Monday, October 10, 2011

URTEBETETZEAK


Irailekoak emozio handietako egunak izaten dira gurean. Aurten are eta gehiago.

Maren, Eunate eta Liberen urtebetetzeak sorpresa zoragarriz beteak egon ziren. Xabi, osabak, bibolina joz esnatu gintuen, Larraxatarren etxera hiru egun jarraietan gure printzesa bakoitzaren lagunak bildu ziren Skipe magiko horren bidez, zoriontzeaz gain, tartetxo batean azken kontuak zuzuen-zuzenean elkarri kontatu ahal izateko. Amona, Aitona, osaba-izebak eta zenbait lagunen zorion agurrak jaso... Ederra benetan, mila esker denei!

Hemen berriz gure sare soziala handitzen doa eta urtebeteatzeak hiru otorduen bueltan ospatu genituen. Lehenengoa gure eraikuntza berean bizi diren lagun Alemaniarrekin (horiekin behintzat hitz egin dezaket, nahiko txukun ulertzen ditut eta nik esaten dudana ere ulertzen dute!). Cornelius eta Andrea orain dela bost urte etorri ziren, baina aurreko lau urteak Long Islandeko beste muturrean pasa dituzte. Itsas ertzeko toki nahiko bakarti eta ederrrean bizi ziren, baina Corneliusen laborategia (Hematologoa da bera ere baina ikerkuntzan dihardu) Manhattanera ekarri dute eta, beraz, haiek ere berriak dira irlan (gu baino astebete beranduago iritsi ziren). Hiru seme-alaba dituzte Johanes, 9 urteko tximista, Luisa 7 urteko neskatxa goxoa eta Julius 3 urteko satelitea. Oso jatorrak dira eta oso ondo ari gara moldatzen beraiekin (nahiz eta Cornelius gehiegi ez ikusi, batzuetan 12 ordu pasatzen baititu laborategian). Lehenengo ospakizun honetara gertu bizi diren Finlandiar batzuk ere etorri ziren Mikko eta Karina, beraien hiru alabekin 13, 10 eta 6 urtekoak. Karina unibertsitate batera etorri da irakasle eta senarra arte plastikoetako sortzailea da. Gutxiago egon gara beraiekin baina oso jatorrak dira. Bukatzeko Patxi Iruinarra eta Ainhoa Donostiarra, Julen semearekin etorri ziren, 10 urte daramatzate hemen eta etorri aurretik, eta ezagutu ez arren, laguntza handia eman ziguten. Pentsa zein nahastea, 12 ume 8 heldu, hiru lurralde ezberdinetakoak, lau hobeto esanda, Andrea Errumaniarra baita. Eta zenbat hizkuntza mahaiaren bueltan! Alemaniera, finlandiera, errumaniera, gaztelera, euskara, eta elkar ulertzeko ingelesa. Oso gustora egon ginen.

Hurrengo egunean Pedro eta Stephie (hauek honez gero ezagutzen dituzue) eta Irantzu eta David (Larrasoainarra bata eta Bilbotarra bestea; orain dela hilabete etorri ziren eta azkenean hauek ere irlan bukatu dute) bere alaba Leire bihurritxoarekin etorri ziren afaltzera eta bigarrengoz urtebetetzeak ospatzera. Oso jende jator eta atsegina da.

Horrenbeste ospakizunen ondoren besterik ez egitea erabaki genuen, baina Andreak nire urtebetetzea zela jakin zuen eta berak gonbidatu gintuen bere etxera afaltzera. Ez da oso ohikoa izaten jendeak bere etxea irekitzea, eta gutxiago horren gutxi ezagututa... Bikain apaindutako mahaiaren inguruan afari ederra eta solasaldi atsegina izan genuen. Mila esker Andrea!

Egunerokoa berriz, ez zaigu asko aldatu, baina pasa den ostiralean Xabierrek oso erantzun polita eman zidan "gehiago ulertzen al diozu Andereinori?" galdetu nionean: "ez, baina ondo pasatzen det". Psikologoaren txistearekin gogoratu nintzen (ez dakizuenoi beste batean kontatuko dizuet, gaurkoz nahiko luze doa eta).

Larunbatean lehenengo bisita iritsi zitzaigun, Mari Karmen, gure adoptatutako "amona". JFK airportera joan ginen bere bila subway (hemen ez okurritu metro edo underground deitzea) eta trenean. Gezurra badirudi ere umeak gauza guztiekin txunditurik eta algaraka "begira hara" "ikusi hau" ... Poztu nintzen beren irrikia ikusita, batzuetan izaten ari diren horrenbeste estimuluekin harritzeko gaitasuna galtzen arituko ote diren pentsatzen baitut; baina zorionez, momentuz ez da horrela, inolaz ere. "ONGI ETORRIA MARI CARMEN" zioen kartela eta guzti joan ginen, baina gu iritsi orduko Mari Carmen han zen, gure zain. Ah ze muxu eta besarkada! (niretzat nahi nituzke askotan!). Etxerako bidea bata besteari hitza kenduz egin genuen. Beste gauzen artean, Mari Carmenek opari eder-eder bat ekarri zuen, Ander eta Xabierren gelakide eta lagunek egindako marrazki zoragarriak. Txora-txora eginda ikusi zituzten. Mila esker denoi (ume, aitatxo, amatxo zein andereinoei).

Esan bezala iraila emozioz betetakoa izaten da gurean. Ospakizun ugari eta oroimen garratz bat. Aurten Antxonen heriotza hilabete berezi honi gehitu zaio. Urriak ere berri goibelak ekarri dizkigu Alegitik. Txoko honetatik besarkadarik goxoena hiretzat Silber eta hirekin kolpe latz hau igarotzen ari diren guztiei, Rakel maite zuten guztiei. Urruti egon arren zuen mina gure sentitzen dugu.




2 comments:

  1. kaixo Andu:
    Ikaragarri estimatu dizkiat hire elkartasun adierazpenak; bai anaiari bidalitako mezuan eta bai hemen, hire blog-ean, azaldutakoak.
    Emazteak Mireni bidalitako mezua irakurtzeko satisfazioa ere izan diat.
    Asko luzatu ahal izango niake komentario hau, barruan dizkiaten emozio guztietaz hizketan hasiz gero. Baina nire ustez bi emoziok nahikoongi biltzen dizkiate beste guztiak, bata samina dek, bikotea galtzeak zekarken samina; eta bestea esker-ona dek, jendearen elkartasunak sortzen zidaken jendearekiko, herriarekiko eta batez ere familiarekiko esker-ona.
    Gero arte Andu, eta izan zoriontsu.

    ReplyDelete
  2. Si me dijeran pide un deseo,
    Preferiría un rabo de nube,
    Un torbellino en el suelo
    Y una gran ira que sube.
    Un barredor de tristezas,
    Un aguacero en venganza
    Que cuando escampe parezca
    Nuestra esperanza.
    Si me dijeran pide un deseo,
    Preferiría un rabo de nube,
    Que se llevara lo feo
    Y nos dejara el querube.
    Un barredor de tristezas,
    Un aguacero en venganza
    Que cuando escampe parezca
    Nuestra esperanza

    Silvio Rodriguez

    Besarkada bat.

    http://www.youtube.com/watch?v=-XiTi7083bk&feature=player_detailpage

    ReplyDelete