Monday, April 8, 2013

Udaberriaren zain

Gaur epelago esnatu da eguna. Bazen garaia! Azken hiru hilabeteetan oso egun gutxitan izan gara zero gainetik. Hau hotza pasa duguna! Pasa den astean beisboleko sasoia hasi zen eta badirudi horrekin batera udaberria kalean pasa beharko ditugun orduak goxatzera etorri dela.
Negua luze egin zaigu. Tenperatura baxuak eta bixitari gutxi izateak  lagundu dute horretan. Azken asteak berriz oso mugituak izan dira. Xabier (koinatua) eta Josuren bixita izan genuen. Ixak eta Xabik Manhattango maratoi erdian parte hartu zuten, ederki parte hartu ere! Sekulako hotza pasa arren esperientzi ahaztezina izan zela diote biok. Aste horretan ni Lazkaora joan nintzen. Bakarrik itzulita nire aitaren etxean gelditzea erabaki nuen. Azken finean bidaiaren arrazoi nagusietako bat berarekin ahalik eta denbora gehien igarotzea zen eta. Bigarren arrazoia Donostian ospatu zen Beteranoen Europako txapelketa zen. Polita izan da horrelako txapelketa batean etxean partehartzea. Familiartekoak eta lagunek sekulako harrera egin zidaten eta aste ederra pasa nuen, baina hala ere, sentsazio arraroak izan nituen; "etxean" egon arren ez nintzen etxean bezala sentitzen. Nongoak garen galdetzen digutenean toki fisiko bat aipatu ohi dugu. Gehien maite ditudan horiek dauden tokikoa naizela erantzungo nuke nik orain.
Xexar eta Mirian eta Maddalen eta Deñe izan ditugu apopilo baita ere.
Orain egun gutxi duela bi hilabete grabatutako irudiekin egindako saioa bota zuten telebistan. Zintzo esango dizuet beste zerbait espero genuela. Saioaren formatoa ez zitzaidan gustatu. Irudiak azkarregi montatuta, bata bestearen gainean ia, zenbait pasarte behin eta berriz errepikatuta... Hala ere, hori hautu tekniko bat besterik ez da eta horretan nik ez dut ideiarik eta nire ezjakintasunetik ematen dut nire iritzia. Bestetik, irudiak grabatzerakoan guk ez genekien oso garbi saioa nondik nora joango ote zen. Lan esperientzien inguruan izango zela bai baino ezer gutxi gehiago. Nire ustez, horrelako programetako interes handiena jendearen bizipenak dira eta saioak ez du hori gehiegi azaldu, datu orokerretan gelditu da baloitzaren bizipenei kasu gehiegirik egin gabe. Gu zertan ari garen eta nola sentitzen garen baino gehiago etortzeko tramiteak errazak izan ote ziren jasotzea interesatu zaie... Nire ustez askoz ere saio interesgarriagoa egiteko aukera galdu dute. Bada gehiegi gustatu ez zaidan beste gauza bat. Olatz Arrietak (bere lana oso ondo egin zuen eta oso atsegin egon zen gurekin) gure blogetik irudiak hartzeko baimena eskatu zidan eta arazorik ez genion jarri. Gauza bat da irudiak baimenarekin hartzea eta beste bat irudiak ETBkoak balira bezala azaltzea ("irudi hauek familiak utzitakoak" edo azaldu behar litzateke). Gainera gure bizitzari buruz ezer gutxi esan eta bapatean gu jolasean eta patinatzen azaltzea pittin bat tokiz kanpo ikusi nuen. Are eta gehiago irudi horiek etorri berriak ginenekoak zirenean, orain dela 20 hilabetekoak eta udarakoak, saioakoak 5 gradu zero azpitik egiten zuen negu gorriko egun batean grabatuak izan zirenean...
Saioan guk esandako gauza asko azaldu ez zirenez ideia pare bat sakondu nahi nituzke. Zertan da desberdina hemengo lan egiteko era eta hangoa? Gure esperientziaz idatziko dut. Ez dakit zein puntutaraino orokortu daietekeen... Guk gizarte askoz ere meritokratikoagoa topatu dugu. Hemen nondik zatozen ez du garrantzi handirik. Egiten duzuna ondo egiten ote duzun da gehien inporta zaiena, Indiarra, Europearra, Afganoa, Txinatarra... ote zaren kontuan hartu gabe. Zure lana ondo egiten baduzu ondo, bestela aukera asko dituzu esplikazio gehiegirik gabe zure burua kale gorrian ikusteko. Honek alde onak eta txarrak ditu. Ez naiz horretan luzatuko, norberak azter ditzala alde txar eta on horiek. Futbol profesionalaren (edo diru asko mugitzen duen goi mailako beste kirolen bat) kontratatzeko eskemekin egiten dut konparazioa. Bertan talde bakoitzaren gaitasunen arabera jokalari edo entrenatzaile hoberenak kontratatu nahi dituzte eta gauzak bide onetik ez doazenean jokalari edo eta entrenatzailea aldatu  eta "hobe" baten bila doaz. Hemengo lan merkatua hala da.
Hemen bestaldetik "egin beharreko zerbait duzu" eta hori bukatzeko data konkretu bat. Dagokion egunerako lana behar bezala eginda dagoen bitartean, zu nola antolatzen zaren ez zaie horrenbeste inporta. Ni ez naiz sistema kapitalista gordinaren defendatzailea baino hemen konpetentzia hain da handia, zure bizilagunak eskeintzen duenaren parean ez bazaude zureak egin duela. Euskadin berriz, eta batez ere administrazioan, hau da Hezkuntza eta Osasungintza publikoetan gauzak ez dira beti horrela ikusten. Nire ustez funtsezkoa da, gure neurrian, ahalik eta zerbitzurik hoberena eskaintzen saiatzea eta nire esperientziak erakutsi dit han gauzak ez direla beti horrela. Maiz "apoltronatu" egiten gara gure seguridadean. Noizbait honako kontzeptua entzun nuen "cliente cautivo", eta batzuetan gure ikasleak eta pazienteak horrela ikusten ditugula iruditzen zait. Honen gainean luze pentsatzeko ideia interesgarria iruditzen zait.
Nahi baino gehiago luzatu naiz eta agian egunen batean denbora gehiago hartuta gai honi buruz nire iritzia zabalago eta hobeto argudiatuta azalduko dizuet.

Egun batzu barru bideoa...

No comments:

Post a Comment