Wednesday, August 1, 2012

Blogak bizirik jarraitzen du

Ongi etorriak berriz ere gure lehiotxo honetara!
Azken ilabeteetan nire indarra eta gogoa beste alderdi batzuetan izan dut eta egia esan, behin aria galduta zaila egiten zitzaidan beste eginkizunak albo batera utzi eta berriz ere honi ekitea.
Kitto, garaia da pasa den abuztuan nire buruari jarri non erronkari berrriz ere ekiteko.
Orain dela lau ilabete New York-eko txoko ederrenei errepasoa ematen hasi nintzen eta jarraituko dut, baino gaur azken hilabete hauetako laburpentxoa egingo dut.
Lagun handi asko izan ditugu bixitan: JM eta Ximon; Madrilgo lagunak, Floren, Marta eta beren seme-alabak Miguel eta Luzia; Nire arreba Junkal bere lazkaoko lagunekin NYen izan ziren ere; Ainhoa, Angel eta Ane; Andoni, Masha eta Kattalin; Ixaskun (ama-amona)  eta Maite  eta bukatzeko Junkal eta June. Oso ederra izan da zuek guztiokin gure New Yorkeko biiztzaren tartetxo bat konpartitu ahal izana.
Umeak beisboleko garaiaz gozatu zuten. Asko gustatu zaie eta Marenek eta Eunatek bereziki entrenatzaile apartak izan dituzte; pertsona bezala hazten laguntzen dizuten horietakoak. Hiru ilabete intentso xamarrak izan ziren, entrenamenduak, partiduak…
Xabierrek 7 urte bete zituen.
Marenek bere graduazioa izan zuen. Hemen garrantzi handia ematen diete ekitaldi hauei eta egia esan unkigarria izan zen. Harrigarria ere 13 urteko gaztetxo hauen (edo hauetako batzuen) jendaurrean hitz egiteko gaitasuna. Pare batek hizketaldi ederrak eskaini zizkiguten bertan bilduta ginen 200 pertsonei. Hortan beintzat badugu zer ikasia. High Schooleko aurkezpenera ere joan ginen. Oso itxura ona hartu bagenion ere gogorra izango da Marenentzat eskolaz aldatzea, egunero metroa bakarrik hartzea eta lagun eta irakasle berriekin  moldatu beharra behin berriro ere. Aupa Maren!
Libek bere kurtso amaierako biolako kontzertuak.
Eskolako ikasturte amaierako ekitaldiak...
Ixaskunek oso pozik jarraitzen du bere lanean.  Egindako ikerketa bat "Nature" medikuntzako aldizkari hoberenetakoan argitaratuko diote (orain dela hilabete batzuk Amaia bere lagunarena aipatzen zuen harro, eta begira nondikan…) Gauzak horrela, bere nagusiak beste urtebete gelditzeko eskaintza egin dio, eta itzulinguru asko eman ondoren gelditzea erabaki dugu. Nik soldatarik gabeko baimen bat eskatu dut lanean eta orain xoxak nondik aterako ditugun asmatu beharko dugu!
Dena den umeak ingelesa nola ikasi duten eta egoera berrira zein ondo egokitu diren  ikusita merezi du bertan beste urte bat gelditzea (esfortzu hitza sartzeko intentzioa izan dut baino batek baino gehiagok errieta egingo lidake, dena den, eta ez inorri esan, baino niretzat behintzat esfortzu txiki bat bada).
Nik berriz, egin behar nuen lana bukatu nuen duela aste batzuk; norbaitek bertan kuxkuxeatzeko animoa eta gogoa badu hemen duzue lotura zuzena:
https://sites.google.com/site/gureosasunahobetudezagun/home
kritika konstruktiboren bat egitea animatzen bazarete, jakin ongi etorria izango dela, oraindik gainera irailarte azken ukituak emateko tartea dut, animo beraz!
Bestaldetik, ingelesa ikasteko ahalegin betean ari banaiz ere gehiegi ez aurreratzearen sentsazioa dut.

Gauzak honela, abuztuaren 9tik iraila hasierarte Tolosara itzuliko gara eta ondoren berriz ere back to New York.

Hau guztia bideo batean biltzea luze xamarra izan zitekeen eta oraingo honetan bi egin ditut.
Xabierren (Zeberio, nire koinatua) eta Peio (Ramirez, laguna) azken disko ederretik bi kanta erabili ditut, "mugaldekoak" lehen bideorako eta "urte askoan" bigarrenerako. Irudiekin ez bada musikarekin goza dezazuela behintzat!