Saturday, November 19, 2011

Aspaldiko!

Konturatu gabe bi aste pasa dira azkeneko sarrera egin nuenetik!

Orain arte ez da erraza izan lasaitasun tartetxo bat hartzea eta patxadadaz idaztea edo bideo bat egitea. Atzo hamar astez egin dudan ingeleko ikastaroa bukatu nuen eta hemendik aurrera goizero 6 ordu inguru izango ditut buru belarri nire proiektuari eskaintzeko eta nire denbora hobeto antolatzeko. Ixak azken hilabetean plantan egin du lana, gaixoekin, eta oso pozik egonda ere ordu mordoa pasa ditu hospitalean (ea egunen batean idaztera animatzen den eta bere hitzekin kontatzen dizuen bere esperientzia).
Umeek ere lehen tarte honetako notak ekarri dituzte eta oso pozik daude egiten ari diren esfortzu handia bertan islatuta ikusi dutelako.

Udazken zoragarria izaten ari gara, baina ia konturatu gabe, zuhaitzak kolore gorrizta, hori eta marroiezko soinekoak eranzten hasi dira. Udazkenean beti izaten dira egun magiko batzuk, hostoak mila kolore hartzen dituzte, baina egun batetik bestera haizearen ufadak diztira guzti hori eramaten du eta... bapatean negua iristen da. Gure uhartetxo honek zuhaitz asko ditu eta egun horiek gozatu ditugu, baina nik Central Parkera joan nahi nuen bertako edertasuna ikustea, baian azkenean gauza bat edo beste  ez da posible izan (lehengo larunbatean gerturatu ginen baina hemen goiz xamar iluntzen du egun hauetan).
Irla kattagorriz beteta dago eta jaki goxoren bat eskaintzen badiezu eskura etortzen zaizkizu jatera. Aurki horiek ere nonbait gorde beharko dira nego gorria pasatzeko!

Azken asteetan lagunen bisitak izan ditugu  eta gustora entzun genituen hango zenbait berri zuzen-zuzenean (Mila esker Xabi eta Amaia eta Jabi eta Ana!). Bestaldetik Halloween ospatu zen eta elurtea zela eta ospakizun nagusiak bertan behera gelditu baziren ere, umeek ikastolan antolatutako festekin eta "Trick or treat" goxoki eskearekin ederki gozatu zuten. Beste ospakizun handia New York City Marathon izan zen. Partehartzaile ugari izateaz gain jende pila ateratzen da kalera lasterkariak animatzera. Guk ere bagenuen nor animatu, David, uhartean bizi den lagun Bilbotarra eta korritzera etorri ziren bere beste bi lagun, Inigo Gasteiztarra eta Antonio Madrildarra. Lasterketaren edertasuna, gogortasuna eta giroa azpimarratu zituzten bereziki. Guk dena den ez genuen alderdirik herrikoiena ikusi, oso goiz joan ginen jendea animatzera eta lau ordu inguru egin zutenak arte ikusi genituen, baina badirudi gehiengo batek denbora hori baino gehiago egiten duela eta asko mozorroturik joaten direla (hiru ordu baino azkarrago sartu ziren batzuk edrki mozorroturik zihoazten ere!).

New York "bisitatzeko" era ederra eskaini nahi dizuet orain (mila esker bidaltzeagatik Loli). Hiriaren puntu ezberdinetatik panoramika ikaragarriak ikus daitezke (Central Park edo Chrisler Building klikatuta gure uhartea oso ondo ikusten da. Ekialderuntz jo eta erreferentzi nagusia hiru tximini zuri gorriak dira) klikatu hemen.






4 comments:

  1. Aupa Inigo!!
    Mila esker idazteagatik. Ondo bizi!

    ReplyDelete
  2. aupa famili, hau enbidia maratoiarekin!!!
    Segi bideoak egiten, gertutik jarraitzen zaituztegu.
    Mxu haundi bat, Katta, Jaione, Ander, Masha, Sara eta nere partez.

    ReplyDelete
  3. Kaixo famila!! Asko gogoratu ginen zurekin Andoni, ederki pasako zenuen. Besarkada handi bat zuentzat ere eta ONDO BIZI!!

    ReplyDelete