigu sugarrez tindatutako ilunabarrak, sutondoaren usaina, auroren edertasuna, ibaiaren magia eta Klondike urrun honetan erein dugun laguntasuna, urrea bera baino askoz baliotsuagoa.